Nafarroako Administrazioan, euskarari beste iruzur bat gehiago

2008ko abenduan onartu zen Nafarroako Nazioarteko Planaren baitan Funtzio Publikoaren 2498/2009 Ebazpenean jasotzen da ingelesaren ezagutza  % 10eko balioarekin baloratu ahalko dela B mailako lanpostuen  kasuan, eta puntuazioaren %10 esleituko zaiola A mailako lanpostuen kasuan. Plan horretan aurreikusitako jardueren balantzea  egin du berriki Nafarroako Gobernuak.

Horrela ezagutu dugu  azken aldian egin diren lan-eskaintza publikoko 25 deialditan txertatu dela ingelesezko proba eta, dagoeneko ebatzi diren bi deialditan, erabakigarria izan dela ingelesaren ezagutza.  Hemen azaltzen garenok, batetik, deialdiak formalki oposizio bezala aurkezten  badira ere, benetan, oposizio-lehiaketa baten aurrean aurkitzen garela salatu nahi dugu. Izan ere, ingelesaren ezagutza borondatezko eta ez baztertzaile moduan planteatzen baita, hau da, praktikan merezimendu gisara.

Froga egiten ez duenak edo ingelesaren ezagutzarik ez duenak ez du punturik jasoko, baina horregatik ez da baztertua izango hautaketa prozesutik, eta ezagutza maila gorena duenak, baremoko 100 puntuetatik 10 puntu lortu ahal izango ditu.  Hautapen prozesua oposizio bidez egingo dela esatea, berez oposizio-lehiaketa izango dena mozorrotzeko modu bat besterik ez da, benetan oposizioa balitz nahitaez frogatu beharko bailitzateke ingeles gaitasuna.

Gure ustez, trikimailu honekin euskararen ezagutza baloratzeko arauak saihestu nahi dira, izan ere,  Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioko eta haren erakunde autonomoetako plantila organikoan euskara jakitearen trataera arautzen duen 55/2009 Dekretuaren arabera, euskara jakitea derrigorrezkoa ez den lanpostuetan, merezimendu gisa baloratu behar baita haren ezagutza.

Bestetik, azken urte hauetan guztietan sektore publikoan euskararen erabilera arautzeko Nafarroako Gobernuak euskararen kontra hartutako neurriei, lege-iruzurra gehitu die, atzerrikoa eta ofiziala ez den hizkuntzaren ezagutza aintzat hartu eta berezkoa eta ofiziala den euskararen ezagutza baztertuz. Euskaldunen hizkuntza-eskubideak bermatuko dituzten langileak ez dituzte segurtatuko, eta, aldiz, ingelesa jakitea, saritu egingo dute.

Onartezina deritzogu ingelesaren ezagutza baloratzea eta, aldiz, euskara jakitea ez baloratzea. “Profesional onak behar ditugu eta ez euskara ezagutuko dutenak”: behin eta berriz entzun eta erabili den argudioa izan da euskara, bertako hizkuntza, baloratzearen kontra. Ingelesarekin, ordea, ez dago nonbait horrelako arazorik. Nafarroako Administrazio Publikoan lan egiteko ingelesaren ezagutza modu nabarmen honetan baloratuta, bere espezialitatean profesional on bat posturik gabe geratzeko arriskurik ez dago nonbait. Hautapen prozesuan ingelesa, Nafarroan izaera ofizialik ez duen hizkuntza, baloratzen bada, derrigorrezkoa da euskararen ezagutza baloratzea.

Nafarroako berezko bi hizkuntzetako bat dena eta eremu geografikoaren arabera izaera ofiziala duena. Onartezina da arrotza den hizkuntza baloratzea eta berezkoa eta ofiziala den hizkuntza ez baloratzea. Horrela, euskarak ofizialtasun izaera galtzen baitu eta ingelesaren azpian edo atzerriko beste  edozein hizkuntzaren parean geratzen baita. Ingelesa baloratuz eta euskara alboratuz, nafarrok berezkoa eta gurea dugun hizkuntza ofizial bat diskriminatu egiten da eta euskaldunok ikusezin bihurtzen gaitu.

