EUSKARA STANDARREAN dohakigu euskararen aberastasuna, eta euskara batuak ez gaitu bizitzen, oraindik. Telebistarako egiten diren bikoizketetan behintzat ez. Euskara esklabu bat daukagu mahai gainean, zirujauen zain.
Amurizak esan du ondoen: euskara batuak bigarren jaiotza bat behar du. Eta ez bakarrik euskara batuak bere joera ofizialista eta estandarretan frexkotasun eta jatortasun falta duelako; ez bakarrik linguistika eredu kamuts eta motzetan iraunbizitze kondena jaso duelako euskarak; ez bakarrik euskara kaletarra gure komunikabideetan ez delako existitzen. Euskarak dituen hankamotz eta errenkeri guztiak euskaran siniste ezatik datoztelako baizik.
Eta berriz sinisten hasteko garaia dugu. Enuskara honetan, eunukoen euskaran, (Lakarrak “euskara” hitzaren aintzin-errotzat proposatu diguna), gehiena kanpotik etorri zaigu, eta soilik aldarean ipurdia ondo kokatu dutenek daukate zilegitasuna anabasa linguistikoan sartzeko. Hortaz, euskara eta aintzin-euskarak, jatorri ezezaguneko mixterioa izaten jarraitzen dute. Gotortu zaizkigu aitzin-euskararen aitzindariak. Ehunekotan ematen dira hitzen jatortasunak, eta azkenerako euskararen erro zaharra ezer gutxi omen da.
Hasteko, latinak ekarri zizkigun euskara-latina gurutzaketan leudeken adibide guztiak. Inork ez du hasi etruskoaren azterketa, ea latinetik bainoago, euskal-etruskoar sustratu amankomun bat egongo ote zen, latinoek mundua asmatu baino lehen. Jarraitzeko, Iruña-Beleiako euskara ezinezko kakanahasietan galtzera bota dute. Epigrafiarako hizkuntzalariak teoria bat baldin badu, arkeologoak bere teoria eta lege guztiak berridatzi beharko ditu. Batezere ukiezinak direnak, estratigrafiarenak. Horra! Zientziaren mundua hankaz gora, Lakarra eta beste batzuei bere teoriak berridaztea nekeza egiten zaielako.
Era berean, ahaztu iberiar hizkuntzarekin egin litezken konparaketak; ahaztu euskara eta amazigh (bereber) hizkuntzaren arteko kointzidentziak; purismoaren izenean, ikerbide asko geratzen dira alde batera, eta, hareago, aldare batean igo nahi izan dute euskara, purismo horren izenean.
Zuritik beltzera joan gabe, materialismo historikoak erakust diezaguke harremanak egon zirela herri haiekin; iberiar herriarekin Ebro ibaiaren arroan elkarbizitza egon zela; Afrika iparraldetik tribuak Iberiara iritsi zirela, eta agian abeltzaintza ekarri zutela penintsulara. Mendebaldeko kulturan indarrean egon den arrazakeri historikoak ez digu ezertan laguntzen euskaldunoi. Garai bateko difusionismo harek uste zuen dena nonbaitetik ekartzen zela; nekazaritza hauek ekarri zutela, eta metalgintza beste haiek. Gerora konturatzen joan ziren historialariak badirela garai beretsuetan batera sortzen diren fenomenoak; ez direla herri zibilizatzaile batzuk behar prozesu historikoak ulertzeko, edo behintzat konplexutasun haundiagoek mugitzen dutela historiaren gurpila. Alta, ezin da errotik ukatu euskaldunek iberiar herriekin (dena dela euren ezaugarritze kulturala edota hizkuntzarena), edo afrikako iparraldeko herriekin harremanak eduki izana. Hortaz, ez gara frikismoan erortzen ariko iturri horietan bilatzeagatik. Noski: agian teorikoki eta metodologikoki egoki kokatu beharko ditugu aurkikundeok. Harremanak egon egon ziren; sozioekonomia edo kulturari eragin zioten, dena-delako hizkuntz-estratigrafia jakinetan; eta hitz haiek, kontzeptu haiek, bizimodu edo tresna haiek gure herriaren ondarean sartu ziren.
