“Kartzelako igerilekuan aterako dituzte argazkiak, jendeak primeran bizi direla pentsatuko du”

Langraizeko kartzela, Norte I, bihar inauguratuko dute. Cesar Manzanos Salhaketa-ko bozeramaileak argi du: “Propagandak kartzelaren itxura birtuala emango du. Ikusiko dugu urtebete barru hildakoak zenbatzen hasten garenean”.

“Euskadi entra en la era de cárceles de última generación con el nuevo penal de Nanclares”, idatzita dago bulego-mahaiko paper piloen artetik nabarmenetzen den artikulu inprimatuaren izenburuan. Gasteizko Gizarte Langintzako Unibertsitate eskolan irakasten du Cesar Manzanos Salhaketa-ko bozeramaileak. Hamabost minuturen ostean, desatseginez, “hori da haien propaganda” salatzen du orri hori hatz artean helduz.

Norte I, Norte II, Norte III

Euskal Herriak hiru makro-kartzela berri izango ditu laster. Iruñeakoak, Norte II, 504 gela ditu, Donostiako Zubietakoaren proiektuak, Norte III izenekoak, dituenak bezain beste. Bihar inauguratuko den Langraizeko Norte I kartzelak 720. “4.000 plaza baino gehiago izango dira 2014an Euskal Herrian. Zertarako?”, galdetzen du Manzanosek. “ETAko presoak hurbiltzeko dela diotenak inozoarena egiten ari dira, ez du zerikusirik”. Politika aldaketa egongo balitz eta euskal presoak hurbildu “orain bertan etor daitezke” Manzanosen hitzetan.

Hiru kartzela gehituko zaizkie egun dauden Basaurikoari, Martutenekoari eta Langraizeko kartzela zaharrari. Espetxe Erakundeak Martutene botako omen du ziurrenik, ez ordea Langraizekoa: “PSOEk itxi egingo dela dio, baina itxura besterik ez da badakite eta PPk irabaziko duela, eta, jakina, irekita mantenduko dute.”

Euskal Herriko kartzelak masifikatuta daudela agerian uzten dute, besteak beste, Kartzelako Sindikatuen txostenek: 2010ean 675 pertsonaren lekuan 1.562 zeuden. Beharra izanda ere, hiru makro-kartzelak gehiegizkoak dira egungo preso kopuruarentzako. Egun preso daudenak baino bi aldiz gehiago kabitu daitezke Langraizen, Iruñean eta Zubietan. Hala ere, baliteke urte gutxian denak leporaino izatea.

2000 urtean 45.309 pertsona preso zeuden Espainiako estatuan, 2010ean 75.916, bilakaera kezkagarria. Europar Batasuneko pertsona presoen ratio-rik handiena izatearen “ohorea” du Espainiak, 100.000 biztanleko 157 espetxean. “2012rako plan estrategikoa osatu zuen Gobernuak 65.000 plaza izateko, dagoeneko gainditu da marka hori. Gero eta zigor luzeagoak ezartzen dituzte”. Zergatik ez du bilakaera honek etenik?

“Negozioa”

PSOEk 1991an ekin zuen espetxe sistema proiektuak bizirik dirau; “negozioaren aldeko kartzela eredua”. Manzanosek zenbakiekin frogatzen duenez kartzeletan xahutzen den diruarekin makina bat gauza hobeago egin daitezke presoak bergizarteratzeko. “Langraizekoak 103 milioi euro balio du, urtero mantentzeak 15 milioi. Diru horrekin Gasteizen 500 pisu eros daitezke, pertsona bakoitzeko bi hezitzailerekin eta bergizarteratze egitasmo eta guzti”. Kartzela sistema mantendu eta garatzearen helburua ekonomikoa dela dio Manzanosek: “presoak gizarteratzeko planak salbuespenak dira, ez da hori bilatu nahi”.

Baina, bitartean, Ferrovial, FCC, ACS, COMSA… eraikin enpresentzako apustu ziurra dira kartzelak. Zementu eta adreiluaren krisiak jo ez duen sektore bakarranetakoa da espetxeena.

Iluntasun informatiboa

Amaitze aldera Manzanosek pantailako posta elektronikoari so egin dio: “Heldu berri zait Torturaren Aurkako Koordinakundearen txostena orain arteko heriotzekin. Iaz 275 pertsona hil ziren estatuko espetxeetan. Genozidioa.”

Kartzeletako informazioa tantaka argitaratzen da, gurean, Salhaketa-k salatzen ditu publikoki kartzeletan gertatzen direnak. “Presoek ez dute jarraikuntza medikurik, ez tratamendu egokirik. Eta, beste batzuk, hiltzear daudela uzten dituzte kalean”. Manzanosen arabera kartzeletako informazioa guztiz “opakua” da, “hildakoak eta torturatuak alfonbra azpian ezkutatzeko estrategiak dituzte”.

Enrique Mugica Justizia Ministro zenean (1988-1991) espetxe informazioetarako prentsa gabinete indartsua sortzea lehenetsi zuela dio Manzanosek. “Prentsa bulego sendoa, miseriak ezkutatu eta argiak erakusteko gai izango zena”.

Igerilekua titularrean

Bihar inauguratuko du Langraizeko makro-kartzela berria Espetxe Erakundeetako zuzendari Mercedes Gallizok . “Kazetariak gonbidatuko dituzte argazkiak ateratzera. Eta argazia ahal bada igerilekuan aterako dute”, dio iseka tonuz. “Eta jendeak pentsatuko du primeran bizi dela kartzelan, hotelean bezala.”

Segidan jarraitzen du Manzanosek tonua igoz: “Baina kontua ez da hori, kontua ez da igerilekua edo kiroldegia duen. Kontua da gelak intimitatea eta duintasuna bortxatzeko sortuak daudela. Funtzionariak ikusteko presoa kaka egiten, aterik ez baitu komunak. Eta gelak bi pertsonentzakoak dira eta tokatzen zaizunarekin pasa behar dituzu hilabeteak, horrek dakarren kutsadura fisiko eta mentalarekin. Kartzela ez da igerilekua. Hori da haien propaganda”. El Correo egunkariko artikulua seinalatzen du.

Sumindura agertzen hasten da haren hitzetan: “Eta urtebete barru, edo bi urte, hildakoak zenbatzen hasiko gara, suizidioak, zoramenak, presoen arteko gatazkak… eta, auskalo, igerilekuan ere norbait itoko da agian”.


 


 

Kazetaria. Ezagutu, ulertu, kontatu. @inakilarra

4 pentsamendu ““Kartzelako igerilekuan aterako dituzte argazkiak, jendeak primeran bizi direla pentsatuko du””-ri buruz

  • Aitor Furundarena Usabiaga 2011-09-20 09:03

    Beldurgarria.

  • Gari Garaialde 2011-09-20 10:03

    Espetxeak beraien jabeentzat!

  • Kartzelena ez da bakarrik Espainian edo Euskal Herrian gertatzen ari, estatu garatu edo ez garatua gehienak berdin egiten ari dira,guztiak makrogartzelak egiten ari dira izugarrizko negozioa delako baina baita ere mundua gero eta pobreago bihurtu,gero eta estatuak gartzela gehiago egingo dute ahoa altxatzen dutenentzako gordeta. Gero eta preso gehio egongo dira mundu guztian eta jende gehienak ez daki, eta tokatzen ez zaigun bitartean ez diogu arretarik jartzen.EEUUn izugarrisko supergartzelak egiten ari da Halie Burton delako empresa (baita beste empresa asko baina hau gehio). Denbora latzak datozte guztiontzako eta jendea batzen ez bada hau ez dago geldituko duenik.