EITB Nahieran online zerbitzua aurkeztu dute

Egunak baziren EITB Nahieran tresna berria online zela, baina gaur bertan gauzatu da aurkezpen publikoa. Bertan izan da ZuZeu eta Nahieran telebistaren ezaugarrien eta aurkezpenaren kontakizuna dakar hurrengo lerroetan.

Internet bidez EITBko edukiak edonon eta edonoiz ikus-entzuteko aukera da Nahieran tresnak dakarren berritasuna. Aurretik Espainiako RTVEk edo Kataluniako TV3k martxan jarritako tresnaren estiloa segitzen du proiektu honek. Ordenagailu, Smartphone, tablet eta IP telebista sistemaren hedapenak tresna hau jada aldatzen ari den telebista kontsumora egokitzeko balioko du.

Oholtza gainean Vaya Semanita ETB2ko programako aktoreek gidatutako aurkezpenean Edurne Ormazabal eitb.com-eko zuzendariak aipatu zituen Nahieran tresnak dakartzan aukerak: “Telebista eta irratia zuzenean kontsumitzea, eguneko programazioa edonon eta edonoiz ikus-entzutea eta EITBren 29 urteko artxiboa eskura jartzea”. Adibide gisa aipatu zituen eskura egongo diren esku pilotako finalak, bertso saioak, Jaun ta Jabe bezalako serie mitikoak eta Kimuak laburmetraiak. Hala ere, oraindik ere EITBren artxiboaren zati bat besterik ez dago igota.

Ekitaldian hitza hartu ez bazuen ere, Ormazabalek eskerrak eman zizkion proiektua aurrera eramateko lanean aritu den Iñako Gurrutxagari.

“Erabiltzaile aktiboen komunitatea”

EITBko arduradunek azaldu zuten ikus-entzunezko edukiak horiekin produktu berriak sortu nahi dituztenei lagako zaizkiela hala eskatuz gero. Honek, itxura batean behintzat, EITBren artxiboa kanpoko eragile edo pertsonek erabiltzeko eskuragarri bilakatzen du. Sare sozialetan edukiak hedatzeko tresneria erantsi diote eduki guztiei, eta, are gehiago, edukiak edonork bere web orrian eransteko “embed” sistema mugagabea baliatzen du. Tresneria hau guztia erabiltzaileen komunitatea sortze aldera egindako apustutzat jo zuten.

Javier Torrontegi EITBko irratien zuzendariak ere iragarri zuen egile eskubideen alorrean lan eginez gero posible litzatekeela “online diskoteka” eskaintzea “muga teknologikorik ez dagoelako”.

Euskarak presentzia txikia izan zuen

ETBko zuzendari Miguel Angel Idigorasek eta Irratietako zuzendari Javier Torrontegik gaztelera hutsean egin zuten aurkezpena. EITB Nahieran “euskararen aldeko” tresna izango zela aipatu zen aurkezpenean eta Patxi Lopez lehendakariak ia gaztelania hutsean egindako aurkezpenaren ostean “Euskara jaldi hadi kanpora” aipua bota zuen oholtzan. Bestalde, EITBk bi urtean izandako aldaketa goraipatu zuen. “Balore demokratikoak eta iritzi aniztasuna” sustatzen jarraituko dutela azpimarratu zuen hitzaldian.

Nahieran tresnari buruz Lopezek esan zuen hemendik aurrera ez dela “kaxa inozoa izango, gure kaxa baizik”. Komunikabideen aro berri honetan EITB “abangoardia”  dela azaldu zuen eta “gaurko apustuarekin etorkizuna konkistatu” egingo dela iragarri. Amaitzeko EITB “herria eraikitzeko” (hacer país) tresna eraginkorra izateko desioa plazaratu zuen.

Kontsumo poliedrikoa”

Miguel Angel Idigoras ETBko zuzendariak telebista kontsumo moduen aldaketa izan zuen mintzagai. Historian atzera eginez azaldu zuen informazioa beti izan dela komunitateak biltzeko osagaia. Hala, antzinako tribuek “kontsumo zirkularra” egiten zutela azaldu zuen, hau da, tribuko zaharrenaren inguruan jesartzen zirela. Irratiarekin ere beste hainbeste, baina telebistak egitura “erdi-zirkularra” ekarri zuela azaldu zuen non telebistak zuen leku pribilegiatua. XXI. mendeari so eginez “kontsumo poliedrikoa“ gainartu dela azaldu zuen, izan ere, orain familiako kide bakoitzak informazioa modu indibidualean kontsumitzen du eta ez zertan egongelan. Aldaketa honi egokitzeko tresna gisa defenditu zuen EITB Nahieran.

Aurkezpenari txantxa batekin eman zion hasiera: “Decían que con la falta de dinero de EITB en vez de televisión a la carta deberiamos de hacer menú del día de televisión“

Audientzien igoera izugarria”

Aurkezpenaren hasieran Alberto Surio EITBko zuzendariak hartu zuen hitza: “EITB.com-en audientzia bikoiztu egin dugu eta egunero 60.000 erabiltzaile lortu ditugu”. Komunikabide publikoaren audientzia datuak -internetekoak- goraipatu zituen zuzendariak eta 2012rako 2.000.000 erabiltzailerekin “Euskadiko” online komunikabideen sektorean buru izango direla iragarri zuen. Internet etorkizuneko tresna dela “hasieratik garbi” izan dutela azpimarratu zuen zuzendariak.

ZuZeuko erredakzioko kazetariak eta editoreak gara.

3 pentsamendu “EITB Nahieran online zerbitzua aurkeztu dute”-ri buruz

  • A ze publireportaia!

  • arrikitaun agurgarria, ZuZeuk publizitatea egiten duen apurretan, “publizitatea” jartzen du bere tag edo etiketen artean (Hizkuntza Politikarako Sailburuordetzaren informazioetako batzuk kasu). EITBren Nahiera honen aurkezpena, ostera, garrantzi handikoa iruditzen zaigu alde askotatik begiratuta, horregatik eskaini diogu tartea eta tratamendua. Gustatuko zaizu ala ez, baina NAHIERA berritasun handia iruditzn zaigu eta, gainera, euskaldunontzat berebiziko altxorra izan daitekeela uste dugu. Oker gaitezke, jakina, baina horixe da gure pentsamendua. Erraza da hitz bakarrean palazioa kutsatzea, baina oker zabiltza oraingoan, publizitateak ordaintzailea behar baitu derrigor, eta hemen ez da halakorik izan.

  • Agurgarria (Zu zeu ere bai)
    Antza gune honetan askotan nabil oker. Zer gingo diogu bada! Publireportaia dela idatzi nuen eta arrazoia eman behar dizuet. Berriz irakurri dut eta orain konturatu naiz zer den… Kronika bat! Ekitaldi baten kronika, ondo ilustraturik gainera (bi argazki eta bideo bat)

    Beraz, barkamena eskatu nahi dizuet, nire asmoa ez da inondik inora inoren “palazioa” kutsatzea. Barkatu beraz ez bainago oso ohituta horrelako palazioetan ibiltzen, orain arte neure palazioa pobre samarra izan da, sekalez edo lastoz egindakoa, oholtzabakoa, malgua, txikia eta erraz garbitzekoa.