Hutsune guztiak beharrezkoak dira.
Aste honetan polemika gai bihurtu zaigu hauteskundeen aniztasuna eta proportzionaltasunaren inguruko eztabaida klasikoa. Alderdi popularreko Leopoldo Barreda eta Iñaki Oyarzabalen eskutik etorri da matraka. 2000. urtean muga hau ehuneko bostetik hirura jaitsi izana EAJren trikimailu elektoraltzat jo dute eta geroago gobernukide izango zuen Ezker Batuari laguntzeko espreski hartutako neurria izan zela kritikatu. Nahiz eta EAJ eta PSEtik etorri diren ezetzek hauteskunde legearen erreformarik ez dugula ikusiko aurreikusten duten, legezko mugaren balizko aldaketa batek ondorio guztiz negatiboak ekarriko lituzke momentu honetan Eusko Legebiltzarrean ordezkaritza testimoniala duten alderdi txiki ahulentzat.
EAEko ordezkaritza politikoa, JB, Creative Commons By SA
Hauteskunde muga (legezko muga bezala ere ezaguna) hauteskundeetan aulkien esleipenean parte hartu ahal izateko alderdi batek aurkezten den barrutian gainditu beharreko boto portzentajea da. Neurri elektoral honen funtsa gehiegizko alderdi aniztasuna ekiditean datza, teorikoki ez baita onuragarria sistema politikoa gobernatzeko gehiegizko aniztasuna eta adostasun eza, parlamentuan ezberdin pentsatzen duten jende gehiegi edukitzea ezegonkortasun politiko eta instituzionalarekin lotze baita. Hala ere, esan behar da paperetik errealitatera aldea badagoela, EAEn historikoki ez baita gobernu ezegonkortasun handirik izan, nahiz eta ia gobernu guztiak (lehena eta orain boterean dagoena ezik beste guztiak) koalizioak izan.
Jo dezagun orain arteko emaitzak aztertzera eta neurri ezberdinak aplikatzera. Mugaren jaitsiera 2000. urtean burutu zen eta ordutik hiru aldiz izan ditugu hauteskunde autonomikoak EAEn. Bai 2001eko bai 2005eko hauteskundeetan muga aldaketa honek ez zukeen inolako eraginik izango, ordezkaritza lortu zuten alderdi guztiek probintzia bakoitzean, hots, barruti bakoitzean, bozken ehuneko bosta gainditu baitzuten. Joan den martxoko hauteskundeetan ordea muga horrek izango zituen ondorioak aplikatu izan balitz, gehienbat, alderdi txikiek emaitza oso apalak eskuratu izanaren ondorioz. Batetik, EB eta UPyD parlamentutik kanpo genituzke; EA berdin, bere ordezkari gipuzkoarra mantenduko bailuke baina Aralar Araba eta Bizkaiko legebiltzarkiderik gabe geratuko litzateke (nahiz eta Gipuzkoan hirugarren ordezkaria erdietsi). Irabaziak lortuko lituzketen alderdiak PSE eta EAJ izango lirateke, lehena bi parlamentari gehiagorekin eta bigarrena batekin. PPren ordezkaritza ez litzateke aldatuko.
Ibilbide honen amaieran iluntasuna besterik ikusten ez dutelako PPren proposamena sutsukien kritikatu duten alderdiak Gasteizen ordezkatuta dauden lau alderdi txikiak izan dira. Pluraltasuna eta ideia askatasunari behin betiko amaia jarri nahi izana egotzi dute eta alderdi handiek boterearen eta jarrera politikoen monopolioa eskuratu nahi dutela. Hala ere, beti gogoan eduki behar da aldaketekin ate bat ixten bada, leiho bat irekitzen dela. Hauteskunde sistemak aukera emango luke, batetik, UPyD bezalako momentuko “apar alderdiak” jokoz kanpo uzteko, zeinak handitu eta egonkortzeko inolako aukerarik ez duten jendeak bozkatu dituen ideia zurrunak baztertu gabe. Bestetik botoa oso lokalizatuta edukitzeagatik ikuspegi orokorra galtzen duten alderdiak legebiltzarretik kanpo geratuko lirateke (batez ere hauteskunde sistemak Araban duen izaera dela-eta kontuan edukitzeko faktorea). Abertzaletasuna pairatzen ari den atomizazio prozesuan ere stopa ekarriko luke neurri honek, alderdi nazionalistek matiz eta txikikeriengatik bereizita egiteko aukera halabeharrez galduz. Azken puntu honi dakionean, EAJren monopolioa ikusiko dute batzuek (ezker abertzalearekin zer gertatuko den oraindik ikusi egin behar) baina aukera zabalduko litzateke planteamendu abertzaleak berdefinitzeko eta inolako inposiziorik gabe, ardatz ideologiko sakon eta orokorren baitan aliantza handi eta sendoak osatzeko.
GAIAK: abertzaletasuna Aralar EA ezker batua hauteskunde muga hauteskundeak
Iruzkinak(iruzkin 1)
Idatzi zure iruzkina
Hauteskunde mugaren inguruan: handi eta sendo ala txiki eta anitz? « Politik kills
2010/01/17 @ 10:24
[...] ARTIKULU OSOA ZUZEUn [...]
Idatzi hemen zure iruzkina
Oharra: derrigorreko datuak izartxoz (*) ageri dira.
Bidalketa honi trackback egiteko URI helbidea
Bidalketa honen iruzkinen RSS jarioa