Lanbroa kentzen joango gara, konplexuak, buru-gorrotoa; eta euskara agertuko zaigu begien parera. Eta noski, erantzuten hasi beharko ditugu, betirako erantzun-gabeak ziruditen galdera haiek. Zein da euskararen aitzintasuna? Wiik finlandiar ikerlariaren teoriak dio azken glaziazioan euskal lurraldean eta finlandiarrean kromagnon taldeak bildu zirela, Europar lurralde gehiena bizitzeko esparru hotz eta mortua baitzen. Kromagnon-ek 35.000/30.000 urte tarte haietan populatu zuten Europa. Atlantiar aurpegian dauden odol, antroponomia eta bestelako aztarnek bertan bestelako herri-jende bat egon zitekeenaren zantzuak utzi dituzte: Galiziatik Bretañaraino, britaniar uharteetan, eta guantxe herriarengan, kanarietan.
Eta antroponomiak aztarna haiek gorde baditu, agian kromagnon haien hizkuntzaren erro zaharra da guk gorde duguna: Euskararen lehen matrixa, erroa eta izana. Eta ez bakarrik izana, baizik eta euskara indartsu egin duten elementu kultural guztiak, euskararen unibertsoan: gutasun kulturalak kudeatzeko tresnak, modu behinean gu sentitzeko eta irauteko balio digutenak. Auto-fikzio, auto-kontzientzia, eta auto-dudaren tresnak. Gu horren atzerako-elikaduraren tresnak.
Gu-aren unibertsoan, euskararen irla horretan (Atxagak zioen bezela), arteak dauka kolektiboaren giltza; gu izaten jarraitzen dugu euskaraz birsortzen dugulako gure mundua; adaptazioarekin eta eraberritzearekin, eta baita irekidurarekin. Jarraipena eta irekidura, Sarasuak dioen bezela.
Ezin saihesturiko elementua da Euskal Herriak hedonismoaren eskutik egiten duela birsortze hau: ihauteria, festa, jaia. Festan birsortzen gara, berriz gutartzen. Besta gu-aren paradigma elikatuz egiten bada, izaten jarraitzen dugu. Aitona apeza eta aita soldadua kendu, eta artista euskalduna agertuko da. Bere tamaina historikoan, kulturalean. Ez horren garbi, ez horren jator, eta ez horren epel: nahasketaren nahasketaz, nahas-mahasan hazi eta garatu den euskalduna, hemendik pasa diren herri guztien iturrietatik edan duena, eta haiei, ziuraski guk uste baino gehiago, edaten eman diena.
Baina euskara batu berria erdiesteko ezingo dugu ostruken moduan ibili, lainopean, gure gu zahar galdu haren bila abiatu beharko dugu. Bestela nola batuko dugu gure hizkuntza, bere erro zaharra ezagutu gabe? Zein izango dira idazteko ortografiazko legeak? Zein hitz izango dira etimologikoki ezezagunak eta zeintzuk ezagunak? Gutxienez, 10 urteko prozesu bat behar du euskarak, euskara batua berriz batzeko. Euskalkien ondareak ere bere baitan beharko du, eta ez /g/ eta /ge/ eta /jo/ eta yotaren eztabaida antzuak. Eta euskalki bakoitzak bere eremua beharko du, eta bere telebista eta irratiak. Azkenik: euskalkien garapenak teoria sakonagoak beharko ditu, euskalkien sortze eta bereiztea azalduko diguna, ildo honetan egon den eraberritze metodologiko eta teorikoan sakonduz.















[...] Euskara batua euskara galdua. Manex Ohianart. Zuzeu Iruña Veleiarekin zerikusirik ez duen gaia berehala %eko 100a bete du, hasieran Manex Oihanartek sinatzen zuena, Manex Oihanbeltz bilakatu da baina inor ez da konturatu, Iruña Veleiako tragediaren historia berri bat asmatu dute salatariek, zerikusirik ez duena errealitatearekin baina berdin dio, inor ez baita konturatu. [...]
Barkamena eskatu nahi diogu OSTRAKA erabiltzaileari, ez baitugu bere iruzkina argitaratu ahal izan, bere kexri esker, SPAM artean ikusi dugun arte. Saiatuko gara berriro halakorik gerta ez dakigun. Gure barkamena, beraz. Eta eskerrik asko ZuZeura zeure iritzia ekartzeagatik.
Barkamena Zuzeu-ri pazientzia ez izateagatik eta eskerrik asko iruzkinak argitaratzeko aukera emateagatik, beste lekuetan ez dute uzten.
Euskara batua behar-beharrezkoa da gizarte moderno honetan euskarak biziraungo badu. Akatsak egin direla? Bai. Osatuta ez dagoela? Bai. baina aizue, aldaera estandarra ez da egun batetik bestera sortzen!! Belaunaldi askoren lana da estandarra sortu, garatu, txukundu eta bereganatzeko.
Tokian tokiko euskalkiak ezaugarriak galtzen ari direla ta Batuaren eraginez dela? Bai. Euskalkiak desagertuko dira? Ez, euskalkiak ALDATU bai, elkarren arteko ezberdintasun ta ezberdinkeriak galdu BAI baina edozein hizkuntzatan bezala, beti egongo dira dialekto ezberdinak.
Nik uste arazorik larriena ez da euskalkien biziraupena baizik eta Batua euskara zuzen bakarra dela ustea eta zabaltzea. Batua eta “zuzentasuna”ren arteko zelabaiteko identifikazioa ematen ari da, batez ere, Batua baino ez dakiten eremu erdaldunetako gazteen artean.
Askotan Batua da entzun eta egiten duten bakarra,ezagutzen duten bakarra, euskaldun zaharren euskara txartzat hartuta. Horrela idazten ez delako edo eskolan horrela ikasi ez dutelako. Hor dago koxka, kaleko euskararik ez euskara “txarra” delako, baina Batua ere ez, hizkera jasoa delako eta ez dituelako gazteen behar sozio-komunikatiboak asetzen…
Ikustekoa da zer tema daukagun euskaldunok behin eta berriz diferente azaltzeko. Ez dute bada hizkuntza askok eta askok beren estandarretarako bidea egina? Bada marka, gero, gaur egun ere honakoak entzun-eraman beharra: zertarako behar dugun batua edo batua euskara mintzatuaren galgarri dela (hiztunbizi). Idazten duzun hori, zertan da ba batutik bereizten? Lauzpabost adizkitan? (dot, dekot…) Ez duzu zuk ere baturako tartea aspaldian ibilia, hiru-lau ñabardura kenduta? Zertara dator orain euskalkien esentzietara bueltatu behar-atzera-begirako hori? Dena den, horrek ez du kentzen oraingo batua aberasten eta gaitzen segitzea, baina hortik den-dena errotik erauztera alde ederra dago. Horrek euskararen kontrako diskurtsoa potolotu baino ez du egiten, bizitza modernorako balio ez duen kalaka suntsitzaile hori bera.
Assar, eta erabilitako euskarari dagokionez, ez dut uste Lakarraren kasuan arazoa zuk diozun ortografia-zuzenketak direnik, eta are gutxiago euskara ikasteko bidean topatutako eragozpenik, ezpada euskararen faktotum batek erakutsitako lexiko-zabarkeria galanta. Izan ere, gure euskaltegietako edozein ikaslek edo egungo hedabideek argitaratzen dutena iraizean bada ere irakurtzen duen edonork badauka Euskaltzaidiak lexiko arloan egindako eguneratzeeen berri. Harrigarria kontua gainontzekoekin horrenbesteko zorroztasuna darabilen baten eskutik.
Irala, nik ez dut besteeengatik erantzuten, nigatik soilik.
