Hutsune guztiak beharrezkoak dira.
Kale izkinak narrats esnatu dira,
jendearen bataz besteko adina igo da goizean
kaleetan.
Eroskiko karroak ur ertzean itota,
botila ugari hondarretan… baina mezurik ez.

Sagar bat mareak ekarria
Nahiago ditut sagarrak aurkitu, ur ertzera hurbiltzen naizenean. Nahiago dut soilik urrutira begiratu eta bete ezin diren ametsetan pentsatu, baina gaur goizean ez. Gaur goizean hondarretara begiratu eta botilak miatzen egon naiz, ea amak umetan esaten zidan bezala, mezuren bat aurkitzen nuen urrunetik itsasoak ekarria. Botilak bai ugari, kolore eta material askotakoak, baina gutun misteriotsurik ez… botila haina hutsune, botila haina astelehen, ostegun batez. Nahiago ditut sagarrak aurkitu ur ertzera hurbiltzen naizenean. Nahiago dut urrutira begiratu eta bete ezinezko ametsetan pentsatu. Baina gaur goizean ez.
Euskal Jaietako egun handia igarota zarautz ajearekin jaiki da, dutxa ederren baten beharrean. Kaleetako bataz besteko adina 40 urtetik gorakoa da eta kale narrasek gure jai-giroko jarrera biluzten dute. Hondartzak gure lotsak azaleratzen ditu.
Ez ote da bada egia izango gazteok lotsagabe eta arduragabe koadrila bat garela?
Nik nahiago dut sagarrak aurkitu ur ertzera hurbiltzen naizenean, nahiago dut urrutira begiratu eta bete ezinezko ametsetan pentsatu. Baina gaur goizean ez.
GAIAK: ametsak astelehena botila Euskal Jaia festa gutuna Hondartza lotsa mezua pestondoa Zarautz
Iruzkinak(3 iruzkin)
Idatzi zure iruzkina
2009/09/10 @ 23:48
Oso ona benetan
Atzo Zarautzen ibili nintzan parrandan ta hondartzara begiratu eta zuk deskribatu duzuna ikusi nuen…
Botila ugari, baina mezurik ez.
2009/09/11 @ 16:32
Hondarribi ere ajearekin esnatu da gaur..
2009/11/08 @ 13:33
Ados nago zuekin, edozein festa pasa eta gero bazterrak zikin zikinak geratzen direla. Baina arritzekoa da. Edozein pertsonarekin hitz egiten baduzu gaiari buruz oso gaizki iruditzen zaie, eta haiek ez dute horrela egiten. Eta festetan denetatik badago gazteak eta zaharrak ere. Orduan, botila ugari, mezurik ez eta botatzen dituztenak mamuak dira.
Idatzi hemen zure iruzkina
Oharra: derrigorreko datuak izartxoz (*) ageri dira.
Bidalketa honi trackback egiteko URI helbidea
Bidalketa honen iruzkinen RSS jarioa