Erlea lanean, lilia denean

Erlea lanean, lilia denean
cc-by-sa: zuzeu

Bata eta beste esaten da Atxagari buruz bazterretan —batez ere idazleen arteko marmarretan—, baina izan gaitezen zintzoak, behingoz, eta eman diezaiogun Zesarri Zesarrena: handienetarik dugu asteasuarra gure literaturan.

Ezin, ordea, geratu soilik aitortza horretan: eragintzan ere handienetarik dugu asteasuarra. Zenbat hitzaldi eta kilometro bizkarrean, zenbat enbaxadore-lan kobratu gabeko, zenbat harreman denon mesedetan… eta nolako obsesio sakon eta iraunkorra literatura aldizkari baten existentziaz: Pott, Garziarena

Euskaltzaindiak eskaintzen duen plataforma erabili du milagarrenez saiatzeko beste inork lortu ezin duen gintzan. Horrelaxe sortu da Erlea. Eta egiten duen oro bezala, bere-berea atera zaio oraingoan ere. Beti egin du hala, beti inguratu da lagunez proiektuei ekiterakoan (fidela da horretan), baina emaitza kolektiboak lorturik ere,  bere usainez kutsatuak izan ohi dira beti (Henri Bengoa Inventarium etc.).

Erlea hau ere halakoxea da. Deialdi zabal bati erantzun diote hainbat idazle profesionalek, Euskaltzaindiaren itzalpean argitaratu da… baina, finean, oso Atxagarena da Erlea hau.

Atxagak aireratu du 1.700 irakurleren esperoan direla, bakoitza 12 euro ordaintzeko prest, lau hilabetetik lau hilabetera. Bitez edo betoz, bietara. Zeren eskaintza ez baita txantxa, orain arte irakurritako herentxoaren arabera.

Esango duzue ezagutza apurregia dela nire herentxoa juzku zuzena egin ahal izateko, eta baliteke benetan hala izatea, baina ez dut uste oker nabilenik derrigorrean: ez da ezti poto osoa jan beharrik, ezti onari antzemateko.

Esango dut zergatik.

Aldizkari eder horietakoa da lehen begiratutik. Diseinu zuribeltz zurruna gorde du, idazle jendeari gustatzen zaigun moduan. Garaikidea da estetikan, baina mundu zaharrak erakusteko moduan, batere karrankarik atera gabe, gainera. Gustatu zait tamaina, pisua, paperaren loditasuna… dena.

Gaien aldetik ugaria da oso. Eta bai, Atxagaren Nevada horretatik gehitxo egon daiteke norbaitentzat (neu tartean), baina hainbesteko lizentzia mereziko du(te) ba, egileak eta bere lagunek. Gainera, nori egiten dio traba hainbesteko gai ugaritasunaren erdian? (Laxaltarrak gehiago maite ditut orain, lehen baino. Douglas ere antzera).

– Gauza asko egin zait deigarri, ia denak gustagarri. Baina aipatu nahi ditut hiru, bereziki iruditu zaizkidanak apartak, batez ere forma aldetik hartuta.

Baga: Bernardok berak egindako elkarrizketa Marisol Bastidari, Mikel Laboaren alargunari. Aspaldi nion entzuna “objektuen kontua” Bernardori, baina orain ulertu dut zer eta nola: gauza txikien bitartez (pegamentua, penizilina poto bat, jostailu kaxkar bat…) konta daitekeela osorik mundua. Laboarena, oraikoan.

Biga: Lau poetari eskatutako kolaborazioa: esplika dezatela euren poemetako baten nondik norakoak. Izagirre, Lete, Artze eta Uribe, nor beraren kriseiluaren argi propialetan. Aparta. Zorioneko aurkikuntza.

Higa: Azkenaldiko liburuak izeneko tartea. Sei irakurle ospetsu eta azkar, azken aldian irakurri dituzten liburuez ari dira, nik uste, emailaren teknika erabilita.

– Segi nezake horrela beste mila ertz eder aipatzen baina Interneten ezin dela luze idatzi esaten da. Legea dela hori. Hala ere, gauza onenen arteko beste bat, gonbidatutako idazleen arteko desberdintasuna. Gaien bestekoa bai, gutxienez. Eskertzekoa.

