Elhuyar Fundazioak bost hiztegi jarri ditu eskuragarri iPhone eta Android plataformetan

Elhuyar-hiztegiak-mugikorretan_aurkezpenaElhuyar Fundazioak bost hiztegi jarri ditu eskuragarri Android eta iPhone plataformetan, eta gaur goizean egin du aplikazio horien aurkezpena, Europako Hizkuntzen egunarekin bat eginez. Hain zuzen ere, hiztegia hauek daude eskuragarri smartphonetarako: Elhuyar hiztegia (euskara-gaztelania/castellano-vasco); Elhuyar hiztegia/dictionary (euskara-ingelesa/english-basque); Dictionnaire Elhuyar hiztegia (euskara-frantsesa/français-basque); Elhuyar Sinonimoen Kutxa; eta Elhuyar ikaslearen hiztegia. Proiektu honek Eusko Jaurlaritzako Kultura sailaren laguntza jaso du.

Elhuyar Fundazioak ibilbide luzea egin du hiztegigintzan. 1996. urtean argitaratu zen lehenengo aldiz Elhuyar hiztegia euskara-gaztelania /castellano vasco, eta, ordutik, dozena bat hiztegi baino gehiago argitaratu ditu: elebakarrak, elebidunak eta teknikoak. Formatu desberdinetan argitaratu dira hiztegiak, liburu-formatuan, CDan, Interneten, plug-in moduan, eta, orain, teknologia berriak bultzaturik, smartphone plataformetarako jarri ditu eskuragarri bost hiztegi horiek, “euskararen garapenerako, eta beste hizkuntzen parean egoteko, ezinbestekoa baita erabiltzaileek darabiltzaten plataforma eta euskarrietan egotea”, adierazi du Itziar Nogerasek, Elhuyar Fundazioko zuzendari nagusiak.

Elhuyar Fundazioak hiztegigintzaren arloan dituen erronken berri ere eman dute. Batetik, duela bi urte argia ikusi zuen Elhuyar Zientzia eta Teknologiaren hiztegi entziklopedikoaren smartphonetarako aplikazioa garatzea da, eta, bestetik, “tabletetako aplikazioak garatzea, gailu horiek gero eta zabalduagoak baitaude gizartean”, azaldu du Josu Aztiriak, Elhuyar Fundazioko Hizkuntza Zerbitzuak saileko arduradunak.

Oraingoz, hiztegiak Android Market eta App Store dendetan daude salgai. Bestalde, doako demo batzuk ere jarri dira eskuragarri erabiltzaileentzat.

Aplikazio horiei buruzko informazio guztia  webgunean dago eskuragarri.

Elhuyar 1972an jaio zen zientzia eta euskara uztartzeko asmoz. Elhuyarrek Kultur Elkarte bezala egin zituen lehen urratsak eta 2002an Fundazio bihurtu zen. Ordutik, Elhuyar Fundazioak etengabe dihardu lanean zientzia eta teknologia gizarteratzeko eta euskararen garapena bultzatzeko. Elhuyar Fundazioa irabazi asmorik gabeko erakundea da eta hainbat diru-iturriri esker dirau lanean: bazkideen ekarpenak, diru-laguntza publikoak eta Elhuyarrek ekoizten dituen produktuetatik lortutako mozkina. Elhuyarren xedea hauxe da: Euskara zientzian, teknologian eta gizartean sendotzen eta harentzako arlo berriak eraikitzen egiten dugu lan, euskal komunitate aktiboa eta kritikoa helburu.

2 pentsamendu “Elhuyar Fundazioak bost hiztegi jarri ditu eskuragarri iPhone eta Android plataformetan”-ri buruz

  • Txepetxoski 2011-09-26 15:28

    Ahantzi egin zaizue oinarrizko informazioa jartzea: prezioaK.

    1- euskara-gaztelania / castellano-vasco= 19 €
    2- elhuyar-ingelesa / english-basque= 9€
    3- euskara-frantsesa / français-basque = 9€
    4- Sinonimo eta antonimoen hiztegia = 9€
    5- Elhuyar ikaslearen hiztegia = 9€

    Ikusi ditudan doako demoek, A eta Z letretako sarrerak bakarrik dituzte.

  • iPhone-ko demoek A eta Z letrak soilik dituzte, baina Android-erako demoek hiztegi osoaren %10a.