Lurpeko haurrak

Lurpeko haurrak

lurpeko haurrak

Boliviako meatzeetan lan egiten duten haurrei buruzko erreportajea, Berrian argitaratu nuena.

Abigaíl Canaviri gauero sartzen da Potosíko galerietan, munduko meatze zaharkitu eta arriskutsuenetako batean. 14 urteko neska honek harriz kargatutako bagonetak bultzatzen ditu hamabi orduz jarraian, bi euroren truke. Bera bezala, Bolivian 13.000 haur aritzen dira harkaitza zulatzen, minerala xehatu eta azidoekin tratatzen, eta zakuak sorbalda gainean garraiatzen.

 

Ander Izagirre | www.anderiza.com

Arratsaldeko zortzietan, azken meatzariak galerietatik irteten direnean, Abigaíl Canavirik kaskoa, kopeta-argia eta gomazko botak janzten ditu lur azpira sartzeko. 14 urteko neska meazuloaren ondoan bizi da, adobezko txabola batean, 4.300 metroko altueran dagoen paraje harritsu, haizetsu, izoztuan. Cerro Rico madarikatu honek aita hil zionetik, berari dagokio mendiaren erraietan gauero sartzea.

Harri gorrizko piramide bat da Potosíko Cerro Rico, mendi larrutu, zulatu eta birrindua, seiehun zauritatik hemorragia mineralak darizkiona. Espainiarrak iritsi zirenean, 5.200 metro neurtzen zituen. Gaur, 4.700 besterik ez. Azken bost mendeetan kanpotik jan eta barrutik hustu egin dute, putzu, tunel eta galeriak sakondu dizkiote erraietan, ehun edo berrehun kilometroko labirintoa zabaldu arte. Hogeita hamar edo berrogei mila tona zilar erauzi zizkioten, eta oraindik ere egunero hiru tona harri ateratzen dituzte eztainua, zinka eta zilarra lortzeko. Oskol mineral handi bat da Cerro Rico, gero eta hutsago dagoena, zona batzuetan amiltzen ari dena, eta potositarrak kolapso apokaliptikoaren beldur dira. Milaka meatzariren hezurrak, edo hezurren hautsak, gordetzen ditu hesteetan Cerro Ricok, “gizonak jaten dituen mendiak”.

Hesteetan barrena doa Abigaíl. Galeria meharrean urrats txikiak ematen ditu, bagoneten errailak zapalduz, lokatz kirastuan oinak ez sartzeko. Kopetako linternak argi-kono bat proiektatzen du ilunpetan. Neskak eskuineko besoa luzatzen du harkaitz zorrotzak metroz metro haztatzeko, buruan kolperik ez hartzeko; behin eta berriz makurtu egin behar du galeriari eusten dioten habe ustel eta okerren azpitik pasatzeko; silize, amianto eta artsenikoz saturatutako aire beroa arnastuz aurrera egiten du pausoz pauso.

“Muskerraren moduan”

Galeriaren amaieran, lur azaletik 1.500 metrora, meatzariek egunean zehar pilatu dituzten harriak zain dauzka. Bagoneta beteta, hirurehun edo laurehun kilo bultzatu behar ditu errailetan aurrera. “12 urterekin hasi nintzenean oso astuna egiten zitzaidan”, dio. “Orain ohitu egin naiz, baina hala ere nekeza egiten zait. Eta batzuetan beldur naiz”.

Aldapa behera doanean zama irauliko zaion beldur da Abigaíl. Eta pasabide estuenen beldur, bagoneta larri sartzen den tarte horietan makurtu eta “muskerraren moduan” bultzaka joan behar duelako. Bizkarreko minaren beldur da, eta silikosiarena: sendagileak esan dio meatzetik atera behar duela bere aitaren moduan hil nahi ez badu, hauts toxikoek birikak errauts bihurtuta. Aita eztulka eta eztulka aritzen zen gau osoan, ahotik birika puska odoltsuak botatzen, Abigaílek 8 urte zituenean hil zen arte. Meatzari mozkorren beldur ere bada: 12 eta 13 urteko bere bi lagunek umea izan berri dute, bortxaketa baten ondorioz. Baina beldur handienak bultzatzen du Abigaíl: gosearen beldurra. “Duela egun gutxi haur txiki bat hil zen Pailavirin jatekorik ez zeukalako”, dio. Lau urteko anaia du gogoan.

