Ezabaketa Asteari ekin dio EHEk

2010-11-20 @ 18:05 Iker Tubia

Euskal Herrian Euskarazek elkarretaratzeak egin ditu Iruñean eta Donostian aurtengo Ezabaketa Asteari hasiera emateko. Heldu den larunbatera bitarte kalejirak, bizikleta martxak, elkarretaratzeak eta ezabaketak izanen dira Euskal Herri osoan zehar. EHEk, “hizkuntza politika menperatzaileak” eta “lurralde zatiketa” salatu eta ikustarazteko helburuarekin deitu ditu euskaltzaleak Ezabaketan parte hartzera. Gainera, aurten hezkuntza izanen da EHEren aldarrien muina eta horregatik hautatu dute “hizkuntza zapalkuntzaren aurrean eskola euskalduna!” leloa.

Ezabaketa Asteari ekiteko, kalejira koloretsuak egin dituzte Iruñea eta Donostian, bidean ezabaketak eginez. Alberto Catalan eta Isabel Celaá Nafarroa eta EAEko hezkuntza sailburuen mozorroak ere ikusgai izan dira eta parodien bidez haien hezkuntza politikak salatu dituzte. 12etan hasi dira kalejirak bi hiriburu euskaldunetan eta 12:30etan elkarretaratzeak egin dituzte PSE-EEren (Donostian) eta UPNren (Iruñean) egoitzen aitzinean. Batean zein bestean 50 lagun bildu dituela esan du EHEk. Ezabaketa Asteari amaiera emateko azaroaren 26an ekimena eginen dute Donibane-Lohitzunen eta Ziburun. “Bertso-ezabaketa-poteoa” eginen dute 18:00etatik aitzina UMPko Michelle Alliot Marieren etxe ondoraino.

MzgzMw==

Bi ekimen nagusi hauetaz gain, EHEk esku-orriak banatuko ditu euskalduntzen ez duten ikastetxeetan eta kanpaina informatiboa bultzatuko du. Bazkariak, mural margotzeak, bideo-emanaldiak, ezabaketa-olinpiadaka, eta abar luze batek borobilduko dute Ezabaketa Astearen baitan antolatutako ekimenak.

Paisai euskalduna

Ezabaketa Asteaz harago, Iruñeko eragile euskaltzaleek sinadura bilketa hasi zuten joan den hilabetean. Maiatzaren 15eko manifestazio jendetsu eta historikoari jarraitasuna emateko asmoz, Iruñeko paisaia-linguistiko euskalduna galdeginen diote Iruñeko Udalari. AEK, IKA, Sortzen Ikasbatuaz, EHE eta Administrazioan Euskaraz taldeak izan dira ekimen hau aitzinera eraman dutenek.

 

MzgzMg==

MzgzNA==

RSS

Iruzkinak (24 iruzkin)

  1. Gorka

    Inoz ez dut ezabaketa eguna ulertuko. Gure herriaren elebitasuna ukatzeak ez dio euskarari faborerik egiten. Gauzak ezabatu beharrean ergatik ez dute erdarazko kartel elebakarrei euskarazko bertsioa gehitzen? Iparraldean hori egiten dute, ez?

    Eraikitzea suntsitzea baino zailagoa delako uste dut dela.

  2. eztakit nik ba...

    Guztiz ados Gorkagaz

  3. Gari Garaialde Gari Garaialde

    Ba ni ez. Nik ez dut elebitasunik nahi, ez eta behar ere. Euskal Herrian Euskaraz eta gero beste edozein hizkuntzatan.

  4. Ekhi

    Hasteko, zure metodoak ere zalantzagarriak dira. Ez dakit, nik nahiago dut administrazioak euskaraz egoki errotulatu ditzan hiri eta herriak, euskaraz egindako kartel ez-ofizialak paratu baino. Bigarren mailan geratuko litzateke beste behin ere euskara. Kartel ofizialak erderaz eginen luke, euskaraz herritarrek paratutakoak. Gainera hauek ere kenduko lituzkete aise.
    Esan behar dizut ere, Gorka, EHEk Iparraldean ere badituela taldeak eta egiten dituela ezabaketak. Gainera, Ezabaketa Asteak ez du esan nahi bakarrik kartelak tatxatzen direnik, euskara dagokion lekuan jartzea ere bada helburu (EHEk euskarazko kartelak paratzen ditu sarri erdarazkoen gainean).

