3-1: 2011ko abendua arte geldi?

euskal-herriko-selekzioa

Euskadiko Federazioari hiru gol sartu zizkieten atzo futbol jokalariek. Bata partida jokatzea bera, futbolariak urratsak emateko prest daudela erakutsi zuten; bigarrena, ‘ofizialtasuna” zioen pankarta eta zaleen aldarrikapena; eta hirugarrena, jaia bera. San Mames oso batek euskal selekzioen ofizialtasuna aldarrikatu zuen jai giroan, eta futbolariei zein ESAITekoei zein iritzi taldekoei entzuten ez badie, Euskadiko Federazioak entzun diezaietela atzo San Mamesen bildu ziren 40.000 lagunei. ‘Nazioa gara, ofizialtasuna behar dugu. Lortuko dugu!’ Eta bitartean, Patxi Mutiloa Eusko Jaurlaritzako Kirol zuzendariari atzokoa jolasa soilik iruditzen zaio: «Inor mespretxatu barik, Euskadiren partida jolasa iruditzen zait». Futbolariei entzungor, zaleei entzungor. Baina gaurtik eta abendura arte isilik ez gelditzea tokatzen zaigu zale eta kirolariei. Atzoko partida ziklo baten amaiera eta beste baten hasiera izan behar dela adierazi zuten euskal selekzioko futbol jokalariek. “Egun ametsa dena, laster errealitate bihurtuko dugu”. Ea ez gauden beste urtebetez lo eta Euskal Herriko selekzioaren ofizialtasuna lortzen dugun!