Egunean zehar, lur azpiko inurritegian langile nerabeak ere ikus daitezke: mailu eta zizelez harria kolpatzen, laztabinarekin horma zulatzen, dinamita kartutxoak sartzen eta mailu pneumatikoarekin galeria dardara batean jartzen duten perforistei laguntzen, burrunba eta hauts toxiko itogarriaren erdian. Tunel estuenetan haurrak etzanda sartzen dira, bularra harkaitzaren kontra, sudurra altxatzeko lekurik gabe, besoekin indar eginez infernuko putzurantz herrestan. Hirurogei gradutik gorako tenperatura izaten da zulo horietan. Hamar minutu dauzkate haitzari puska batzuk kendu eta berriz arrastaka aire bila ateratzeko.

Gauez, ordea, meatzea hutsik dago. Abigaílen katiusken pristi-prasta besterik ez da entzuten. Bi ordu behar ditu galeriaren amaieraraino joan, bagoneta bete eta bultzaka ateratzeko. Gauero sei edo zazpi aldiz errepikatzen du joan-etorria, bi euroren truke. Baina azken hilabeteetan Abigaílek musu-truk egiten du lana, meatzarien kooperatibak ama alargunari kargatu zion 2.000 euroko zorra kitatu behar duelako.

Doña Margaritaren historia, Abigaílen amarena, ohikoa da Potosíko alargunen artean: senarra hil eta diru-sarrerarik gabe gelditu zenean, etxea utzi eta lau seme-alabekin Cerro Ricora igo zen, 4.300 metrora, meazuloaren ondoan dagoen etxolara. Sei metro luze eta bi eta erdi zabal ditu aterpetxo kaskarrak. Kartoiak eta plastikoak jarri dituzte paretetan, baina haize hotza uluka dabil zirrikituetan eta itoginek lurrezko zorua lokaztuta uzten dute. Gasezko su txikiarekin prestatutako arto egosia, arroza eta patatak besterik ez dituzte jaten. Eta uhaska batetik ekarri behar dute ura.

Meazuloaren ondoan bizitzera etorri ziren hemen dutelako sos batzuk irabazteko aukera bakarra. Doña Margaritak palliri lanak egiten ditu, alegia, mailu batekin harriak txikitzen ematen du eguna eztainu puska baliotsuenak bereizteko. Meatzarien tresnak eta makinak ere etxolan gorde eta zaintzen ditu. Eta lan horien truke hilero 40 euro inguru jasotzen ditu.

Baina 2008ko abenduko igande batez, doña Margarita eta Abigaíl bidoi bat ur etxera ekartzen ari zirela, norbaitek atea behartu zuela ikusi zuten. Meatzarien hiru zulagailu lapurtu zizkieten. Ordutik, meatzarien kooperatibak ez die lanarengatik ordaintzen ez amari ezta alabari ere, lapurtutako makinen balioa kitatu arte (guztira, 2.000 euro inguru). Soldatarik gabe bizirauteko, Abigaílek mineral puskak ezkutuan gorde eta Potosíko turistei saltzen dizkie peso gutxi batzuen truke.

Duela ehun urte baino okerrago

Sistema gaizto baten kate-begirik ahulena da Abigaíl. Bolivian 5.000 meatzarik Comibol enpresa publikoan egiten dute lan, beste 9.000k enpresa pribatuetan, eta gehienak, 45.000 inguru, euren kasa aritzen dira inolako babesik gabe. Kaosa 1985ean hasi zen, kudeaketa txarrak, zorrak eta ustelkeriak Comibol kiebra jotzeko zorian utzi zutenean. Enpresa publikoak 23.000 meatzari kaleratu eta hainbat meatoki abandonatu zituen.