Ez dugu ahaztu behar Administrazioak izan baduela euskararen ezagutza eta erabilera babestu eta sustatzeko obligazioa. Gogoratu behar dugu 18/1986 Foru Legearen 2. artikuluaren arabera, euskara Nafarroako Foru Erkidegoko berezko hizkuntza dela, gaztelaniarekin batera. Aipatu Legeak zehaztutako eremu euskaldunean euskara hizkuntza ofiziala da, eta gainontzeko eremuetan (mistoan eta ez euskaldunean), nolabaiteko errekonozimendu ofiziala izan badauka.

Ekainaren 15eko 55/2009 Foru Dekretuaren 2. artikuluak eremu euskaldunean euskararen ezagutzaren trataera arautzerakoan, nahitaezkoa izendatu ez denean, euskararen ezagutza merezimendu baremoko puntu guztien %6ko balorazioa izan behar duela aurreikusten du, eta herritarrekin duen hartu-eman  mailaren arabera %10era iritsi daitekeela. Zentzu berean, 3. artikuluak, eremu mistoan kokatutako lanpostu publikoak eskuratzerako orduan euskararen ezagutzaren trataera arautzerakoan, plantila organikoaren arabera nahitaezkoa ez denean, merezimendu baremoko %3a izatea eta herritarrekin duen hartu-eman graduaren arabera %6koa izatea aurreikusten da.

Aipatutako arauen arabera, beraz, euskararen ezagutza baloratu beharreko elementuetako bat da lanpostu publikoen hautaketa prozesuetan; are gehiago arrotza den hizkuntza baten ezagutza maila baloratua denean. Hortaz lege iruzur baten aurrean aurkitzen gara. Argitaratutako lan deialdi hauen oinarriek euskararen ezagutza baloratzea saihestu nahi dute eta orain arteko bazterkeria areagotu besterik ez dute egiten.

Izan ere, hezkuntzakoak alde batera utzita, 2001eko urtarrilaren 1etik 2008ko uztailaren 1era, euskararen ezagutza eskakizun moduan izan duten lanpostuak % 1,1 besterik ez dira izan eta euskara merezimendu gisa lan deialdien % 1,2tan besterik ez da baloratu. Horrela, Nafarroan elebidunen kopurua handitzen ari denean eta maiatzean bertan Euskaraz bizi nahi dut  lelopean Nafarroan inoiz egin den manifestaziorik handienaren oihartzuna isildu ez denean, Nafarroako Gobernua hartzen ari den neurriek euskaldunok eguneroko bizitzan eta hizkuntza eskubideen eremuan jasaten dugun diskriminazio egoera betikotu besterik ez dute egingo.

Eta horrek, gure ustez, izen bat dauka: hizkuntza eta kultur genozidioa, glotozidioa, alegia. Aniztasuna da gure munduaren berezitasunetariko bat. Baita aniztasun linguistikoa ere. Eleaniztasunaren, hizkuntza aniztasunaren alde egiteak ez du esan nahi bertako hizkuntza lehenetsi behar ez denik. Hizkuntzak nahitaezko bitartekoak baitira kultur adierazpenerako.

Hortaz, Nafarroako euskal hiztunei zerbitzua euskaraz eskaini eta euskaldunen hizkuntza-eskubideak bermatu ahal izateko ezinbesteko baldintza izan behar du lanpostuak betetzeko euskara ere jakitea.

Behatokiko zuzendaria sindikatuekin batera

Irudia | Behatokiko zuzendaria sindikatuekin batera | kontseilua | Creative Commons By SA

Euskararen normalizazioa azkartzeko lan egiten duten erakundeen eta eragileen bilgunea da Euskalgintzaren Kontseilua. 30 talde baino gehiagok osatzen dute, eta, batasunaren indarraz baliatuz, euskararen normalizazioa azkartzeko hizkuntza-politiketan eragitea du xede. Kontseilua sinetsita baitago euskara dela gizarte kohesionatu, justu, demokratiko eta berdinzaleago bat eraikitzeko tresna. Helburu hori jomuga hartuta ari da lanean 1998. urteaz geroztik.