    Bestalde, elebitasuna kaltegarria da oso euskararen zabaltze eta normalizazio prozesuarendako. Euskara gara dadin, Euskal Herri euskalduna izan dezagun, euskara babestuko duen legedia behar dugu. Elebitasun erabatekoa hagitz zaila ikusten dut. Eta hori bai iduritzen zaidala ulertzeko zaila. Zergatik Euskal Herri elebiduna? Eta zein bi ele? espainola eta frantsesa? euskara eta espainola? frantsesa eta euskara? inglesa ere akaso?
    Euskal Herrian euskaraz nahi dugu hitz eta jolas.

  5. Zentzu pixka bat, mesedez

    Gasteizen (ez Abaltzisketan) kartel elebidunetan “Palacio de Congresos” ezabatzea eta “Biltzar Jauregia” bakarrik uztea astakeria galanta iruditzen zait. Jendea euskararen kontra jartzea, horixe da lortzen dena.

  6. arrikitaun

    Zuzeu, Perurena eta ezabaketa astea

    Zuzeuren erabilera baldintzetan hau irakur daiteke:

    “Giza eskubide guztiak, gizaki guztientzat” horixe du muga politiko bakar ZuZeu albistariak. Ulertu nahi duenak, uler beza. Eta EUSKARAZ izatearena ere bai, jakina. Azken finean, Internetzale euskaldunok dugun hutsartea arintzea baitu helburu albistari honek.

    Beraz, neska-mutilok (kudeatzaileok) hasi Perurenaren beri horretan dauden mezuak ezabatzen. mila esker

  7. Gorka

    Gasteizko Biltzar Jauregiaren adibidea ona da. Euskararen elebakartasuna EHko leku askotan aldarrikatzea astakeri hutsa da eta bertako jendea euskararen kontra jartzen du.

    Argi dago kartelak ezabatzea erraza dela baina ez diozue gure hizkuntzarik batere faborerik egiten. Ekintza ERAIKITZAILEAK behar ditugu, lagunak. Burua hautsi eta ideia berritzaileak asmatu.

  8. Ekhi

    Ez dut uste Euskal Herrian Euskaraz izan denik euskararen aurkakotasuna bultzatu duena. Administrazioen jokabideak lortu du Euskal Herrian euskararen aurkako jendea egotea eta ez EHE bezalako talde euskaltzaleek.
    Bakoitzak bere aburua du elebitasunaren kontuan. Hala ere, jakin dezazuen egun bizi duguna ez dela elebitasuna, erdaltasun gordina baizik. Eta nik, euskalduna izanik, Euskal Herrian bizirik, euskaraz bizi nahi dut. Eta hori erdiesteko gisa bakarra dago: OFIZIALTASUNA (oraindik urrun dugun hori).
    Errespetua zor zaio gure hizkuntzari eta hori horrela ez den bitartean, beharrezko ikusten ditut Ezabaketa Astea bezalako ekimenak.

  9. Gari Garaialde Gari Garaialde

    Zentzua eskatuz dabilen horrentzat: zergatik ez du zentzurik Gasteizen euskera hutsezko seinaleak eta Abaltzisketan bai?

  10. Gorka

    Gari, Gasteizen %20ak baino gutxiago besterik ez duelako euskaraz hitzegiten eta XVI. mendetik gaztelera delako nagusi hiri horretan.

    Euskararen aldeko diskriminazio positiboaren alde nago. Ez zuk defendatzen duzun ikuspegi totalitarioaren alde ordea. %80ari ulertzen ez duen hizkuntza bat inposatuko al diozu? Has gaitezen Vital Kutxa eta erakundeei elebitasuna errespetatu dezan eskatzen.

    Portzierto, zu ez zara Gasteizkoa, ezta?

  11. Zentzu pixka bat, mesedez

    Gari:

    Gaur egun, Gasteizen “Biltzar jauregia” bultzatu nahi badugu, ezinbestekoa dugu seinalean ondoan “Palacio de Congresos”. Ni naiz lehendabizikoa kalean hasiera-hasieran euskarazkoa galdetzen, ahoz. Eta ulertzen ez badidate, erdaraz, noski.

    Zuk ez duzu mugarik? Berdin jokatuko zenuke “Aturritik Ebroraino”? Orain esaidazu Tuteran ere “Rio Ebro” ezabatuko zenukeela, eta “Ebro ibaia” soilik laga.

  12. Gari Garaialde Gari Garaialde

    Oso gertu tokatu zaizkidan bi kasu aipatuko ditut:
    Ezagutzen dut nik, gizon koadrila bat “operación pringada” egitera ateratzen zena, sarri, oso sarri eta gaztelera hutsez zeuden seinaleak ezabatu eta gainean euskaraz idazten zuena. Ba haiengatik eta haiek egiten zutenarengatik hemen jarri diren kontrako argudio berak eman ziren. Elebakartasunak (eta gehiago brotxaz idatzitako euskarazko testuek) Euskararen aurkako giroa sortuko zuela zen aitzakirik erabiliena. 30 urte beranduago herri hortan trafiko seinale guziak euskaraz eta euskaraz bakarrik daude, ofizialki eginda, aurkako argudioak erabiltzen zituztenek onartu eta praktikatzen dutelarik.
    Garai bertsuetan, herriaren izena aldatu eta Fuenterrabia arrotz hartatik, Hondarribiara aldatzeko proposamena egin eta aldatu egin zen. Fuenterrabia arazorik gabe erabili izandako batek baino gehiagok eraman zituen eskuak aurpegira eta prentsan artikuloak idatzi: Hondarribia ez, Ondarrabia behar zuen! Gaztelerazkoarekin arazorik ez zuetenek, Euskarazkoarekin zituzten arazoak.

  13. Gorri

    Nik Zarauzko kartel batena kontatuko dizut, Gari.
    Herriko sarrera bateko kartel batean ONGI ETORRI handi bat, eta behean txikiag Bienvenido, Welcome eta beste hizkuntza batzuetan. Ezabaketa astean zer ezabatu zuten? ‘Bienvenido’ bakarrik, noski. Zarauztar batzuek ez dituzte Andaluziako edo Hego Amerikako bisitariak maite, itxura denez.

    Usurbilgo frontoiko murala ere ezaguna da: ‘Ejerzitoari eta erdarari intsumisioa’, EHEk sinatuta talde antimilitarista batekin. Hizkuntza bati uko egitea baina astakeria handiagorik!

    Gauza bat da administrazioari gauzak eskatzea, eta bakoitzak bere ingurua, lagunak, etxea ahalik eta euskaldunena nahi izatea, baina horretarako margoa baino eraginkorragoak dira beste estrategia batzuk.

  14. Zentzu pixka bat, mesedez

    Hondarribia eta Gasteiz ez dira berdinak. Ezta Fustiñana ere. Ni UEMAzale amorratua naiz, baina ez nuke Fustiñana UEMAn sartzea proposatuko.

    Gasteizen %1 baino gutxiago gara Udalaren webguneko herritarren postontzian euskaraz idatzi izan dugunok, eta askotan sekulakoak entzun behar izaten ditugu, zergatik ez dugun erdaraz ere egiten eta abar. Nik ere ikusten dut behar-beharrezkoa dela espazio euskaldun elebakarrak sortzea han eta hemen. Baina guretzat, une honetan, Gasteizko kaleetan errotulazio elebiduna aurrerapausoa da, eta horietatik gaztelaniazkoa ezabatzea zentzugabekeria.

  15. andoni

    Herriak ezberdinak dira eta EHEk lekuan leku egiten dituen ekintzak ere ezberdinak dira. Hori ere azaldu beharrekoa da. Iruñean sarreretako “Pamplona” seinaleak tatxatu edota kendu egiten dira. Udalak legez bi eletan errotulatu behar baitu hiria. Horren emaitza? Sartu zaitezte OPUSeko unibertsitatetik, han hainbestetan ezabatu eta kendu egin den seinalea, azkenean, elebiduna da.
    Bai, Iruñean, euskaldunen kopurua urria den hiri horretan.
    Gora Euskal Herri EUSKALDUNA!!!