Modesto Pérez meatzari zaharra da, oso konbinazio urria Bolivian: “Kale gorrian gelditu zirenak instalazioak arpilatzen hasi ziren”, gogoratzen du. “Makinak lapurtu zituzten, hodiak, kableak, errailak, burdinak”. Ordutik kooperatibatan antolatzen dira meatzariak, oso modu traketsean: kide gutxi batzuek meatoki bat errentan hartu, inolako teknologiarik gabe ustiatzen dute, dinamita, pala eta pikatxoiarekin, eta etekin eskasak lortzen dituzte. Onenean, beste batzuei lana eskaintzen diete, inolako kontraturik edo asegururik gabe. Apenas irabazten duten bizirauteko. Eta duela ehun urte baino baldintza okerragoetan dihardute, Pérezek azaltzen duenez: “Kooperatiba txiki horiek ezin dute inolako inbertsiorik egin eta egunetik egunera arriskutsuagoa da meatzeetan sartzea. Lurjausiak ugariak dira: tunelak eusteko habeak ustelduta daude eta inork ez ditu berritzen; injinerurik ez dagoenez, meatzariek edonon zulatzen dute pareta, goian edo behean zer dagoen jakin gabe… Atzo bertan lankide bat hil zen, Miguel Characayo: mendia gainean erori zitzaion. Ez dugu argindarrik igogailuak martxan jartzeko eta berrogei edo hirurogei metroko putzura eskailera bertikaletik jaisten gara, lotu gabe eta tresnak edo zakuak kargatuta. Lehen hodi-sistema bat geneukan oxigenoa sartzeko baina urteak dira ez dabilela, eta putzu estuetan gas poltsa bat sortzen denean meatzariak bertan ito egiten dira”. Pérezek 59 urte dauzka eta ez zaio bere adineko kiderik gelditzen. Lurjausiek harrapatuta edo silikosiak jota hil ziren guztiak.

Zaila da 40 urtetik gorako meatzariak topatzea. Eta umezurtzei dagokie txanda hartzea. Batzuk, Abigaílek bezala, lur azpian. Beste asko, kanpoko lanetan: minerala xehatzen dute quimbalete izeneko tramankulu handiei balantzaka eraginez (oinak zapaltzeko arriskuaz gain, artritisak eta tendinitisak izaten dituzte), eztainua kontzentratzeko azidoak eta xantatoa duten urak erabiltzen dituzte (buruko min lazgarriak etortzen zaizkie) eta mineral zaku astunak biltegietaraino eramaten dituzte (bizkarraren kalterako).

Zulotik nola irten

Kemen harrigarria du Abigaílek. Gau osoa meatzean igaro ondoren, oherako bidea hartu ordez, gosaltzera eta ikastera joaten da Cepromin (Centro de Promoción Minera) gobernuz kanpoko erakundeak meatzeetatik gertu daukan zentro batera. “Ikasi egin behar dut beste lanbide bat lortzeko. Ama eta anaia txikia meatzetik ateratzeko modu bakarra da”, dio, barazki purea zurrupatzen duen bitartean. Eztainu-hautsak urdindutako esku arrakalatuekin marrazkidun liburuen orriak pasatzen ditu eta begirada Loti Ederra edo Errauskiñeren soineko ederretan gelditzen zaio. Lau ikastaro falta zaizkio batxilergoa bukatzeko. Hasperen egiten du: “Baina eskola zaila egiten zait. Batzuetan lo gelditzen naiz. Eta beste haurrek barre egiten didate”.

Fernando Pérezek ere borroka bizian igaro du gaztaroa, Llallagua hiriko meatzeetan. 18 urte beteko ditu laster eta horregatik utzi egin beharko du Nats erakundeko presidente kargua (Niños y adolescentes trabajadores). 12, 14 edo 16 urteko gazteek asanbladak antolatu, adin txikikoen eskubideei buruz eztabaidatu, aldarrikapenak txostenetan idatzi eta agintariei bilerak eskatzen dizkiete. Ofizio duinagoetan trebatzeko ikastaroak sustatu, ogia egiteko labeak eta barazkiak landatzeko negutegiak martxan jarri, eta Bolivia osoko haur langileen ordezkariak euren egoitzara ekarri dituzte.

Fernando 13 urterekin hasi zen meategian lanean: eztainua kontzentratu ondoren botatzen diren ur toxikoak iragazten ibiltzen zen, azken eztainu hondarrak eskuratzeko. Erreka pozoitsuetan esku hutsak sartuta zortzi ordu igaro ostean, 30 edo 40 kiloko hogei zaku eramaten zituen Ricardo anaiarekin batera minerala erosten duten biltegietara. Egunean bi edo hiru euro jasotzen zituzten, esku eta besoetako azala erre, bizkarra okertu, buruko minak jasan eta arnasteko arazoak izatearen truke.

