Gasteizko alde zaharreko gentrifikazioa (edo alde egiteko gonbidapena)

maletakGentrifikazioa da izen teknikoa. Diru gutxiko bizilagunen auzoaren egitura sozialaren ordez, erosteko baliabide gehiago dutenen auzoa sortzean datza, gutxi gora behera. Gasteizko Alde Zaharra horren bidean dela susmatzen dute bizilagun askok eta Egin Ayllu auzo elkarteak. Gaiari buruzko jardunaldiek egin ondoren bideoa publikatu berri dute.

Gentrifikazioa hitz potoloaren ordez, “egin maletak eta alde egin” leloa zabaldu da azken aldian Gasteizko alde zaharrean. Gasteizko Udalak bultzatzen duen “Hirigune Historikoa Era Integralean Biziberritzeko Agentziak” (ARICH) auzoa hobetzeko hartutako neurriez kezkatuta daude bizilagunak eta Egin Ayllu elkartea.

Bizilagunen gizarte beharren gainetik, museoen, turisten eta denda berezituen auzoa sortu nahi dutela salatzeko kanpainan ari da Egin Ayllu. Alde zaharrean azken urteetan hainbat berritze lan izan dira: Bibat museoa, harresiaren berritzea, eskailera mekanikoak… baina, eskola hobeagoa sortzeari buruz ez da hitz egiten. Egin Aylluk auzo biziaren aldeko aldarria hartu du eta, besteak beste, Auzolana pilotalekua, udaltzainek itxitako bolatokia edo gaztetxea bera aurrera eramateko lanean izan da. Udalaren proiektuek sendo aurrera eginez gero, prezioak igo eta egungo auzotarrek alde egin beharko dutela uste dute Egin Ayllun.

Argitaratu berri duten bideo honek salatzen du ARICHen jarrera, eta bi apustu desberdinen laburpena egiten du:


Bi proiektu bateraezin al dira?

Aste honetan jakinarazi da Zapatari kalean zapata denda berezituak sortzeko asmoa duela ARICHek. Bizilagunei, ordea, galdezka entzuten zaie: “Ardo bikainena eros dezaket, baina okindegia urruti asko dut. Nola da posible?”. Merkataritza hazten ari da alde zaharrean, zalantza gabe, eta horrek mugimendua eman dakioke auzoari, beharrezko duen bizia.

Udalaren erabakiak banan-banan aztertuz gero, itxura ona izan dezakete. Auzo ederragoa eta gasteiztarrentzako erakargarriagoa. Auzotarrentzako ere hobea izango den da galdera, eta epe luzera ere apustu ona den. Izan ere, osagai denak bilduz gero (museoak, turismoa, denda berezituak, hormetako margoak…) begira polita izanagatik, ondorioa gentrifikazioa izan daitekeela uste dute. Hau da, ARICHen neurriek aurrera eginez gero, gaur egungo bizilagunen lekua, alegia, etorkin, adindun eta gazteen lekua hartuko dutela dirudunek epe luze batean.

Erpin askoko auzia da honakoa, baina kezkagarria da Udalaren eta auzotarren arteko ezinikusia. Gentrifikazioa ote da Gasteizko alde zaharraren geroa?