Bestalde, zure 2011/02/04 @ 00:40 mezuarekin ados. Zerbait gehiago erantsiko nioke “batu hau vs. beste batu bat vs. euskalkiak” auziari: Gasteizen ez daukagu euskalkirik, beraz haur guztiak euskara batua ikasten ari dira. Haur horiek egunen batean euskaraz hitz egiten badute, haien euskara “naturala”, ikasi duten batua izango da.
Portzierto, oraintxe konturatu naiz artikulu hau ilustratzen duen irudiaren azpian “euskara eta euskarak, koldo zuazo, Creative Commons By SA” jartzen duela. Irudi horren prestaketan nik parte hartu nuenez, esan beharra daukat hori ez dela zuzena, irudiaren jatorria hau da:
http://commons.wikimedia.org/wiki/File:Euskalkiak_koldo_zuazo_2008_euskara.png
Wikipediako Akerbeltz erabiltzaileak egin zuen beste honetan oinarrituta:
http://commons.wikimedia.org/wiki/File:Euskalkiak_koldo_zuazo_2008.png
Eta hori nik egin nuen Koldo Zuazoren mapan oinarrituta.
http://www.ehu.es/xabierb/ETGZ/GZ%20irakurgaiak/BERRIA.Euskalkiak.pdf
Horiek guztiak gara maparen egileak. Denok egile modura jartzea ez denez egokiegia, azken egilea eta jatorria aipatu beharko lirateke (hasieran jarri dudana):
http://commons.wikimedia.org/wiki/File:Euskalkiak_koldo_zuazo_2008_euskara.png
Mesedez, euskara kutsatu nahian??? gure hizkuntzaz uarro gaude eta ez dugu kutsatzerik nahi. Eskeini iezaiezu hori berdiña egin dezaten espaiñolei beren hizkuntzarekin: “calle”-ren ordez, hasi daitezela latinoen eragiñaren erruz “street” deitzen……
Seriotasun pixkat!!
Euskara Batua lan administratiboetarako eta euskalkiak kalerako eta komunikabideetarako!!!
Hernani, berandu samar zabiz euskararen ustezko kutsatzeari txiri egiteko; kontua da, ez bazeneki, haren lexikoaren ehuneko handi-handi bat latinaren eta gaztelaniaren ekarpenei zor diela dagoeneko. Dena den, hau ere jakingarria da, hizkuntzen kutsatze kontuetan ari bagara, ez ei da lexikoa kaltegarririk latzena, ezbada morfo-sintaxiari eragiten dioten neurriz gaineko interferentziak.
Lakarrari:
Hau diozu: “Eliseo Gilek eta taldeak datazioak egiteko eskatu omen. Bai? Aho txikiarekin izango da, motel”. Nola esan dezakezu hau? Sortu zen batzorde zientifikoan, Eliseok datazioak eta kata kontrolatu batzuk eskatu zituen argi eta garbi eta hori al da “aho txikiarekin” eskatzea? Gainera, zuek (Gorrochategirekin batera) por activa y por pasiba etengabe datazioak egitea oztopatzen, ridikulizatzen… saiatu zarete. Gilek aukera eduki zuela eta ez zuela ondo egin diozu (CNRS). Eta zer? Ez baziren ondo egin orain ezin dugu? Zergatik ez? Munduan datazioak egiten dituzten laborategi guztiak itxi dituzte ala? Langabezira joan dira denak ala? Ala zabalik daude eta esan ahal digute datazio horiek egin daitezkeen ala ez, eta noizkoak diren? Zergatik epaileak datazioak egitea ondo ikusten du? Zergatik Iruña Okako Udalak ere datazioak egitea ondo ikusten du? Zergatik Batzordean egon zineten gehienok ez egiteko esan zenuten?
Zuek, hizkuntzalaritza jarri duzue arkeologiaren gainetik, Manexek dioen bezala. Manex oso ondo laburtu duzu. Eta hori horrela da nahiz eta Lakarrak hori behin eta berriz ukatu. Ikusi Berrian Lakarra eta Gorrotxategiri egindako elkarrizketa: “denak faltsuak dira, ez dira datazioak egin behar, hizkuntzalariek diotenari kasu egin behar zaio…” Ez dut nire bizitzan hain hitz jario lotsagarriagorik ikusi (arkeologo eta historialariak hutsaren hurrengotzat hartzen zituztelako biek).