“Orduan changuitoak ginen, ume txikiak, eta lana gogorra egiten zitzaigun”, dio Fernandok. “Beranduago kamioiak deskargatzen eta igeltseroen laguntzaile ibili nintzen. Anaia meazuloan hasi zen baina nik ez dut inoiz sartu nahi izan. Oso arriskutsua da. Galerian bero handia egiten du, arnastea zaila da, zulatzen dutenean begietan hartxintxar zorrotzak sartzen dira, lurjausiak gerta daitezke… Anaiari oinen azpian zorua hondoratu zitzaion. Korrika atera zen zulotik eta segundo batzuk beranduago zona guztia amildu egin zen”.

Fernandok oso argi dauka zer ez duen nahi. Baita zer nahi duen ere: Sucrera joan, Biokimika ikasi eta botikari izan. Abigaílek ere Medikuntza ikastearekin egiten du amets “ume behartsuak doan sendatzeko”. Ez dute etsi lurjausi eta gaixotasunek mehatxatutako etorkizunaren aurrean. Lur azpitik irteteko borrokan ari dira.

“Milaka familiek haurren diru-sarrerak behar dituzte bizirauteko”

“Haurren eskubideei buruz asko hitz egiten dute baina Potosín ez daukagu horrelakorik”, dio Abigaílek. “Agintariek ez dituzte gure eskubideak babesten, ez dira inoiz etortzen meazulo ondoan nola bizi garen ikustera”.

Zer egiten dute agintariek? “Haurren lana debekatu dugu (14 urte artekoa) eta pixkanaka nerabeena gutxitu nahiko genuke (18 artekoa)”, dio Eva Udaetak, haurren lana murrizteko Boliviako Lan Ministerioak duen planaren zuzendaria. Planak, ordea, oso aurrekontu eskasa dauka, meatzeetara ikuskari gutxi batzuk bidaltzeko adinakoa soilik. Errealitateak asmoak eta legeak ito egiten ditu: Nazio Batuek 2009an egindako txosten batek zioenez, Bolivian 845.000 adin txikiko ari ziren lanean inolako kontratu edo asegururik gabe (kale-saltzaileak, zapata-garbitzaileak, igeltseroak, etxeetako langileak, nekazariak…). “Milaka familiek haurren diru-sarrerak behar dituzte. Ezin diegu biziraupena legez debekatu”, dio Cecilia Molinak, Cepromin erakundeko zuzendariak. “Gobernuak adin txikikoen lana delitutzat jotzen du, baina guk uste dugu eskubidea dela: bizirauten laguntzen die, heltzeko, trebatzeko eta sozializatzeko modu bat da…”.

Udaetak ez du onartzen lana haurren eskubidea izan daitekeenik: “Adin txikikoen lana esplotazio hutsa da, eta oinarrizko arazoari egin behar diogu aurre: pobrezia desagerrarazi behar dugu. Evo Moralesen Gobernua lehena da Boliviako baliabide ekonomikoak behartsuenen mesederako erabiltzen ari dena”. Molinak, aldiz, pobreziaren aurkako borroka oso luzea dela eta bitartean irtenbide errealistak ezinbestekoak direla dio: “Haurrek lan egiteko duten eskubidea defendatzen dugu baina oso baldintza tinkoekin: ezin du esplotaziorik egon, eta hezkuntza eta osasun eskubideak bermatu behar zaizkie. Guk haurrei elikadura, hezkuntza eta prestakuntza profesionala eskaintzen diegu, meatzaritza utzi eta beste ogibide hobeak bilatu ditzaten. Ez dago beste modurik gauzak benetan aldatzeko”

 

Lurpeko haurrak (1)Lurpeko haurrak (2)

Artxiboa | Lurpeko haurrak (1) | Ander Izagirre | Creative Commons By SA
Artxiboa | Lurpeko haurrak (2) | Ander Izagirre | Creative Commons By SA
Irudia | Abigail, 14 urteko meatzaria | Daniel Burgui | Creative Commons By SA

Kazetari autonomoa naiz. Azkeneko lanak Groenlandiako inuitei, Boliviako haur meatzariei, Karakorumeko zamaketariei eta Saharako errefuxiatuei buruz idatzi ditut.