Zabortegi elektronikoak herrialde pobreenetan barreiaturik

zaborraOrdenagailu berria erosi duzu, arinagoa, indartsuagoa, ederragoa eta txundigarriagoa, eta “zaharra” zakarretara bota duzu. Bihar azken belaunaldiko telefono mugikorra erosiko duzu, merkaturatutako azken modeloa eta berdin egingo duzu “zaharrarekin”. Baina, ba al dakizu nora joango den zabor elektroniko hori guztia?

Herri aberatsetan sortzen den zabor elektroniko gehiena (e-zaborra) herrialde pobreenetan suntsitzen edo birziklatzen da, Ghanan, Txinan, Indian, Pakistanen Bangladeshen,Vietnamen… E-zaborrak dituen hainbat osagai kutsagarrik, beruna eta kadmioa esate baterako, herri horietako biztanleen osasuna arriskuan jartzen dituzte. Adibidez, Ghanako hiriburuan, zabortegi elektroniko batetik gertu dagoen ikastetxe batean egindako azterketa batzuen arabera, metal astunen kutsadura osasunak gehienez jasan dezakeena baino 50 bider altuagoa da.

Ghanako zabortegi elektronikoetan haurrak hara eta hona dabiltza kobre, zirkuitu edota plastiko bila, etxera diru apur bat eramateko ahaleginetan. Era berean inguruetan egunero ghanatarren plateretara doan janaria hazten da.

Nazioarteko hitzarmen baten arabera, zabor elektronikoa atzerria bidaltzea debekatuta dago, baina eskrupulorik gabeko enpresek hondakin asko Asia eta Afrikara bidaltzen dituzte produktu berri edo erabilgarrien artean.

Europa eta Ipar Amerikatik, batik bat, iristen diren ordenagailuak, telebistak, bideojoko kontsolak, bateriak, telefono mugikorrak eta abarrak erre edota suntsitu egiten dira zabortegi elektroniko horietan, inolako erregulazio edo  kontrolik gabe. Halaber, adituek ohartarazi dute hemendik urte batzuetara, gailu horien materialak urritu daitezkeela eta, ondorioz, horien prezioek gora egingo dutela.

Hori dela eta, NBEko Ingurugiroko Programak, AEBetako Ingurugiroaren Babeserako Agentziak eta hainbat unibertsitate eta enpresak (Dell, Microsoft, HP, Philips) indarrak batu dituzte e-zaborraren arazoari irtenbide azkar bat emateko asmoz.

Ekimenak (StEP) birziklatze prozesuen homologazioa bilatzen du zabor elektronikoaren osagai baliotsuenak berreskuratzeko, baita produktuen bizitza luzatzea ere, zaborra pila etengabe pila ez dadin.

Baina guztia ez dago besteen esku. Geure aldetik ere, ikuspegia aldatu eta gailu elektronikoen kontsumoa mugatu behar dugu; bi, hiu, lau edota bost aldiz pentsatu behar dugu ea ordenagailu edo telebista berria erosteko garaia iritsi den.