  16. Irune

    Nik Euskal Herri euskalduna aldarrikatu nahi dut pertsona eleanitzez osatua. Honetan oinarriturik ezabaketak lau haizetara aldarrikatu nahi ditut, euskaldunok urteetan, mendeetan pairatzen dugun zapalkuntza eta asimilazio prozesuari erantzunez eta agerian utziz (eztabaida pizten delarik).
    Euskaldunok bigarren mailako herritarrak gara gure herrian eta euskaldun batzuk oraindik astoratzen dira inposatu dizkiguten erdal hizkuntzak ezabatzen direnean. Ez dut uste hizkuntzen kontrako ekimen bat denik, bizi dugun hizkuntza zapalkuntzaren kontrako ekimenak dira eta hauek erabilita eta herri mugimenduaren lanari esker fruituak jaso ditugu hainbat seinale euskaraz errotulatu direlarik, euskaraz bizitzeko dugun bizi nahia irabaziz. Nik ezabaketak eginen ditut, ezabaketak kritikatzen duzuenok beste bide eraginkorrago bat erakusten ez didazuen bitartean. Gora Euskal Herri euskalduna!!!

  17. Rober, "zentzudunei" eta Gorkari

    Asimilatuaren gogamena eta konplexua ikusten dut zuengan, ez diot iraintzearren. Gorka, ekintza eraikitzaileak behar direla diozunean eta ez beste halakoak, EHEz duzun ezjakintasuna baino ez duzu aitortzen lerrootan. Batetik, EHEren webgunean edo prentsan ateratzen diren (aste honetan ere albiste dezente atera dira Gara eta Berrian eta elkarrizketa asko entzuteko beta izan da Bizkaia Irratian, Info7 irratian, Bilbo Hiria Irratian, Eguzki Irratian, …) informazioetan begibistakoa da EHEren ekimena nolakoa den. Batetik, hizkuntza zapalkuntzari aurre egin eta salaketa eta aldarrikapena egiteko hainbat ekimen egiten dira urte osoan zehar. Horrekin batera baina, Euskal Herri euskalduna eraikitzeko ekimen eta egitasmo andana ere martxan jartzen dira, Euskaraz Bizi Eguna kasu. Herrietako euskalgintzak batzen dituzte EHEkoek arazoei irtenbideak bilatzeko. Udal ordenantza eragingarrien hauspotze eta sorreran ekarpen handiak egiten dira herri mordo batean. Osasungintza eta hainbat sektoreren euskalduntzea bermatzeko dinamikak jartzen dira martxan. Eskoletako hizkuntza zapalkuntzaren aurrean ikasle euskaldun eleanitzak sortzeko alternatiba errealak eskaini eta bilatzen dira. UEMArekin lana egiten da. Kontseiluaren baitan (zuzendaritzan gainera, erratzen ez banaiz) ekarpen eraikitzaile ugari egiten dira, eta zentzuzkoak guztiak.

    Ezabaketei dagokienez, paisaje linguistikoari ostiko bat eman eta hemen gertatzen den bezala eztabaida piztea eta kontzientziak harrotzea bilatzen da, hizkuntza zapalkuntza agerian utziz. Ofizialtasuna Euskal Herri osorako izan behar da berdina. Tuteran eta Altzurukun, Bermeon eta Irunen. Zentzu horretan, salaketa ekimenak logika orokor horren baitan joan doaz, bere moldaketekin, baina ikuspegi orokor bat emateko borondatearekin. Euskararen kontrakotasuna sortzen dutela aipatzen duzue, baina badirudi erdara hutsezko formularioek, publizitateek, hedabideek eta abarrek ez dizuetela erdaren aurkakotasunik eragiten. Elebitasunari dagokionez, jakin elebitasun erreala ez dela existitzen. Beti egongo da bat bestearen gainetik, egoera diglosikoa eraginez. Gure kasuan erdarak dira nagusi Euskal Herrian, eta euskara eta euskaldunok bigarren, hirugarren edo batek daki enegarren mailako garen ere… Gainera, Euskal Herrian elebidunak euskaldunak gara, eta euskaldunoi soilik behartzen zaigu elebidun izatera. Elebakarrei gonbidapena baino ez zaie egiten; finean, gutxi bultzatu ezer ez zegitera behartzeko. Usurbil eta Zarauzko kasuetan ere okerra ikusten dut. Ez zaio hizkuntza bati uko egiten. Bertako hizkuntzaren gainetik nagusi den hizkuntzaren gainean sinbolo beltz bat jartzen da, ezabatuta ere hizkuntza horrek nagusi izaten jarraitzen duela erakusteko. Denek ez dugu berdin ulertzen, baina buruari bueltak ematea eragiten du behintzat. Oposaketetan egiten diren ekimenek ere kontrako ahotsak harrotzen dituzte batzuetan, baina gutxitan entzuten da oposaketa horietan euskarak duen leku urri edo hutsalaz kexu den ahotsik.

    Herrialde asko dira munduan errotulazioa hizkuntza minorizatuetan jartzen dutenak (joan Kataluniara, Flandriara, Korsikara…). Eta horrek hizkuntza minorizatua hurbildu ere egiten die hizkuntza ez dakitenei. Horri errespetua deitzen zaio, eta konpromiso ausartak eta zailak hartzen hastea ere. Baina guk gure konplexutik bakarrik dakigula bidea egiten ematen du. Euskaldunon hizkuntza eskubideak ez dira errespetatzen, baina erdaldunen hizkuntza eskubideren bat urratzeko planta egiten denean euskaldunok izaten gara gainera horren kontra ateratzen garenak. Eta hori, erdaldunen garaipena da. Espainol eta frantsesek hizkuntza ordezkapenaren bidez Euskal Herria asimilatzeko hainbat tresna bideratu dituzte, eta badirudi asko lortu dutela horrekin. Gasteizen edo edonon euskararen lekua eta euskaldun kopurua urria izateak ez du hizkuntzaren garapen borondatezko eta natural bat isaltzen, ez horixe… Mendeetako erasoaren ondorio da hutsune hori. Mendeetan eman den debekuaren ondorio baino ez da, eta horri aurre egiteko nire eskuetan dagoen guztia egingo dut, eta kontraesanak sortu ere ahal dudanetan.

    Bukatzeko erdara hutsezko karteletan euskarazko bertsioa jartzea horixe da: euskarazko bertsioa jartzea. Eta nik eta askok ez dugu nahi euskarazko bertsiorik. Euskarazko kartelak nahi ditugu. Eta guri inposatzea (edo jarrera totalitarioa) leporatzea lotsagarria eta iraingarria da, euskaldunoi inposatzen zaigunean beti eta edonon erdara.

    Nire herrian esaterako, ez dago EHEko talderik, baina gure kabuz, ezabaketak egitera ateratzen gara urtero, kartel elebakarrak eta elebidunak euskaraz jarriz. Herri erdalduna da gurea, eta eztabaidak ematen dira ezabeketen inguruan. Ondorio zuzena izaten da euskaldun eta erdaldun eztabaidan hasi eta elkarrekin konponbideak bilatzen hastea. Jendeak udalari euskarari lekua eta lehentasuna eskatzea. Esperientziatik beraz, aurrera eta berdin jarraituko dugu. Aurten gainera, Ezbaaketa Asteak irakaskuntza jarri du ekimenaren erdigunean, eta salaketarekin batera, mezu eraikitzaile bat agertzen da bere kartel, eskuorri eta ekimenetan.

    Zergatik ez Tutera euskalduna? Zergatik ez da han ezabaketarik egin behar? Zergatik da hain zaila han euskaraz bizitzea? Konplejuak izan behar al ditugu euskaldunoi euskaraz bizitzea ehuneko 99an ukatzen zaigun leku batean kartel bat ezabatzeagatik? Han ere euskararekiko kontrakotasuna kartel bat ezabatzeak eragiten duela esango dugu? Ez da izango bertako erdararen nagusitasuna bera zalantzan jartzeak eragiten duela aurkakotasun hori? Eta ezin da borrokatu? Ezin da ekimen eraikitzaileekin batera halako salaketa ekimenik egin? Han eta hemen, Nafarroan, Araban, Xiberun, ezabaketa eta salaketek euskarazko errotulazioa ekarri dute askotan.

    Ongi EHE! Segi horrela egiten eta eragiten!

  18. Leire. Inteligentzia eta duintasun pixka bat, mesedez...

    Ea ba… Zentzuduna bada Gasteizen kartel bat erdara hutsez ikustea, zergatik ez da zentzuduna euskara hutsez ikustea? Ai zelako trauma “Museo”ren ordez “museoa” ikustea… Nola eskatuko diogu hori euskara ikasi nahi ez duen eta euskara ikustean kalanbreak dituen hiritar zintzo bati? Fustiñana UEMAn sartu daitekela pentsatzea ez dakit zentzugabekeria den, baina UEMAn sartzeko dauden irizpideak ezagututa, ezinezkoa dela esango nuke. Erakundeek erakutsi digute iada 30 urteren ondoren bere aurreikuspen guztiek huts egin dutela. Ez dutela lortu bere garaian saldu zigutena. UNESCOk bronka ederra bota zien administrazioei 2009an. Araba, Bizkai eta Gipuzkoako administrazioaren hizkuntza politika jarraituz, 250 urte baino gehiago beharko zirela jaso zuen bere txostenean, euskara lurralde horretan arriskuan ez egoteko. Ez dio berdintasunean egoteko, “arriskuan ez egoteko baizik”. Nafarroa Garaiaren kasuan 800 urte edo aipatzen zituen, eta ematen ari diren atzerakadak , igual 1.000, edo batek daki. Lapurdi, Baxenafarroan eta Xiberun ezin zuten UNESCOkoek datarik ere jarri. ETA ORAINDIK, GU GEU GABILTZA ADMINISTRAZIOETAN KONFIDANTZA JARRI ETA HERRITARREN BULTZADARI TRABAK JARTZEN. Inteligentzia eta duintasun pixka bat, mesedez…

  19. Leire. Inteligentzia eta duintasun pixka bat, mesedez...

    Ah, ta nik Euskal Herri euskaldun eta kultur zein eleanitza nahi dut

  20. zakarias aiztierdi

    jende gehiegi esklaboaren sindromeak jota dago oraindik. Ez naiz Freud, baina uste dut ezbaketen aurkako iritziek azaleratzen dutena dela norberaren kontraesanek eragiten duten ezinegona…

  21. Ezkerraldetik

    Ezabaketak ez dut uste orohar kritigarriak direnik, baina kontraesanak sortuz bakarrik ez da jendea konbentzitzen. Eta Euskal Herrian, bereziki Ezkerraldean, Gasteizen, Nafarroan eta Iparraldean, oraindik jende asko dago konbentzitzeko. Hori ez kontuan hartzea ere euskararen kontra aritzea da, konbentzitzeko ditugunak kontrario bihurtzen ditugulako existituko ez balira lez jokatzen bada eta euskararen kontra aritzeko argudioak ematen bazaizkie (nahiz eta faltsuak izan). Are gehiago, konbentzitzeko ditugunak leku askotan (geografikoki EHko zatirik handienean eta demografikoki populatuenetan) gehiengo aplastantea direnean. Hori horrela ez balitz bezala jokatzea ere euskararen kontra aritzea da. Oso ondo dago mirabe konplexua gainetik kentzea, baina askoz hobeto mirabe izateari uzteko epe luzera begirako bideak ezartzea eta proposatzea. Hasteko, euskaldunak minoria absolutua diren lekuetan gehiengoak euskararen alde jartzeko bideak bilatzea.

