Emozioak dira, inozoa

Amaiur Anoeta belodromoan“Arrazionaltasuna” aldarrikatu du Olabarriak duda-mudan daudenak konbentzitzeko. Antiguedadek, ostera: “hau ez da politika; hau herri baten sentimendua da”. Bi molde arras ezberdinak nor baino nor. 

Politika fede kontua dela idatzi du Jon Benitok iritzi artikulu batean. George Lakoff linguistika kognitiboko aditua aipatzen du: “balioak hautatzen dira hauteskundeetan gaitasunen gainetik, emozioak soluzioen aurretik”.

Lakoffek arrazoi badu EAJk jai du. El Paisen Emilio Olabarriari egindako elkarrizketan zera dio: “Amaiur fede ekintza da”. Ez dago arrazoirik fedea desagertuko duenik.

-Karim Asry: Zer esango zenioke Amaiurren eta EAJren artean zalantza duen pertsonari?

-Emilio Olabarria: Arrazionaltasunari dei egiten diot. (…)

Anoetako ekitaldia zerbait izan bazen sentimendu baten adierazpena izan zen. Bertaratu ziren 15.000 horiek bazekiten zer entzungo zuten, baina han egon nahi zuten, Iñaki Iriondok nabarmendu duen bezala. Hor egon nahi zuten ospakizun kolektibo batek dakarren plazerraz gozatzeko. Ekitaldia amaitzeko Eusko Gudariak; oilo-ipurdiak nagusi.

Prentsa artikuluak irakurrita ederki asko lortu zuten helburua, Antiguedadek batik bat.  Berria egunkariak ekitaldian emozioek izan zuten garrantzia azpimarratu du. Agian kazetaria bera ere kutsatzea lortu zuten, irakurri bestela: “Belodromoaren “taupada” lagun izango du Amaiurrek“.

Jarraian Iñaki Antiguedaden hitzaldia (bigarren zatia hemen). Diskurtsoetan iaioa dela erakutsi zuen:

Emozioak bor-bor jartzeko Amaiurrek izan duen gaitasuna argudioz ezereztu nahi izan du EAJk. Hauteskunde programarik ez duela egotzi diote Amaiurri, baina Iñaki Antiguedadek ez du hori onartzeko arazo larregirik, Madrilen “letra handia” nahikoa dela deritzo. Hauteskunde programaren inguruan Josu Erkorekak berak ia arrazoia eman dio Antiguedadi Berriako elkarrizketan.

Aitziber Laskibar: Zer egin dezake EAJk?

Josu Erkoreka: Zer egin dezakeen, gobernu batek gehiengo osoa daukanean… Solaskidetzan gai hau erabili, eta, ahal den neurrian, presio egin. Gaur-gaurkoz, beste askorik ez.

Zertarako ba programa? PP gehiengo osora heltzen bada ez da hauteskunde programarik egongo Rajoyren borondatean eragingo duenik. Pentsa: EAJk Gernikako estatutuko transferentziak eskuratu zituen iaz Zapateroren aurrekontuak onartzearen truke. Ganorazko lorpena, zalantzarik gabe, baina hauteskunde programarekin edo hura gabe berdin berdin lortuko luketena.

Abertzaleak asetuko dituen lorpenik ez da etorriko Madrildik. EAJ eta Amaiurren 10 diputatuek zer edo zer eskuratzen badute erabakitze eskubideari  hauspoa ematea izango da, eztabaida politikoan eta publikoan gaia indarrez txertatzea. Hau da, herri bat garela aldarrikatzea: sentimendu elkarbanatua duen herria.

Emozioen gaiaren mamira itzuliz, Jon Benitok idatzi du: “George Lakoffek adierazten du bozkatzen dutenek ez dituztela hoberenak aukeratzen eta identifikazioz jokatzen dutela”.

“It’s economy, stupid” esaldi ezaguna kasu honetarako bihurrituz: Ekonomia? Emozioak dira, inozoa.

Hobe lukete jeltzaleek sentimenduen kartari uko ez egitea. Sentimendurik gabe nondik sortu ziren arrazoiak?

Sentimenduen apologia aldarrikatzen duen abesti bat opari:

Kazetaria. Ezagutu, ulertu, kontatu. @inakilarra

5 pentsamendu “Emozioak dira, inozoa”-ri buruz