Hutsune guztiak beharrezkoak dira.
Krimen, / krimen arteari. / Arteari kirmen, / Kirmen. / Erantzun kirmentasunez Kirmen Uribe.

Ileak eta hautsa irenstea bezala
Goizean goiz jaiki eta bazoaz. Utzi duzu ohea, utzi dituzu ‘Heliodoro La Torre’ kale oraindik arrotzeko, pisu arrotzeko, gela arrotzeko, ohe arrotzeko, zure maindire eta mantak. Oraindik nagiren batek jarraitzen du itsatsita aurpegiko zimurretan. Goizeroko maskara bera ezin erantzi. “Adina izango da”, pentsatu duzu. Inozoa.
Hankutsik moketa zarpaila oinen pean nabari, eta berotasuna mantenduz, sukaldera zoaz kikara bete esne epel edatera. Inoiz baino zailagoa egin zaizu marmolezko baldosetara egin beharreko pausoa. Hoztasuna buruko azken ilera iritsi zaizu. Hotzikarak hartu dizu gorputza, eta ez du askatu nahi.
Esnea tragoz edan duzu moketaren beroa berriz sentitzeko irrika larriz. Nahiago berotasun mota hori. “Unean unekoa da garrantzitsua”. “Zein ondo orain”.
‘El País’ egunkaria geroz eta meheago argitaratzen dute. “Krisia iritsi ote zaie Prisakoeri ala?” Jesarri zara, astelehen buruzurietan egin ohi duzun legez. Lasaitasunez ‘gaurkotasunez’ janzteari ekin diozu, kalean hotz egiten baitu sasoi honetan.
Kirmen Uribek narratiba saria irabazi duela dio titularretako batek. Deigarria, polita, gustukoa zaizu berria. “Hori da hori meritua!” Lorpen bat da euskararentzat, edo hala deritzozu behintzat. Bizkor jo duzu albistea agertzen den orrialdera…
Orrialde osoa berari dedikatua. Argazki handi bat, Uribe pozik. Albiste mardula. Azpian iritzi misteriotsu bat; azpirago sinadura, “Patxi Lopez es lehendakari” Eguna arraro hasi duzu gero… harriduraz gainontzekoaz pasa eta Patxirena irakurtzen hasi zara: Begirada zorrotz, eskuko bi hatz trebeenekin sofa azpian dauden ile pare bat hartu eta mihiaren puntan ipini dituzu. Mahaiaren eskuineko hankaren alboan dagoen bolatxoa ikusi eta ahoan sartu duzu ileetatik pare bat milimetrora. “Ñam ñam” Ahoa itxi eta irensten saiatu arren, ezin duzu.
(Patxi Lopezen artikulua)
Krimen,
krimen arteari.
Arteari kirmen,
Kirmen.
Erantzun kirmentasunez Kirmen Uribe.
Iruzkinak(2 iruzkin)
Idatzi zure iruzkina
2009/10/22 @ 12:45
Egia esan, nik eleberria irakurri nuen, baina ez nuen oso gustuko izan…
Kontu estetikkoa, literarioa, nonbait. Geroago Patxiren gorazarrea etorri zen, eta orain hobe dut isiltzen banaiz, ze igoal lburuaren gaineko nire iritzi negatiboa politiko bihurtuko zait nahi gabe. Baina tira, Arestik ere bereak jasan zituen frankismoak sortutako Iparragirre saria onartu zuenean…
2009/11/02 @ 09:58
Beno, nonbait ni oso pertsona arraroa naiz. Izan ere, gauza harrigarria gertatu zait: Kirmen Uriberen “Bilbo, New York, Bilbo” irakurri dut eta asko gustatu zait. Literatura kontuetan oso modernoa ez naiz, oso tradizionalista ere ez, dexente irakurtzen dut (lagun batek etengabe hornitzen nau liburuz)eta kazetaria naiz lanbidez. Alegia, euskal irakurle normal normala, ez kritiko literarioa eta ez ezjakin konpletoa. Dagoeneko urte batzuk baditudanez eta pixka bat espabilatzen hasita nagoenez, gazte garaiko akats batzuk gainditzen ari naiz: hemeretzi urterekin, hasitako liburua ez bukatzea pekatua iruditzen zitzaidan, baina aspaldi honetan lasai asko uzten ditut eta liburutegira itzuli, aspertzen banaute. Jakina, ez dut izenik esango, baina aurten bertan lau euskal nobela hasi ditut eta bakarra bukatu; Uriberena. Utzitako horiek hain pisuak gertatu zaizkit, hain fikzio-fikzio-fikzioak, hain urrutikoak nire eguneroko bizitzatik… Uriberena ez da nobela bat izango, beharbada, baina nire iritzi apalean gaur egun egin behar den literatura mota da, besteak gutxietsi gabe, jakina. Erreferentziak gertukoak, gozo idatzia, irakurterreza… ia periodistikoa, eta niri testu mota hori gustatzen zait. Autofikzioa edo autobiografia den ez dakit, inporta ere gutxi. Nire kasuan, kotoiaren froga gainditu du: liburua hasi eta bukatu. Beste kontu bat da Uriberen inguruan montatzen ari den kristoa, marketing-a dela, sariak direla, Patxi Lopezen gutun aluzinante hori dela, kritikoek ematen dioten egurra dela; hor bakoitzak izango du bere iritzia (neuk ere badaukat), baina kontu extraliterarioak dira horiek denak. “Erlea” erosi dut (ederra aldizkaria, bilduma egiteko modukoa) eta egurra Uriberi, atzoko Berrian egur gehiago… neu ote nago zeharo tontotuta? Leitu egin behar dira, gero, Iratxe Retolaza “literatur kritikoak” botatakoak; “familiaren instituzio tradizionalari oso lotua”, “onbera”, “euskal kulturaren eta jendartearen irudi heldugabea eta txikia”… Baina zer kristo egin behar zuen Uribek, familia tradizionala txikitu Iratxe gustura geratzeko eta bere bedeinkapena emateko? Iratxek esango ote du bakoitzak zer familia motari iritzi behar dioen egokien? Gurea jesukristoren kultura dela aldarrikatu behar al zuen Uribek, izugarria, AEBen parekoa gutxienez? Ba al daki Iratxek “Erlea”k 1.700 ale bota dituela eta oraindik salgai daudela liburudendetan? Hori da gure kulturaren benetako indarra, ez gaitezen behin eta berriro engainatu.
Bada hori, irakurri dudala “Bilbo, New York, Bilbo” eta hemendik zoriontzen dudala Uribe.
Idatzi hemen zure iruzkina
Oharra: derrigorreko datuak izartxoz (*) ageri dira.
Bidalketa honi trackback egiteko URI helbidea
Bidalketa honen iruzkinen RSS jarioa