Ofizioko eta ez ofizioko hizkuntzalariek, epigrafistek, historialariek, geologoek, egiptologoek… esan dute Iruña Veleiako ostrakak egiazkoak izan daitezkeela. Ala bakarrik zure aldeko txostenak irakurtzen dituzu Lakarra jauna? 16 txosten daude, HAMASEI. Elexpuru eta Iglesiasen txostenak esaterako ikaragarri onak dira: zalantza guztiak argitzen, jende asko kontsultatu ondoren noski (zelta hizkuntza, latin bulgarra…), hau da batzordeak ordainduta egin ez zuen lana, kobratu gabe mila aldiz hobeto egin dute. Lakarra, badirudi zuen Batzordeko txostenez gain, Alberto Barandiarenen liburua baino ez duzula irakurri. Eta gero Manex eta besteei zer irakurri behar den eta zer ez aholkatu…
Gezurra hitza aipatzea ere Lakarra jauna, zera, “zozoa beleari ipurbeltz” deitzea bezalakoa. Hedabide guztien aurrean “Descartes” agertzen zela esan zenutenean, Eliseo Gilek bere burua ezin defendatuz, argazkia ez zelako erakutsi… LOTSAGARRIA, gezurti handiagorik ez dut zientzian ikusi aspaldion, kalean bai, baina horrelako maila bat eduki behar duen pertsona batek “Descartes” agertzen dela esatea hamarnaka egunkari eta irratien aurrean… gezur gutxik izan duten hain oihartzun handia. Eta grabatuta dago, jaun txit goren hori. Eta gero, 3 hilabete beranduago ostraka irakurri genuen, Lorenak ondo egin duen gauza bakarra, argazkiak eta txostenak ikusgai jarri (presioak bazirela esan behar). Eta zuen gezurti handi horretaz konturatu ahal izan ginen.
Amaitzeko, Lakarra jauna, hain seguru bazaude zure argudioez, mesedez, ez beldurtu eta hitzaldietara joan, beste alderdiarekin aurrez aurre eztabaidatzera. Zientzia hori da eta.
Neu adiskidea, erregutzen dizugu zeure izen-abizenez sinatzea iruzkinak, baldin eta bertan, euren izen-abizenez ari direnei zerbait esan nahi badiezu. Eraginkortasuneanirabaziko zenuke horrela. Etika apur bat, eta estetika ere bai.
Gianetik hasi naiz artikulua irakurtzen, eta apurka sakontzen joan behar izan dut, harridura aurpegia gero eta nabarmenagoa izan denean…
Hainbat dira biltzen dituzun ideiak, haietako asko oso ezberdinak eta eztabaida amaigabea suposatu lezaketenak, baina… euskara batu berria? gure ikasle askok eta askok ez dute daukagun euskara batua menperatzen eta beste bat sortuko dugu? akaso euskaldunagoa?
Ni euskalkien aldekoa naiz erabat… nahiz eta egia esan erabili ez… baina… egin beharko duguna da berplanteatu euskara batua eta euskalkien arteko alde edo ezberdintze/sailkatze hori noraino den sanoa, eta ez bata edo bestea gailendu…
Euskal Herrian hamaika errealitate ezberdin ditugu, eta zenbait zonaldetan euskara batua da “euskaldun” izateko aukera bakarra…
Nola planteatu daiteke euskalki ezberdinetako telebista bana, baldin eta ikusten ari bagara ETBk gero eta audientzia gutxiago duela? Planteatu beharko duguna hemen ere izango da ETBren kalitatea hobetzea, edo edukiak aldatzea, edo benetako Euskal Herriko errealitatera egokitzea… baina berria egitea?euskalkietara “bihurtzea”??
Zenbait eremutan nahikoa dugu euskara bat eta bakarra izatearekin…. joango gara gero bakoitzak euskalki bat edo besteren arrastoak gure hizkerara doitzen, gure egunerokora urbiltzen apur bat…