Bai, hobetzekoak ere badira. (Erleak eztia eta eztena).

Erlea lanean, lilia deneanEsate baterako, ez dela esaten zein hizkuntzatan sortuak diren idazle ez-euskaldunen idazlanak. Pablo Antoñanarenean ez litzateke kostako gaztelaniatik itzulia jartzea, eta gauza bera ingelesetik edo besteren batetik denean.

Gezurra badirudi ere, ez zaizkit gustagarrienen artekoak egin, idazleen espezilitate direnak, batez ere narrazioak. Nahiago nituzke idazle horiek harritzen gaituen beste lan bat egiten ikusi Erlean, baina, jakina, gehitxo eskatzea izango da.

Eta idazleek egindako lan zaharrak ez berrerabiltzea ere eskertzekoa litzateke. Hitzaldiak eta antzekoak. Eta ez diot hau daudenak txarrak direlako, baizik eta merezi ez duen dejá vu zantzu bat ezartzen diotelako aldizkariari, batez ere. Esan nahi da, Erlearentzat berariaz sortutakoa izatea materialaren ehunetik ehun, salbu eta aipatu beharreko testu erreferentziazkoak.

Eta abar eta abar. Baina ixiltzera noa, Interneteko irakurketa fragmentatuaren izen sainduan. Ez, ordea, lehenago eskerrak eman gabe, irakurle nauten aldetik, Bernardori, bere koadrilari eta nola ez ba, Euskaltzaindiari. Eskerrik asko, benetan.

Erlea lanean, lilia denean

ALUA MUNDUA ! Idazlea, kazetaria, gidoigilea, blogaria... Euskaldunon Egunkaria eta ZuZeuren sortzaileetakoa. ETBn hamaika saio zuzendu eta aurkeztutakoa. (Argitaratutako Liburuak)

4 pentsamendu “Erlea lanean, lilia denean”-ri buruz

  • Aritz Galarraga 2009-10-09 12:33

    Ederra testua, Hasier. Oraindik ez daukat esku artean, eta ez dut aukerarik izan osorik irakurtzeko, baina itxura ona hartzen diot nik ere. Azken aldiko liburuak atalari dagokionez, emailaren teknika ez, baina ia: foro bat izan genuen, aste betez edo, liburuen gainean hitz egiteko. Gero hortik edizio lana egin zen eta aldizkarian agertzen dena da emaitza.

  • Erlearen gainean, bi kezka eztitsu ditut:

    Lehenengoa prezioa. Sozializaziorako izateko, kutsu akademiko/elitista ikusten diot preziotik hasita. Liburu baten salneurrian… lau urtean, ez dakit 12 euro garestiegia iruditzen zait.
    Athletic edo Errealaren aldizkari bat ez dut prezio horretan irudikatzen.
    Musika aldizkari espezializatu bat ere ez, gutxiago CD barik.
    Literatura, hizkuntza prestigiotu eta sozializatzea bada helburua, prezioak, hasteko popularra behar luke. Agian, erratuta nago eta beste bat da helburua, beste bat publikoa. Agian…

    Bestetik, sarean ez agertzeak, ez egoteak kezka sortu dit hasieratik. Nola dateke Informazioaren aroko proiektu komunikatibo batek ez izatea isladarik sarean…. momentuz?
    Erleak sarea behar, lorarik lora ibili dadin…

  • Aritz Galarraga 2009-10-09 15:24

    Ez dut ezer zuritu nahi, baina irudipena daukat, aldizkaria ateratzearen kostuak izan dezakeela zerikusirik merkatuan hartu duen prezioarekin. Kolaboratzaile zerrenda luzea ikusita bakarrik (30 inguru, Berriaren arabera), eta horien lana duin ordainduta (ezen, horren alde gaude, ezta?), dirutza ateratzen zait niri dagoeneko. Bestalde, erabat ados, Patxi, sarean izan beharko lukeen presentziarekin.

  • Eguerdi on Hasier and company:

    Ez diot kasu askorik egin aldizkariaren berri emateko periodiko eta gainerako komunikabideetan atera diren albisteei, baina, kontxo, hau irakurrita aukera bat merezi du.

    Erosiko dut.