Zeinek erre nahi ditu hondakinak (9)

Zeinek erre nahi ditu hondakinak (9)

2005eko otsailaren 16an sartu zen indarrean Kyotoko Protokoloa. Protokoloa sinatu zuten ehun eta gehiago estatuek onartu zuten 1990ean isuritako CO2 kopuru osoa baino %5 gutxiago isurtzea 2008tik 2012ra bitarteko bost urteetan. Gero negoziazio gogorrak ireki ziren estatuetako ordezkarien artean, batzuek urte asko eman baitituzte CO2 lasai-lasai isurtzen, eta beste batzuek eskubidea sentitzen baitute CO2 gehiago isurtzeko, haiek gutxiago kutsatu dutela argudiatuta. Izan ere, CO2 gutxiago isurtzea, industria garapenaren aurka egitearen sinonimotzat hartzen da: gutxiago produzitzea, gutxiago kutsatzea da, eta alderantziz: gutxiago kutsatzea, gutxiago produzitzea da. Auzo aspergarria da CO2 hori negozioentzat.

Estatuen arteko negoziazio gogor haietatik Espainiako Gobernuko ordezkariek lortu zutena hau izan zen: 1990ean isuri zuen CO2 baino %15 gehiago isuri ahal izatea 2012an. Izan ere, akordio orokorrak CO2 isuriak gutxitzea jasotzen badu ere, herrialde batzuek gehiago isurtzeko «eskubideak» eskuratu zituzten. Itxuraz Espainiako enpresarientzat mesedegarri litzatekeen akordio horrek badu arazo bat, eta da 1990ean isurtzen zuen CO2 kopurua baino %42 aldiz gehiago isuri zuela 2008an Espainiak(40). Hortaz, %27 gutxitu beharko lituzke isuriak, dagoeneko, Kyotoko helburuak lortzekotan(41).

«Espainiako elektrizitatearen industriak oraindik eta gehiago jaitsi ditzake bere isuriak, elektrizitatea sortzeko teknologia garbiagoak erabilita: gasaren ziklo konbinatuko zentralak (…), eta energia berriztagarriak [errauste plantak ere azken horietan sartzen dira]. Alde horretatik, Iberdrolaren plan estrategikoa da (…) 5.500 milioi euroko inbertsioak egitea, 2008an 16.000 megawatt baino gehiago garbiak izateko: 10.600 megawatt ziklo konbinatuekin lortuko dira eta 5.500 megawatt berriztagarriekin, batez ere parke eolikoekin». Horrela ikusten zuen egoera Jose Luis del Valle Iberdrolako Estrategia eta Garapen zuzendariak 2005ean, Kyotoko Protokoloa sinatu zenean.

Arazoa argia da zenbakitan jarriz gero. Industriak isuritako CO2 guztiaren %45 inguru igortzen du atmosferara. Gobernuak zehaztu egiten dio industria sektore bakoitzari zenbat CO2 isur dezakeen. Helburuak lortu ezean, «aire garbia» erosi behar dute enpresek. «Aire garbi» hori erostea ?ekologistek «kutsatzeko eskubidea» esaten diotena?, tonako 13 edo 14 eurotan ordaintzen da, Imazen esanetan. Helburuak lortuz gero, ordea, «aire garbi» hori saldu egin dezakete. Gainera, datozen urteetan, CO2 isurtzeko eskubideak garestitu egingo direla ziur dago Imaz eta, beraz, enpresei kutsatzea gero eta garestiago aterako zaiela. Adibiderako balio du 2007ko Nafarroako datuak: industriak atmosferara igortzea espero zuen CO2 guztiaren erdia igortzeko «eskubidea» besterik ez zuen jaso eta, beraz, erosi egin behar izan zituen «eskubide» horiek. Datu horiek ikusita,  Nafarroako Ingurumen Kalitaterako zerbitzuburu Pedro Zuazok zenbait neurri proposatu zituen, 2007ko apirilean, Gas Natural Fundazioak antolatutako jardunaldi batzuetan:

  • Energia aurrezteko eta efizientzia hobetzeko neurriak.
  • Baporezko labeak aldatzea, energia sor dezaketen kogenerazioko labeengatik.
  • Biomasa erabiltzea erregai gisa.Hondakinak «balioztatzea» eta birziklatzea.
  • Sortutako produktuak egokitzea.«Garapen garbiko eta ezarpen komuneko» proiektuak ezartzea.

Pedro Zuazo da orain Nafarroako hondakinen kudeaketa plana aurkezten dabilen arduradunetako bat. Orduan bezala gaur ere, CO2 igorpenak gutxitzeko hondakinak erraustearen abantailak nabarmentzen dihardu, errauste planta bat jarri nahi duen plana aurkezten duelarik.

Cementos Rezolak ere hartu zituen neurriak, Kyotoko Protokoloa sinatu zenean. Zehazki: beste industria prozesu batzuetako soberakinak erabiltzea lehengai gisa; clinker labeen energia eraginkortasuna hobetzea, erregai kontsumoa gutxitu ahal izateko; eta, hondakinetatik eratorritako «erregai alternatiboak» erabiliz, erregai fosilak ordezkatzea(42). Neurriak neurri, 2005ean Cementos Rezolako Añorgako plantak 898 kilo CO2 isuri zituen sortutako clinker tona bakoitzeko; Arrigorriagako plantak 887 kilo CO2 isuri zituen clinker tonako.

CO2 gehien isurtzen dutenak izateaz gainera, energia kontsumitzaile handienetakoak dira zementu fabrikak. 2005ean 4.425 gigawatt-ordu argindar kontsumitu zituen zementuaren industriak Galizian, Herrialde Katalanetan, Espainian eta Euskal Herrian: alegia, kontsumitu zen energia guztiaren %2 jan zuen zementuaren industriak. Energia bakarrik ez, energia lehengaietan ere, %2 kontsumitu zituen berak bakarrik: 3,4 milioi tona petrolio koke, eta 256.000 tona «erregai alternatibo».

Zementuaren enpresak ere ohartu dira, batzuk beren gogoz, besteak horretara behartuta, aldaketa klimatikoaren eraginaz. Nicolas Gaminde Cementos Lemonako zuzendari nagusi zenak hauxe utzi zuen idatzita 2005ean, Kyotoko Protokoloa sinatu zen urtean: «Inor gutxik jartzen du zalantzan, honezkero, aldaketa klimatikoa mehatxu egiten ari den errealitatea dela, eta pertsonen jarduerak sortutako negutegi efektuak eragin egiten diola. Zorionez, Kyotoko Protokoloa indarrean sartu zen otsailean, askok espero ez zuen arren, Errusia sartu ostean, eta horrek bultzada bat ekarriko du aldaketa klimatikoaren gainean lan egiteko, Garapen Iraunkorra den bezalako erronka funtsezkoaren parte bezala ulertuta».

Ohartu bai, baina onartu… Gaminderen aburuz, Espainiari egokitu zaiona, 2012an %15 gehiago isurtzea, ez da egokia; sektoreen artean egin den CO2 isurtzeko «eskubideen» banaketari, are sektore bereko herrialde batzuen eta besteen artean egin den banaketari, «injustu» deritzo: «[Isurketa kantitateak banatzeko] Prozesu horretan, Espainiako zementuaren industria oso gaizki tratatua izan da. (…) Zailtasunak zailtasun, erronka onartzen ari da eta, Cementos Lemona adibide gisa hartuta, urtetako lanaren eta 13,5 milioi euroren inbertsioaren bidez, jaso dituen isurketa eskubideak betetzeko moduan dago egun, produkzio planak aski asez, instalazioak egokitu dituelako, lehengaien %15 birziklatuak erabiltzen dituelako eta erregaien %25 alternatiboak direlako, haietatik %12 biomasa direla».

