Maiatzak 15, Iruñean: Nafarroan euskaraz bizitzeko eskubidearen alde

MjA5Mg==

 

Manifestazioa, besteak beste, honetarako antolatu dugu:  Gobernuari eta sostengatzen dutenei, aski dela adierazteko; asko garela orain eta etorkizunean Nafarroan  euskaraz bizi nahi dugunak erakusteko; euskaldunon kontra hartzen dituzten erabakiekin gure amorrua kanporatzeko;  bat egiten dakigula  eta antolakuntzarako gaitasuna dugula frogatzeko; eta noski  alderdi politiko eta bestelako eragileen agendan eragiteko.

Izan ere, Parlamentuan eta udaletan onartzen dira lege, arau eta aurrekontuak. Premiazkoa da berdintasunera eramango gaituzten legeak onartzea eta euskara sustatzeko  baliabide ekonomiko nahikoak jartzea. Horren alde lehentasunez  lan egitea eskatzen diet euskaren alde daudela dioten alderdiei, beharko dituzten aliatuekin negoziatu  beharreko guztia negoziatu dezaten.Izan ere, aniztasuna eta pluralismoaren kontrako diskriminazioa da, nafar herritarrek euskararen garapenaren alde egiten  dugunean maizegi pairatzen duguna. Zer da bestela,  Artaxonako gurasoek pairatzen dutena beren seme-alabak euskarazko ereduetan matrikulatu nahi dutenean?

Pertsonon eskubideez ari gara, politikaren aurretik dauden eskubideez. Pertsonak gara betebeharrak eta eskubideak ditugunak, pertsonak gara diskriminazioa jasotzen dugunak. Nafarrak gara  betebehar berdinak izanik, Leitzan espainola ikasteko  betebeharra dugunok,  eta Mendigorrian euskaraz ikasteko eskubidea ez dugunok.

Gutxieneko sentsibilitate kulturala izatea eta eskubide berdintasunean sinestea,  hori da deialdiarekin bat egiteko nahikoa arrazoi. Gonbidatuta zaude.

 

Oskar Zapata Solano

Nafarroako Topagunea Euskara Elkarteen Federazioa.

Irudia | NAFARROAN EUSKARAZ BIZITZEKO ESKUBIDEA – Aurkezpen prentsaurrea | Josu Santesteban (Iruña Digital) | Creative Commons By SA