Gaelikoa, etorkizuneko ibilbidea marrazten

Gurutze ZeltaItotzear eta flotagailu gabe izan da urtetan Irlandako hizkuntza zelta, Gaelikoa. Itzal handiko ingelesaren bazterrean mantendu da, baina azken hamarkadetan hizkuntzari adorea eman diete honen aldeko erakunde zibilek eta lege ofizialek. Itxura batean berpizkundea bizi du, baina sustatzearen abiadura motelak, normalizazioaren norabidearen zalantzak eta nazioarteak ingelesari dion mirespenak belaunaldiz belaunaldi bizirautera behartuko du Irlandako Gaelikoa.

Tír gan teanga, tír gan anam (Hizkuntza propioa ez duen herria arimarik gabeko herria da) Padraig Pearse, 1916an Irlandako Independentzia aldarrikatu zuen gizona.

Gaelikoak derrigorrezko irakasgai izateari utziko dio laster Irlandan. Fine Gael alderdiaren gobernu berriak hitz eman duenez, 15 urtetik gorakoei ez zaie Gaelikoa irakatsi beharko, hautazko ikasgaia izango da. Unesco erakundeak “zalantza gabe arriskuan” dauden hizkuntzen artean kokatzen du Irlandako Gaelikoa. Hala ere, eta zalapartak eta kexak bitarteko, Gaelikoak lekua galduko du hezkuntza sisteman. Baina, zergatik hartu dute horrelako neurria?

Gobernuko Fine Gael alderdiak azaldu du zergatia: “Hizkuntza derrigorrean ikasteak min gehiago egin dio Gaelikoari mesede baino”. Irakasleek baliabide eskasia omen dute, eta ikasleentzat zailegia egiten da ingelesarekiko guztiz arrotza den hizkuntza zeltiarra ikastea. Hezkuntza alorreko adituen arabera, ikasleek hamar urtez hizkuntza ikasita ere, ez dira gai elkarrizketa bat mantentzeko. Dena den, neurri honen aurka hainbat ekitaldi egin dira.

Gaelscoileannaizeneko eskoletan izan ezik, besteetan Gaelikoa irakasgai hutsa da. Horrelako 203 zentro besterik ez daude irla osoan, nahiz eta azken hamarkadan biderkatu egin diren zentro hauek.

Gaelikoak zein leku izan behar du Irlandan?

Gobernuak Foras Na Gaeilge instituzioaren bidez zentro hauek zabaldu eta Gaelikoa erabiltzen duten enpresak finantzatzean egiten du lan. Orlagh Ni Raghallaigh erakundeko arduradunetakoa da eta kezkaz jaso du Fine Gael-ek hartu asmo duen neurria: “baliteke horrelako lege aldaketekin behingoz Irlandako herritarrak ohartzea Gaelikoaren alde indarrez egiten ez badugu galdu egingo dugula”. Lege aldaketa proposamenari aurka egiteko milaka pertsona atera ziren kalera Dublinen eta Fine Gael alderdiaren eraikinaren aurrean eskatu zuten Gaelikoak hezkuntzan duen lekua ez gutxitzea.

Irlandarrek hizkuntzarekiko duten jarrera ere ez da aproposena Gaelikoaren berpizte indartsua espero izateko. Irlandako Maynooth Unibertsitateak argitaratutako txostenaren arabera biztanleriaren %52k hizkuntza arrazoi kulturalengandik mantentzea nahi du. Irlandarren herenak berriz, gizarte elebiduna nahi du baina ingelesa nagusi delarik. Ehun biztanletik zazpik besterik ez du nahi Irlandako hizkuntza nagusia Gaelikoa izatea. Azkenik, datu esanguratsua: biztanleriaren ehuneko seik hizkuntza “ahaztua” izan behar dela uste du. Laburbilduz, hizkuntza mantentzearen alde dauden gehienek bitxikeria sinbolikotzat jotzen dute haien hizkuntza. Eta, posible al da hizkuntza batek bizirautea komunikaziorako tresna bezala erabili ezean?

Ofizialtasuna tresna egokiena ote da?

Independentzia 1921ean lortu zuen Irlanda hegoaldeak eta ofizialtasuna onartu zuen konstituzioak. Europako Batasuneko hizkuntza ofiziala ere bada Gaelikoa. Erresuma Batuaren menpean den Ipar Irlandan ordea, gaelikoaren egoera kezkagarriagoa da. Bakea ekarri zuen Ostiral Santuko Hitzarmenak aipatzen zuen Gaelikoaren aldeko dekretua ezarriko zela. Honen garapena baina unionisten esku den kultura ministerioan blokeatuta gelditu da. Ikusi besterik ez dago seinale guztiak ingelesez huts-hutsean daudela. Irlandan berriz, erakunde publikoetan bi hizkuntzak erabiltzen dira karteletan bada ere.

Dena den, Irlanda iparraldean Gaelikoak duen laguntza publiko eskasiari aurre egiteko hainbat erakunde zibil antolatu dituzte. “Hegoaldean baino askoz borrokalariagoak dira iparraldean, eta hizkuntza maite duenak hegoaldean ez bezala, konpromisoa hartzen du”, dio Dominic Mac Giolla abeslariak. Esaterako, Pobal taldeak hainbat manifestazio burutu ditu hizkuntza eskubideak behingoz errespeta daitezen. Horretaz gain, tradiziozko kultura eta hizkuntzarekin zerikusia duten jarduerak lantzen dira Culturlaan izeneko eraikinetan. Momentuz zerbitzu hauek hirietako auzo katolikoetan kokatu dituzte, Belfasteko Falls eta Derryko Bogside auzoetan. Gaeliko hiztun eta zaleen kuartelak bezala ezagutzen dira Culturlaanak. Besteak beste, liburutegiak, zine aretoak eta musika kontzertuak eskaintzen dira leku horietan, dena hizkuntza gaelikoan. Badirudi, herritar konprometituen talde hauek inoizko legek izandakoa baino emaitza hobeagoa lortzeko atarian daudela.

Irlako sei milioi biztanletatik 1,6 milioi pertsonak daki estatistiken arabera, neurri handiagoan edo txikiagoan, Gaelikoa. Erabili, baina, 400.000 inguruk egiten dute, biztanleriaren ehuneko bostek, hain zuzen ere. Datuak datu, Gaelikoarekin bakarrik Kamerunen bezain galduta aurki daiteke hiztun bat. Gaelikoari arnasa ematen dioten birikak Gaeltatch izeneko inguruneetan aurkitzen dira. Gehienak irlaren mendebaldean daude, eta leku horietan herritarren erdiak baino gehiagok egiten du Gaelikoa. Baina, zalantzarik gabe, leku horietan hizkuntzak biziraun izateak arrazoi ohikoak ditu: nekazari herriak dira eta botere ekonomikoaren zutabeetatik urrun kokatzen dira.

Plazara irten behar duen hizkuntza ere bada Gaelikoa. Hegoaldeko gobernuari eta hizkuntzaren aldeko erakundeei esker izugarri ugaldu dira kultura jarduerak. Gaeliko hiztunen komunitateak irla osoan barrena aurki ditzake abesti jaialdiak, poemak irakurtzen diren tabernak eta, oro har, folklorearekin eta hizkuntzarekin zerikusia duten ekitaldiak.

Komunikabideen rola

Komunikabideek, TG4 telebista publikoak batik bat, Gaelikoari testuinguru modernoetan erabiltzeko parada eman dio. Eskolan ikasitako hitz gutxi batzuk burmuineko txokoren batean gordeta izan baina erabiltzen ez dituzten milaka irlandarrei ere mesede egin die. Ni Raghallaigh hizkuntzaren aldeko langileak eta Dominic Mac Giolla abeslariak bat egiten dute telebistaren garrantziaz. “Kalitate handiko dokumentalak eta hizkuntza ikasten ari direnentzako programa bikainak ditu TG4 kateak. Gainera, hizkuntza estandarra eta modernoa zabaldu du”. Beste mugarria telebista katean: 2011 urtean lehenbizikoz bildu ziren hauteskundeetarako hautagaiak Gaelikoan eztabaidatzeko. Audientzia datuen arabera, milioi eta erdi pertsonak ikusi zuten. Gaelscoileanna-etako umeek marrazkiak beraien hizkuntzan gozatzen dituzte. Egunkaririk ez dute, ordea, La Nua desagertu egin zen finantziazio eta zabalpen arazoengatik, eta orain Gaelsceal astekaria eta Irish Independent egunkari nazionalean agertzen den Foinse gehigarria dira nazio mailan gehien irakurtzen diren Gaelikozko komunikabideak.

Baina, internetera joz gero Gaelikoaren egoera zalantzagarriagoa da. Wikipedia entziklopedian 12.000 artikulu besterik ez dituzte sortu, euskaldunek baino hiru gutxiago. Ni Raghallaig ziur da teknologia berriek bultzada eman diezaioketela Gaelikoari. Momentuz, esku artean dute sare sozial propioa sortzea.

 

Kazetaria. Ezagutu, ulertu, kontatu. @inakilarra

2 pentsamendu “Gaelikoa, etorkizuneko ibilbidea marrazten”-ri buruz

  • zorrozkiloa 2013-08-30 09:51

    Euskaraz ehunekoak artikulurik gabe idazten dira: % 52k (ez 52Ak), ehuneko seik (ez seiAk), ehuneko bostek (ez bostAk).

    ZuZeuk ere kendu beharko luke “Datsegizu” hori, eta erantzukizunez ari, askoren erreferentea dela jakinik. Bestela, aurki “daukazu ura?” eta horrelakoak gailenduko zaizkigu. Sintatikoari euts diezaioke, eta galdera ondo egin: “Ba (al) datsegizu(a)?

  • Huts semantikoak eta gramatikalak gorabehera (besterik ez dituzte, hartu asmo du, zazpi besterik ez du nahi, birikak …inguruneetan aurkitzen dira…), oso artikulu ederra, interesgarria eta jakingarriz betea, hainbat galdera sortzen dizkidana: hori ote da euskarari eta euskadunoi datorkion/gun patu beltza? Fiana Fael eta PNV herengusuak ote dira kontu linguistikoetan? Sasoiz gabiltza hemen halakoak saihesteko? Nola?