Euskal arrazaren inguruan

MjI1Nw==

Europan, historikoki isolatuta bizi izan diren hainbat herri daude eta herri horietako biztanleek genetikoki parekotasun handiagoa dute elkarren artean, gainontzeko herriekin baino. Euskaldunak talde homogeneo horietako bat osatzen dugu, beste askoren artean.

Horixe zen CIC bioGUNE eta EHUk egindako ikerketaren emaitza.

Duela hiru hilabete aldiz, guztiz aurkakoa zioen UPFren ikerketa batek. Ezberdintasun handiagoa omen zuten EAEko biztaleek Ipar Euskal Herriko biztanleekin, Espainiar estatukoekin baino. Euskaldunok talde genetiko berezi bat izatea ukatzen zuen.

Espainialdean gusturago hartu dituzte UPFren datuak EHUrenak baino. Talde homogeneo izatea edo ez izatea nazionalismoarekin lotu dute, noski. Eztabaida horrek aspaldi gainditua behar lukeen arren.

Sabino Aranaren ideiak ekarri dituzte gogora Espainiako prentsan. EAJren fundatzaileari arrazoia kendu nahi izan diote, egun bere ideiak inork gutxik defendatzen dituen arren.

Eta Alfonso Ussíak La Razoneko zutabean ez du aukera galdu euskaldunona arraza ez, baizik eta arrazatxoa dela esateko. Irainekin arrazoitu du, beti lez, bere tesia.

Ez gara arraza berezia, agian ezta talde genetiko berezia ere. Baina egun ba al du zentzurik euskal arrazaren inguruan eztabaidatzea? Abertzaletasuna gaur egun ez baita gorentasun genetikoan oinarritzen, inork gutxik sinesten du hori. Euskaldunekiko gorrotoa dutenek baizik ez dute halakoak arrazoitzen ibiltzeko beharrik sentitzen.

Irudia | Sabino Arana | zz | Creative Commons By SA