Udalbiltzari buruzko analisiak

Berriak bost zutabera zabaldu du absoluzioarekin eta argazkia emateaz gain, Pello Urzelaik egin du analisia. Hauxe da giltzarria Pello Urzelairen arabera: “Udalbiltza auziaren absoluzio epaia salbuespena da edo jarduera eta estrategia mota baten amaieraren hasiera?” Zazpi urte luzeren ondoren iritsi den epaia “Nazio instituzio baten egitasmoa bizkortzeko garai egokian iritsitakoa” dela esan du. ETAren helburuak eta kasu honetan Udalbiltzarenak berdinak edo antzekoak izatea ez da aski izan auzi honetan Egunkariarenean bezala auzipetuak zigortzeko, baina gurpil horretan beste batzuek zigortu dituela ANk gogoratu du Urzelaik: Jarrai-Haika-Segi auzia, 18/98 auzia, AAB-Askatasuna auzia eta Batasuna, Ekin eta Segiren kontrako auzi eta operazioak, joan den asteartekoa barne.

Garak editorial bat ez, bi idatzi ditu Udalbiltzari buruz, Iñaki Iriondoren analisiaz gain. Euskaraz bata eta gaztelaniaz bestea. Euskarazkoan, auzipetuak zoriontzeaz gain, Udalbiltzaren zilegitasuna nabarmentzen du ‘Zorionak Udalbiltzako auzipetuei; elkartasunak bidea segitu behar du’ izeneko editorialean. Udalbiltza herri erakunde ezinago zilegizkoa da. Euskal Herriko herrialde guztietako herritarrek hautatutako lagunek osatua eta herritar horien nahia gauzatzeko proiektua duena. Horixe da gogor zigortu nahi izateko «delitu» ikaragarria: herritarren agindua betetzea.

Gaztelaniazkoan, Sententzia absolbitzailea, albiste ona eta oso esanguratsua’ izenekoan, unean kokatzen du atzoko albistea, eta Maribi Ugarteburu Udalbiltzako auzipetuak egin bezala, aste honetako atxilotuekin parekatu du editorialak Udalbiltza kasua. “Deigarria da absoluzioa tesi akusatzaile berdina eta ekiteko modu berdina dituen makrosarekada bat burutu eta bi egunera etortzea, sententziak hain justu desmuntatu duen ekiteko modu bat. Ez da gehiegizkoa esatea bazekitela sententzia iristear zegoela, eta horrexegatik, eragina leuntzeko eta mezu politikoa pasarazteko, eraso egitea erabaki zuten. Garzonek Udalbiltzarekin eta Marlaskak bere sarekada telebisatuekin, jarrera delitugile eta prebarikatzailea erakusten dute”.

El Correok sententziaren puntu bat nabarmentzen du ‘Zuzenbidean absolbituak’ izeneko editorialean, Udalbiltzaren jarduna eta ETArenak “kointziditu” arren edo “sintonian” egon arren, horrek ez duela “dependentzia egoerarik” frogatzen. Nabarmentzen du editorialgileak absolbituak korrika atera zirela esatera epaia bat datorrela “eszenatoki aldaketa batekin eta fase politiko berri batekin”, eta deitoratzen du jarrera horrek erakusten duela ezker abertzalearen ezintasuna onartzeko erabaki judizial hau Zuzenbide Estatu baten egintza bezala.

Argian, Urko Apaolazak luze eta zabal aztertu du sententzia osoa, eta hiru puntu nabarmendu ostean, dio: “Absurdoa”, “kointzidentziara murriztua”, “logikaren kontrakoa”, “txepela”, “hipotesietan oinarritutako zantzuez” osatua, “ab initio lastraturikoa”… Eta ab initio existitu behar ez zuen auzia.

2 pentsamendu “Udalbiltzari buruzko analisiak”-ri buruz