Iruñeko hizkuntza-paisaia euskalduntzeko mozioa, eztabaidagai.

2011-10-20 @ 07:48 Joseba Otano Villanueva

Iruñea hizkuntza paisaia


Euskarazko hizkuntza-paisaiaren alde elkarretaratzea antolatu dugu 2011ko urriaren 21ean, goizeko 10ak 10 minutu gutxitan, Iruñeko Udal Plazan, Udalaren Osoko Bilkura goizeko 10etan hasiko delako.

IRUÑEAN EUSKARAZKO HIZKUNTZA-PAISAIAREN ALDEKO MOZIOA EZTABAIDAGAI.

Iruñeko Euskalgintzaren Bilguneak (AEK, IKA, EHE, Nafarroako Ikastolen Elkartea, Administrazioan Euskaraz eta Sortzen-Ikasbatuaz taldeek osatua), Iruñeko Udalak euskarari hizkuntza-paisaian bere tokia eman diezaion eskatzeko, Iruñeko Udaleko Erregistroan 2.638 sinadura aurkeztu zituen. Hurrengo ostiralean, urriak 21, eskaera hori jasotzen duen mozioa eztabaidatuko dute Iruñeko Udalean.

Iruñeko Euskalgintzak Iruñean euskaraz bizitzeko abiatu duen dinamikaren lehen geralekua Udalaren ardurapeko hizkuntza-paisaia du.

Izan ere, hizkuntza-paisaiak (kale izenen plakek, norabidezko seinaletikak, errotulazioak, kartelek…), ahotsik gabe ozen hitz egiten du. Eta bertan euskara ez agertzeak, euskaldunon komunitatea estali egiten du eta, prestigiorik eta balio sozialik gabe uzten du euskara.

Gauzak honela, mozioan eskaera hauek egiten ditugu:

1.      Hizkuntza-paisaia erregulatzeko indarrean dagoen Euskararen Ordenantza zorrotz aplikatzea.

2.      Udalaren ardurapeko hizkuntza-paisaian euskarak lehentasunezko tokia izan dezan, egungo ordenantzan egin beharreko aldaketak egitea.

3.      Aldaketa horiek egiteko bidean Iruñeko Udala eta euskalgintza elkarrekin aritzea.

Mozioaren helburua egungo egoera aldatzea da: Erdara hutsezko kartelak edo euskara tamaina txikiagoan duten kartelak desagertaraztea.

Euskarazko hizkuntza-paisaiaren alde elkarretaratzea antolatu dugu 2011ko urriaren 21ean, goizeko 10ak 10 minutu gutxitan, Iruñeko Udal Plazan, Udalaren Osoko Bilkura goizeko 10etan hasiko delako.

Joaterik izanen duten euskaltzale guztiak deitzen ditugu euskarazko hizkuntza-paisaia babes dezaten egun horretan.

Iruñean, 2011ko urriaren 17an.

IRUÑEKO EUSKALGINTZAREN BILGUNEA.

RSS

Iruzkinak (2 iruzkin)

  1. Itzain

    Beharrezkoa ez, ezinbestekoa da euskara kaleetan ikusaraztea. Ekimenak itzal bat agerian uzten du hala ere. Euskalgintzak eraman behar ote du mozioa udaletxera? Non daude alderdi politiko euskaltzaleak? Nora begira?
    UPN, PP eta PSN hizkuntz paisajearen nolakoaren garrantziaz jakitun dira.Horregatik saiatzen dira euskarazko izenak eta errotuluak ezabatzen, oztopatzen, txikiagotzen…
    Alderdi “abertzaleak” eta “interidentitarioak” nora begira daude?

  2. Iker Tubia Iker Tubia

    Mozioa Bildu, Nabai eta Ezkerrak aurkeztuko dute.

Idatzi hemen zure iruzkina

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude