Euskara sustatzeko kanpainak eta jolasak

 Munduari euskara zabaltzeko deia egin du Etxepare institutuak Jalgi hadi mundura izeneko kanpainarekin, ados, interesgarri. Kanpainak guztiak dira beharrezko, eta ongi etorriak. Baina albistea irakurtzen jarraitu dut, eta dio euskararen sarea zabaldu nahi dutela, sarean euskararen edukiak zintzilikatuz hedatu nahi dutela euskara. Bere horretan arraroa egin zait, zuri ez? Lehen ere badago edukirik euskaraz sarean, ezta? “Munduko edozein biztanlek euskarazko esaldiak ikasi, grabatu eta Interneten ipintzea. Hori da euskara eta euskal kultura zabaltzeko ireki duten bide berria”. Harritu egin nau albisteak. Batetik, halako erakunde batengandik hori baino funts gehiagoko kanpaina serioagoak espero ditudalako; eta bigarrenik, ezin direlako kanpainak egin zerotik hasiko bagina bezala, badaude lanak eginda, Interneten hamaika webgune ari dira euskaraz! Ez ote da interesgarriago eta eraginkorrago horiek indartzea, adibidez?

Aizpea Goenaga Etxepare institutuko zuzendariak aurkezpenean esan zuenez, atipikoa da ekimena. «Ederra da mundu osoko jendea euskara den hizkuntza gutxitu bat hitz egiten jartzea». Atipikoa baino, utopikoa iruditzen zait niri mundu osoko jendea euskaraz hitz egiten jartzea, eta horrelako kanpainarekin are utopikoagoa. Australiar batek “usteak erdia ustel esateak” zer ekarpen egingo dio euskarari?

Gustatuko litzaidake oker egotea, benetan, eta hau eta antzeko kanpaina arinak emankorrak izatea, xahuturikoa ez eta ondo inbertituriko dirua dela ikustea. Baina jarraikortasunik gabe, elkarren arteko loturarik gabe eta instituzioen artean helburutan eta maneretan koherentzia eta kohesiorik egon gabe, zail ikusten dut ezer aurreratzea.

Alandaze, badakit Etxepare institutua bestelako lanetan ari dena, eta pozten naiz. Jende askok ikusten dugu halako erakunde baten beharra.

Euskara mundiala da Etxepareren kanpaina

Irudia | Euskara mundiala da Etxepareren kanpaina | , | LGPL