Hutsune guztiak beharrezkoak dira.
Mundua »
Hil zen egunetik hona ez da egun bat bera ere pasatu berari buruzko albisterik gabe. Alabaina, albiste guztiek beren alde iluna, eszentrikoa eta ikaragarria azpimarratu dute. Komunikabide batek ere ez du nabarmendu bizitzan zehar 300 milioi dolar baino gehiago eman zituela dohaintzan. Pop izar eskuzabalenaren Guiness Errekorra du, izan ere.

Michael Jacksonen eskultura. CC-by: Sjors Provoost
Duela hamahiru egun zendu zen Michael Jackson polemikoa. Ingeleraz, famous esaten zaio ezagun bezain estimatua den pertsonari eta, notorious, fama txarra izategatik ospetsua den horri. Munduko komunikabideen arteko eztabaida piztu egin da: bietatik, zer ote da Michael Jackson?
Aukera edozein dela, polemikoa izan zenik ezin ukatu. Ukan zituen gaixotasunak, egin zituen operazioak, ume eta gaztetxoekin izandako harreman arraroak –Justizia estatubatuarrak errugabetzat jo zuela azpimarratu behar-, eraiki zuen ametsetako jauregia…
Jackson anaietatik gazteenaren bizitzan ezer ere ez da izan ohikoa; eta egin dituen gauza guztietan bera izan da lehena, nagusia. Disko gehien saltzen zituen artista izan gura zuen moduan, diru gehien ematen zuen izarra izan nahi zuela ematen zuen: berdin zitzaion Diana Printzesaren erakundeari 100.000 dolar ematea ospitale bat eraikitzeko ala milioi bateko txekea sinatzea Nelson Mandelaren proiektu solidarioak bultzatzeko.
Diru laguntza zuzenen bitartez izan, zein bere irudia erabiltzea ahalbidetzeagatik izan, 300 milioi dolar eman zituela kalkulatu du The Source aldizkari newyorktarrak. Zifrak, horrela emanda, ez digu ezer adierazten, kopuru batetik gorakoak, lurtarroi, berdin zaigulako 5 edo 15; baina, bere ondareren herena dela esaten badigute, zer? Nabarmen aldatzen da zifra horren esanahia, ezta? Bada, 36 GKEren artean banatu zuen Jacksonek bere jabetzaren %33a. Eta ez hori bakarrik, testamentuan ere, hil ostean GKEek dirua jasoko zutela idatzi zuen. Bera txikia zenean txarto tratatu zuen bere aitarentzat ezer ere lagatzen ez duen testamentu horretan.
Mel Wilsonek, Heal The World fundazioaren presidenteak, zera esan zuen heriotzaren berri izan ostean: “Michaelek solidaritatean sinesten zuen eta mundua aldatzea zuen amets (…). Lur jota gaude inoiz izan den artista solidarioenaren heriotzagatik”.
Ezinezkoa da bere biografia solidarioa artikulu labur batetan sartzea, baina, 2000. urtean, Pop izar eskuzabalenaren Guiness Errekorra jaso izana horren adierazgarritzat jo genezake. Bere ingurukoek ere, artista handiaren urratsak jarraituz, webgune ofizialean fan guztiei dei egiten diete GKEren bati diru laguntzak emateko: “Michaelen benetako jarraitzailea baldin bazara eta bere memoria ohoratu gura baduzu dirua emaiozu berak laguntzen zuen erakunderen bati”. Seguru asko horixe izango zen Jacksonen desioa, eta ez, agian, bart, Los Angelesen, egin dioten show-hileta.
Michael Jacksonek diruz lagundu zituen GKEen zerrenda
GAIAK: gke Michael Jackson solidaritatea
Iruzkinak(0 iruzkin)
Idatzi zure iruzkina
Bidalketa honek, oraingoz, ez du iruzkinik jaso.
Idatzi hemen zure iruzkina
Oharra: derrigorreko datuak izartxoz (*) ageri dira.
Bidalketa honi trackback egiteko URI helbidea
Bidalketa honen iruzkinen RSS jarioa