Kyotoko Protokoloa iraungi eta gero zer gertatuko den ere buruan du zementuaren industriak. Gaminderen hitzetan, CO2 isurketak are gehiago murriztea erabakiko balitz, 85 milioi tona zementu kanpotik inportatu beharko lirateke, eta Europako Batasunean 15.000 lanpostu galduko lirateke. Aldiz, isurketa eskubide doakoak emango balira, 2005eko zementu produkzioari eusteko, Gamindek uste du 53 milioi tona zementu inportatu beharko liratekeela, eta 10.000 lanpostu galduko liratekeela(43). Horiek dira zementuaren industriaren kezkak. Gamindek «postkyoto mehatxua» deitzen dio beldur horri: «Industria erronka horri erantzuten ari zaio, nahiz eta gaizki planteatua izan den, eta birbideratu beharra dagoen».

CO2 isurtzea ?Imazi kasu eginez? eta energia eskuratzea ?Garmendiari kasu eginez? prozesu gero eta garestiagoak izango badira, eta ekonomiaren atzerakadaz ohartuta, aise ikusiko da zementuaren industriak beharra duela, bai etxegintzaz aparteko merkatu berriak topatzeko, bai eta gastuak murrizteko ere. Eta hondakinak erretzeak helburu bat ez, gutxienez hiru asetzen ditu bide horretan:

  1. CO2 isuriak gutxitzea ?hartara ez du zementu produkzioa murriztu beharrik izango, isurtze mailetara egokitu ahal izateko?.
  2. Dirua aurreztea ?petrolio kokearen eta gasaren erabilera murrizten den heinean?.
  3. Eta Espainiako Gobernuaren diru laguntzak jasotzea, «energia berriztagarriak» sortzearren.

Horrela jaio dira ingurumen departamentuak zementu fabriketan, eta horrela sortu da zementu berdea: ingurumena zaintzearen negozioa, porlana salduz. Zementu fabrika batzuk, aztertzen ere hasiak dira hondakinen bilketarekin zerikusia duten enpresekin aliantzak sortzeko aukera.

Beste batzuek ez dute horretarako beharrik: FCCk biltzen ditu bertako hiri gehienetako hondakinak, berak errausten ditu Zabalgarbi errauste plantan, eta berak erabakitzen du zein erregai erabili zementu industrietan. Zertarako lagunak egin, dena etxean konpon baliteke? Gehiago dena, zabortegietan parke eolikoak jartzeko eta zementu fabriketako labeetako berotasunarekin energia sortzeko proiektuak aztertzen hasia da FCC. Horiek ere, noski, CO2 isurketak gutxitzeko balioko diote, paperean bederen.

(Datorren asteartean jarraituko)

Orain arteko artikuluak.

————————-

(40) 2007tik 2008ra, Espainiako Gobernuaren arabera, %8 CO2 gutxiago isuri zen Galizian, Herrialde Katalanetan, Espainian eta Euskal Herrian. Kontua da, 2005etik 2007ra, Kyotoko Protokolo eta guzti, %10 handitu zirela CO2 isurketak. 2005ean, izan ere, 1990ean baino %40 aldiz CO2 gehiago isuri zuen Espainiak. Hortaz, 2005etik 2008ra, hiru urtean, protokoloa idatzi zen puntura itzuli zen.

(41) Horrek ere badu bere tranpa, ordea, Espainiak CO2 isurtzeko «eskubideak» eros litzake eta. Horregatik, Espainiako Gobernuaren teoria da, Kyotoko helburuak betetzetik %5era zegoela, 2008an.

(42) «Hondakin horiek, zabortegietan hartzitzean edo beste instalazio batzuetan desegiteko helburu hutsarekin erretzean. Isuriko lituzketen negutegi efektuko gasak murrizten dira horrela», dio Cementos Rezolaren 2005eko ingurumen memoriak.

(43) 53 milioi tona horiek dira zementuaren industriak 2005etik 2020ra bitartean zementuaren eskarian espero duen hazkundea.

Irudia | CO2 | Jurvetson | Creative Commons By SA

http://credit-n.ru/zaymyi-next.html http://credit-n.ru/zaymyi-next.html http://credit-n.ru/zaymyi-next.html http://credit-n.ru/zaymyi-next.html

Zer duzu buruan “Zeinek erre nahi ditu hondakinak (9)”-ri buruz