¿Respeto?

MzkzOA==

Gaur alabaren eskolan biltzarra izan dugu. OMR/OOG deialdia egina zegoen. Hiruzpalau gai zerrendan. Gabon danori euskaraz eta handik aurrera gaztelaniaz.

Gai potoloena, irakaskuntza publikoan pairatzen ari garen murrizketak. Murrizketa horiek salatzeko gutuna idatzi dio klaustroak hezkuntza Sailburu Andreari… Irakasleek gaixo agiria eskuratu  eta irakasle ordezkorik ez bigarren, hirugarren, laugarren egunera arte… Murrizketak langile kopuruan, ratioetan, murrizketak ordenagailuen kudeaketarako esleitutako orduetan… Murrizketak. (Soldatena ez du inork aipatu).

Bai irakasleak bai gurasoak bat etorri dira bizpahiru irakasleen huts egiteak ekartzen dituen anabasa salatzerakoan. Hainbat irakasleren desfilea ume txikien geletatik. Inprobisatu beharra. Urduritasuna. Nerbioak dantzan…

Besterik ezean Sailburu andreari kexa-gutuna igortzea onartu du eskolako OOG-ek. (Edo Sailburu andrearen idazkariari. Edo Sailburu andrearen idazkariaren paperontziari).

Horixe izan da gairik potoloena baina bukaera aldean, norberak lekarkeena atalean,  ama batek galdetu du ea zergatik guraso bilera guztiak gaztelania hutsean egin behar ote diren. Guraso gehienak elebidunak direla adierazi du eta ea kontua ezin ote den orekatu…

Irtenbidea, baina, ez dela batere erraza adierazi zaio ama horri: bi bilera egin, bat euskaraz bestea gaztelaniaz… Ez; irakaslearentzat lan bikoitza eta gurasoak bi taldeetan bereiztea ere… Batzarrak elebidunak egitea ere ez; irakasleak dena birritan esan eu/es/eu/es… Batzarrak bi aldiz luzeago eta aspergarriago, bai zera!

Kontuak ez zuela beste bueltarik azaldu diote ama horri. Talde batean elebakarrak daudenean guztiok hitz egiten badugu elebakarrek menperatzen duten hizkuntzan, listo. Hori da praktikoena.

Kontua atera duen ama oraindik kexatu da. –Zer, beste 30 urte itxaron beharko dugu, ala? Euskaldunok euskaraz egiteko eskubidea ere badugu…

Beste ama batek, aurrekoaren laguna eta elebiduna hau ere,  adierazi du ez dela errespetuzkoa (–No es de respeto–) elebakarrak dauden batzarretan euskaraz aritzea. Badago gurean euskaraz ez dakien jendea, hainbat arrazoiengatik ezin izan duelako ikasi, atzerritarrak direlako… Begirunea zor diegu elebidunok eta haiekin jator jokatu…

Argudio berbera askotan entzunda daukagu.  Batzuk oldarkorrago adierazten dute argudio bera: elebakarren aurrean euskaraz egitea ez da gizalege onekoa: –Es de mala educación! (hizkuntzak komunikatzeko dira, azken batean).

Beraz, gizalege onekoak izateko, barkamena eskatu beharko dugu gure herrian gure hizkuntza erabiltzeagatik. (Birritan eskatu barkamena gure inguruko euskalkia erabiliz gero, agian). Barkamena eskatu beharko dugu autobusean, nahi gabe, albokoari oinetakoaren punta zapaltzen diogunean bezala.

Saiatuko gara gizalege onekoak izaten eta inori juanikotea ez zapaltzen eta badaezpada, guk beti gaztelaniaz egingo dugu.

Eta euskararen eguna pozik ospatuko dugu bihar!

Irudia | Ande Deunakoak | UKberri | Creative Commons By SA

4 pentsamendu “¿Respeto?”-ri buruz

  • Harrigarriena da hainbeste urteren ondoren, hainbeste bilera, txosten, diagnosi eta txorixopanplonaren ondoren, ez diogula gure buruari eman horrelakoen aurrean jokatzeko modu kohesionatu eta eraginkor bat… Autodefentsa antolatzeko irizpide garbiak sortu eta gizarteratu behar ditugu, orain! Ikastolek beraiek ez dute jarrera argi bat! eta azkenean irakaslea eta gelako tipologiaren baitan geratzen da kontua. Badakit saiakerak egon direla (EHE, Behatokia…) baina, pentsatu beharko dugu zergatik, oraindik ere euskalduna bakarrik eta babesgabe sentitzen da horrelako askotan. Berehalako itzulpena ez da irtenbide txarra baina garestia izanik, bilera handietarako baino ez da bideragarria… Ez etsi Gorka!

  • Horrelako egoeratan eroso eta euskaraz jarduteko gidatxoa argitara eman du Emunek orain dela egun batzuk. Aterabide guztiak ez ditu, baina batzuk bai. http://www.lantalan.com/230

  • Estimatua Txerra.

  • Mila esker Txerra.

    *Zer egin* dokumentuaren lehen orrian agertzen den hausnarketatxo hori, Bahametako beltzen edukazioaren testuak iradokitzen duen hausnarketa hori zen, hain zuzen, hona ekarri nahi nuena.