  22. Julen

    Ni LAPURTARRA naiz eta ez ALDE batekoa!! Gorroto dut estatu frantsesak eta espainolak ezarri dizkiguten mugak onartzen ditugunean euskaldunok!!! Dios!!!
    Hau bai asimilazio prosezuak duen eragin bat da. Beste bat ez ulertzea eta kritikatzea gure hizkuntzan den sinaletika da. Besteen errespetuaren izenean, gure propioari buelta eman behar diogu? Ez!
    Gasteizko “Biltzar Jauregia”ren adibidea onenetarikoa da. Euskara hutsean ematea ez dugu onartuko besteen errespetatzeko? Ez! Nik euskara ez dakitenak errespetatzen ditut eta beraz haien gan eta haien jakintasunean sinesten dut! Bi aldiz ikusi eta irakurri eta gero, ulertuko dute zer den? Ez duzue pentsatzen?
    Bestalde, Euskal Herri euskalduna aldarrikatu nahi izan du betidanik EHEk. Eta horrek ez du kentzen herritar multikulutural-eleanitzak izan daitezkenik.
    Bukatzeko, EHE ez dela eraikitzaile errateak, iruskin suntsitzaileak idatziz, irriarazten dit!
    Gora Euskal Herri Euskaldun eta honen alde lan egiten dutenak! Segi lanean!

  23. Gorka

    Kartelena estetika gai bat da nere ustez. Arrazoia duzu Rober, nik EHE kartel ezabaketengatik ezagutzen dut bakarrik. Horregatik ez nau taldeak gehiegi erakarri.

    Ez ditut inoiz atsegin izan mundua txuriz ala beltzez ikusten dituen talde edo alderdi politikoak. 

    Erdarazko kartel elebakarrak mingarriak dira, ez gaituztelako kontutan hartzen. Vitoria hitza Vitoria-Gasteiztik ezabatzea ezjakintasun hutsa da, ordea. Santso Jakituna errege nafarrak gure hiriari jarri zion izena ezabatzea da. Gure historiaren parte bati uko egitea da.

    Portzierto, ni Flandrian bizi naiz eta hemen holandesa ez da hizkuntza gutxitu bat zuk diozun bezala baizik eta hizkuntza nagusia. Horregatik dago justifikatua seinaleak beraien hizkuntzan bakarrik egotea.

  24. Lur

    Ba EHEk euskararen kontra dabilela esatea mingarria izateaz aparte axolagabekeria ere bada. EHEk argi uzten du bere ekintzetan slaketarekin batera ikuspegi eraikitzailea behar dela eta jo eta su dirau hainbat dinamikarekin arlo eraikitzaile hori lantzen, Roberrek esaten duen moduan. Flandriakoa ere gaiki ulertu duela ezkerraldekoak uste dut. Areago, bertan bizitzeko ez dakizu asko Flandriaz. EHEren izena, Euskal Herrian Euskaraz, Fandriatik dator. “Flandrian nederlanderaz” esamoldetik abiatuta. Ez dakit euskaldunon lana eta are eta gutxiago EHErena, erdaldunak konbentzitzea denik. Nire ustez, batez ere euskaldunak herri euskaldun baten alde egotetik egitera pasaraztean kokatuko nuke nik EHEren lan bikaina. Uemaren sorreran, Kontseiluaren sorreran, eta beste kontu askotan indartsu hartu du parte EHEk, eta horiekin elkarlanean jarraitzen du. Ikasle euskaldun eleanitzak sortzeko bidean ere indarra egiten ari da, eta alternatibak planteatzen ditu. Hikzuntza eskubideen defentsa egin eta horien bermea eskatzeaz gain, Euskal Herri euskaldunaren eraikuntzan ere fin dabil, eta horren adierazle da Ezabaketa Astea bezalako ekimen salatzaile batean, “Hizkuntza zapalkuntzaren aurrean, eskola euskalduna!” leloa erabiltzea. Portzierto, zer egin dute besteak konbentzitzeari bakarrik ekiten diotenek? Nik esango nuke, nahi gabe ere arrazoia eman diozula EHEri “Oso ondo dago mirabe konplexua gainetik kentzea, baina askoz hobeto mirabe izateari uzteko epe luzera begirako bideak ezartzea eta proposatzea” diozunean, horixe bera egiten baitu EHEk. Joseba Alvarezen azken iritzi artikuluan esaten den bezala, “guztiok izan beharko ginake EHEko kide”!

Idatzi hemen zure iruzkina

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude