Iruñeko hizkuntz paisaiaren inguruan, alderdien proposamenen azterketa.

Iruñeko Euskalgintzaren Bilguneak azkeneko hilabeteetan hizkuntz paisaiaren inguruko kanpaina eraman du aurrera. 2.553 sinadura aurkeztu ditugu Iruñeko Udaleko Erregistroan hizkuntz paisaian euskarak lehentasunezko tokia izan dezan.

Botoa erabakitzeko orduan, euskaltzaleei gai hau ere kontutan hartzeko eskatzen diegu.

 

IRUÑEKO HIZKUNTZ PAISAIAREN INGURUAN, ALDERDIEN PROPOSAMENEN AZTERKETA.

Iruñeko Euskalgintzaren Bilguneak azkeneko hilabeteetan hizkuntz paisaiaren inguruko kanpaina eraman du aurrera. 2.553 sinadura aurkeztu ditugu Iruñeko Udaleko Erregistroan hizkuntz paisaian euskarak lehentasunezko tokia izan dezan.

Udal hauteskundeak gainean ditugunez, Iruñeko Udalerako alderdiek gai honen inguruan aurkeztutako proposamenak aztertu ditugu eta hauek izan dira gure ondorioak.

Nafarroa Bai, Bildu eta Ezkerra errotulazio elebidunaren alde agertzen dira beren proposamenetan. Ekologistek (“Nafarroako Berdeak”) gaia modu zehatzean aipatzen ez badute ere, gaztelaniak eta euskarak trataera juridiko berbera izatearen alde agertzen dira.

PSNk “Euskararen Ordenantza aplikatu eta betetzea” dauka bere programan, azkeneko 4 urteetan UPNren makulua izanik horretaz arduratu ez bada ere.

UPN eta CDN alderdiek ez dute inolako proposamenik honen inguruan.

PPren proposamenak eskuratzerik ez dugu izan. Sinadurak aurkeztu genituenean ez genuen modurik topatu haiekin hitz egiteko, saiatu arren. Programa ere ez digu bidali, eskatu arren. Uste dugu gaiarekiko interes handirik ez duela erakusten.

Botoa erabakitzeko orduan, euskaltzaleei gai hau ere kontutan hartzeko eskatzen diegu.

Iruñean, 2011ko maiatzaren 15ean.

IRUÑEKO EUSKALGINTZAREN BILGUNEA (Administrazioan Euskaraz, AEK, EHE, IKA eta Sortzen-Ikasbatuaz).

Ordezkaria: Joseba Otano Villanueva.

 

Administrazioan Euskaraz Taldea