Hautesajea: GeroaBai

APERTURA-CAMPAÑABazuen geroa, bai, Uxue Barkos eta EAJk gidatutako proiektuak. Gehienontzat sorpresa izan da eta egia esan larri ibili da bakar hori ateratzeko, baina eremu politiko berria, nahiz heterogeneoa, sortu da Nafarroan. Lehen aldiz historian bi ordezkari abertzale egongo dira Madrilgo gorteetan Nafarroa ordezkatzen eta horrek ere izango du eragina gauzak ikusteko moduan. Hala ere “Uxue Barkos” markak eta PSNren beherakadak badute eragina, nire ustetan.

Oso datu onak ditu Geroa Baik. Pentsa PNVk bakarrik aurkeztuko balitz horien hamarren bat lortuko zuela gehienez, batez ere zonalde euskaldun eta abertzaleak. Baina Geroa Baik beste esparru soziologiko bat ordezkatzen duela uste dut eta Uxue Barkos Madrilera eramateko lortutako botoak oso heterogeneoak direla uste dut. Hemen burura etortzen zaizkidan hainbat faktore:

Uxue Barkos marka gisa
Bera izan da Geroa Bairen kartel, ekimen eta hitzaldi guztien erregina. Aurretik egindako kudeaketa defendatu du, baita ondo defendatu ere, eta horrek jende asko erakartzen du bestetik oso hankamotz zegoen eskaintza batera. NaBai osatu zuten 4 alderdietatik bakarra geratzen zen. Beraz Amaiurren barruan zeuden bi alderdiek zein I-Eren barruan zegoen besteak erraz har zezaketen NaBairen izpirituaren oinordekotza. Baina ez dute egin, Uxue Barkosek ordezkatzen zuelako, beste inork baino hobeto, ideia hori. Zenbat boto jaso ditu Geroa Baik Uxue Barkos aurkeztu dutelako? Oso zaila da jakitea, nahiz eta pista batzuk baditugun:

Alderdi gehienek bozka kopuru ezberdina izaten dute Kongresuan eta Senatuan. Batzuetan jendeak ez duelako bozkatzen Senatuan, ez dituelako pertsona berdinak aukeratzen (bigarren edo hirugarren aukeran aldatzen duelako) edo korapilotsua delako… baina alderdiek kopuru txiki bat galtzen dute. Guztiek? Ez, Amaiurrek boto gehiago jaso ditu Nafarroan senaturako kongresurako baino. Eta datu guztiak aztertu ez ditudan arren, ziurrenik kasu bakarra izango da estatu osoan.

Geroa Baik, ordea, izugarrizko beherakada du Senatuko bozkari dagokionez. Amaiurrek 7.000 boto ateratzen dizkio Kongresuan, 14.000 senatuan. Ez litzateke oso harrigarria izango 7.000 bat pertsonek Amaiur edo beste aukeraren bat bozkatu izana Senatuan eta Geroa Bai kongresuan, Uxue hor dagoelako. 7.000 bozkaren ezberdintasuna oso handia da, bere bozken %20a. Gainera efektu hau argiagoa da Iruñean, non 3.500 botoren diferentzia metatzen den Amaiurrekiko Kongresu-Senatu eremu horretan.

Beraz Uxue Barkosek kargua lortu izanaren arrazoia (gogoan izan 1.000 bozka gutxiago atera izan balitu UPN-PPk eramango zuela) bera aurkeztu dela da, dudarik gabe.

PSNren gainbehera
PSNren gainbeherak bi modutan eragin dio Geroa Bairi. Alde batetik merkeago jarrita Nafarroako 5. ordezkaria eta, bestetik, bozka transbase txikia eginez. Zaila da hau ere kuantifikatzea, baina argi ikusten da PSNk izandako jaitsiera izugarria ez dela osorik abstentziora joan, baina, aldi berean, I-E edo Equo bezalako alderdiek ez dutela hori guztia konpentsatzen. PSNko sektore batek ez du begi onez ikusten UPNrekin dagoen akordioa eta, baliteke, nahiago izatea Nafarroan ere NaBai2011rekiko gerturatzeko mezua izatea. Geroa Baik, modu batean, abertzaletasuna baino euskaltzaletasuna adierazten du Nafarroan, PSNren inguruan dagoen jende askok ondo ikus dezakeena eta, maila batean, Nafarroako sektoreen arteko lotura lana egin dezakeena.

Iruñeatik hegoaldera
Konturatzen bagara Amaiurrekiko duen aldea geroz eta txikiagoa da hegoalderantz mugitzen bagara. Lizarraldean, Tafalla ingurutan, Erriberan eta Iruñerriko herri askotan indartsu agertzen da Geroa Bai, ahula den bitartean Amaiurrek gehiengo zabala lortu duen herrietan.

Nire ustez hemen eragina du Nafarroako zonalde “ez-euskaldunetan” bizi den jende askok euskararekiko edo Nafarroaren identitatearekiko bai izan dezakeela mezua, baina beldur diola Amaiurren barruan dagoen “HB”ri. Hau da, “nik euskara ikasteko eskubidea bai, baina ez naiz ‘hain abertzalea'”. Egia esan banan bana galdetu beharko litzaioke eskualde hauetako askori bere bozkaren norabidea, baina horrelako sentimendu bat dagoenaren ustea dut. Lizarraldean NaBaik oso emaitza onak lortu zituen aurkeztu zenean, eta esperientzia on horrek jarraitzen duela uste dut, “abertzaletasun light” baten antzera.

Gerorik bai?
Hau guztia ikusita zaila da jakitea ea eremu politiko hau egonkortuko den. Uxue Barkosen figura ezin da infiniturarte luzatu. Aurreko hauteskundetan ere esan zuten Barkos Iruñean bakarrik egongo zela, baina gero ezetz, bietara egongo zela. Betirako manten daiteke hau? Ez dakit, baliteke ezetz. Uxue Barkosen figura kenduta marka beraren indartzea geratzen zaio, gauzak ondo egin eta bere esparrua zein den ondo definitu, nahi bada definizio politikoago bat egin.

Bestetik PSNk hartzen duen jarrerak ere garrantzia izango du. Politika UPNren eskutik egiten jarraitzen badu eta gainera Madrilen ez badu gantxorik, Nafarroan jende askok bere preferentzia aldatu eta erosi berri duen produktuarekin geratu. Beraz horiei begira ezkerreko hainbat politika egin beharko dituzte, keinuak.

Azkenik, NaBai2011k hartzen duen bidea ere garrantzitsua izango delakoan nago. Aralarrek ez du lortu bere eremu osoa Amaiurrera eramatea, Senatuko datuek erakusten duten bezala. Baina Aralarrek Bildurekiko lotura sendotzen jarraitzen badu krisia eragingo du NaBai2011n bertan. Hortik aurrera bide propioa ere urratu beharko dute Zabaltzen izenarekin biltzen diren “independiente” guzti horiek.

Sorpresa handia izan da Geroa Bairen emaitza, baina lan handia dute lortutako hori egonkortzeko, batez ere orain Uxue Barkos ez delako izango, Argian eginiko elkarrizketan esan bezala, UPNri aurre egiten dion ahots abertzale bakarra.

Hautesajea

Geologian lizentziatua eta Primatologian masterra. Han-hemenka interneten...

22 pentsamendu “Hautesajea: GeroaBai”-ri buruz

  • beaetaeneko 2011-11-24 15:35

    Ezin ahaztu ere noticiasctaldeak eginiko lana,berain inkesta elektorala eta gero Uxueren aldeko kanpaña areagotuz Amaiur alde batera utziz.Beste faktore bat Amaiurrek ez duela Geroa Bairen kontrako kanpaña(geroa bai egindako lana kritikatzea Aralar kritikatzea baitzekarren)egin eta bigarren eserlekuaren alde ez duela modu eraginkorrean borrokatu.Talde mixtoa handitu denez,ea ze gertatzen den UpyD eta Amaiurrekin,Uxueren papera ere murriztuko da,eta Sabino parlamentuan egonda zaila izango du bere burua nafar abertzale eta aurrerakoien ahotsa dela saltzea.

  • beaetaeneko, gogoan dut oraindik 2007.urtean ANV-k udal hauteskundeetarako eginiko kanpaina, erabat NaBai-ren aurkako diskurtsoan oinarriturik.

    ba urte hartan izan zituen ezker abertzaleak nafarroan -eta iruñerrian bereziki- inoizko emaitzik txarrenak. bi aukerak aurkeztu ahal izan ziren herriak hartuta behintzat, zalantzarik ez dago.

    amaiurrek geroabairen aurkako kanpaina egin izan balu amaiurrek nafarroan emaitza okerragoak eta geroabaik emaitza hobeak eduki izango lituzkete.

    nafarroako jende euskaltzale eta abertzaleok onartzen dugu bi estrategia/abertzale ezberdin esisititzearen zilegitasuna (eta baita, akaso, horren beharra ere). onartzen ez duguna da, elkarren kontra ibiltzea eta hori gertatu denean garesti ordainarazi dugu.

  • Bazaen lehia moduko bat Uxue eta Ptxiren artekoa. Nere ustetan lehenengoa atera da irabazle baina…Ez dakit ez ote dan estrategia kalkulatua. Bestalde eskubiko hedabide navarristek Geroa bai-ren alde ein dute eta nola ez estatukoek baita ere Uxue goratu eta hauspotu dute Amaiur-en baliko igoerari aurre egitekotan-edo. Nago hemendik aurrera kontrakoa datorkiola. Aldekoa baino kontrako kanpaina etengabe baten hasiera baietz izan. Orduantxe ikusiko da benetan sustantzia politikoa dagoen ala pertsona sinpatikoaren tiradizoa bakarrik.

  • Txarlik dio “…onartzen ez duguna da, elkarren kontra ibiltzea eta hori gertatu denean garesti ordainarazi dugu.”.
    Teoria polita baina ez zuzena. Esaterako; EAJk (Geroa Bairen osagarria) eman du kanpaina osoa Amaiurren aurka kristonekoak eta bi esaten. Eta hala ere emaitzak onak lortu dituzte Euskadin eta Nafarroan.

  • beaetaeneko 2011-11-24 19:19

    Ados nago Basatxurekin,EAEn PNVrekin lehiatu da Amaiur eta kriston emaitzak lortu ditu,Uxuerena marketing politiko bikain bat izan da,ene aburuz Uxuek parlamentuan urte hauetan eginiko lana kritikagarria iruditu zait prozesuaren inguruan izandako epeltasuna,partiduen legea,Zapateroren neurri ekonomikoekin,Afganistango gerra,… Kritikatzea zilea eta beharrezkoa iruditzen zait.
    ANVko emaitzen inguruan ez du uste analisia zuzena denik,baina tira hori beste leku batean eztabaidatuko beharko zen:prozesuaren amaiera,ilegalizazioak,…

  • Eider Alkorta 2011-11-24 20:09

    Galder,
    Datuei helduz, komentatzen duzu Amaiurrek zenbat bozken diferentzia ateratzen dion Geroa Bairi Kongresuan eta Senatuan. Gaizki ulertu ez badut, Amaiurreko zenbaitek Geroa Bairi bozka eman (ahal)diotela adierazi duzu,Kongresuari dagokionean. Baina Amaiurren bozkek bestelakoa adierazten dutela uste dut, ia bozka berdinak izan baitituzte Kongresuan eta Senatuan. Hortaz,Geroa Bairi Kongresurako bozka eman diotenak baina ez Senaturako seguruenik beste alderdi batekoak dira, PSN adibidez.

  • Nik uste Nafarroan Amaiurrek emaitza hobeak espero zituela (ez dira txarrak), baina Uxueren figuraz aparte nik uste badirela beste hainbat kontu:
    1. Iruditzen zait Amaiurrek Nafarroan kanpaina ahul xamarra egin duela, konfiatuta bezala, irabazita edukiko balu bezala.
    2. DN eta batez ere Noticias, Geroa Bai-ren aldeko kanpaina izugarria egin dute eta Amaiurrek Nafarroan ez du hori neutralitzaeko ekimenik egin. Gararekin ez da nahikoa.
    3. Amaiurreko diskurtsoa EAEkotik kalkatuegia izan da eta ez da zentratu NaBai-ko hauteslegoa erakartzeko diskurtso leun eta erakargarriagoa egiten.
    4. Amaiaurreko hautagaia pertsona bikaina den arren, ezkertzale petoa eta abertzalea, hautagai bezala agian ez zen onena eta Uxueren eko mediatikoa kontrarrestatzeko.

  • Amonamantangorri 2011-11-25 02:20

    Nik ere enuen uste Barkosek eserlekua aterako zuenik. Berak ere ezin zuen sinestu.

    – Uxue Barkosen figura karismatikoa ezinbestekoa izan da. Nire ustez, hauteskundeetako debateetan (Canal 4, Canal 6) UPN eta PSNko aurkariak txiki-txiki egin ditu, haien maila eskasa agerian utziz. Beharbada, eta aldeak alde, Juan Cruz Allik CDNn zeukanaren antzeko papera jokatzen du Barkosek koalizio barnean. Alli jubilatu bezain laster, CDNk erreka jo zuen; GBren kasuan, nahiago nuke horrelakorik ez gertatzea, Nafarroarentzako alternatiba bat lortze aldera.

    – EAJren kapital mediatikoa eta ekonomikoa. Noticias taldea ezinbesteko makulua izan zen NaBairentzat, eta orain GBentzat ere horrela izanen da.

    – Ordezkatzen duen esparru soziala hor dagoela erabat frogatua gelditu da. Milaka botu batzuk kenduta, NaBai 2011n batu zen horixe bera da. Ez da Amaiurrek ordezkatzen duen sektore bera, nahiz eta alde batera zein bestera transferentziak egon. Nafar askok ez liokete sekulan (edo orain ez behintzat) barnean ezker abertzalea duen koalizio bati botua emanen; GBri, edo behintzat Uxue Barkosi, bai.

    Azken bi hauteskundeetan, Nafarroan inoiz baino botu abertzale (edo zehazkiago, “euskaltzale aurrerakoi ez nahitaez abertzale”) gehiego bildu da. Amaiurreko hautetsi batek lehengo batean esan zuen bezala, denek bere lana ongi egin dute.

  • Mikelen iruzkinari buruz: Zure azterketan Amaiur eta Geroa bai elkarren kontra jartzen dituzula dirudi, lehian.
    Beharbada hori da akatsa….esparru euskaltzale-abertzalean hainbeste botu direla kontutan hartuta (Nafarroa baik mobilizatu-azaleratu dituenetik ezaguna den gauza), pentsatzekoa zen laugarren diputatua eskuratzeko lehia etzela Amaiurrekin izango, UPN-PPrekin baizik…..beraz, Amaiur eta Geroa bai elkarren kontra jartzea, azterketa soziologikoa baino gehiago, fobia etxekaltearen ondorio da, nire ustez.

  • Ni ez nintzen EAEz ari, Nafarroaz baino. Amaiurrek larrutik ordaindu izango luke bere kanpaina Geroa Bairen aurka zentratu izan balu, eta viceversa ere berdin.

    Etsaia, arerioa, UPN bait da.

  • Gauza bat da kritika politikoa egitea, ta beste gauza bat, urte askotan ezker abertzaletik nabairen kontra egin izan diren kritiken moduan, nabai-gbairen esistentzia bera abertzaletasunaren aurkako krimena balitz moduan, kritika esistentizal-agoniko horiek.

  • Nire ustez Geroa baik esparru propioa ordezkatzen du, eta ez da, hain zuzen ere, EAJ-PNVrena. Irakurketa hori aparataje politikoaren diskurtso baldarra baizik ez da.
    Geroa baik- Nafarroa erdialdea iraultzen du. UPN-PPk beldur izugarria dio horri. Iruñerria eta erdialdean dira gakoak.

    Geroa Baik azken ehun urteotan abertzaletasunaren formulazio sabinianoak bazterrera utzi duen Nafar izaitearen parte bat (ez dena) azaleratzen lagundu du.

    Uste dut abertzaletasunak, edo zehatzago, aparataje politikoak, ez duela asmatu identitate hori bereganatzen. Eta, hainbat mugimendu ari diren bezala (Nabarralde eta beste), abertzaletasunak bizkar eman dion horri ateak zabalduko balizkio, Nafarroan lautik hiru ere izango genituzkeela. HOrretarako aro historiko zehatz batean protagonista izan denak gogo hori katalizatu ez balezake, egin dezakeenak egin dezala.
    Harritu nau Zabaletak ikusi ez izana. Aralarren biziraupena lehenetsi duelako apika. Hanka sartze galanta.

  • Amonamantangorri, zuk idatzitako hontan:

    “Beharbada, eta aldeak alde, Juan Cruz Allik CDNn zeukanaren antzeko papera jokatzen du Barkosek koalizio barnean. Alli jubilatu bezain laster, CDNk erreka jo zuen; GBren kasuan, nahiago nuke horrelakorik ez gertatzea, Nafarroarentzako alternatiba bat lortze aldera.

    (…)

    – Ordezkatzen duen esparru soziala hor dagoela erabat frogatua gelditu da. Milaka botu batzuk kenduta, NaBai 2011n batu zen horixe bera da. Ez da Amaiurrek ordezkatzen duen sektore bera, nahiz eta alde batera zein bestera transferentziak egon. Nafar askok ez liokete sekulan (edo orain ez behintzat) barnean ezker abertzalea duen koalizio bati botua emanen; GBri, edo behintzat Uxue Barkosi, bai.”

    Kontraesan zantzuak ikusten ditut …

    CDNk etzuen inoiz kongresurako eserlekurik lortu, eta, bertzalde, hasieran bakarrik izan zituen emaitza onak. Alliren magnetismo pertsonalak ez zien balio izan ezertarako, euren norabide eta espazio politikoa galdu bait zuten Otanoren gobernuak bere buruaz beste egin ostean. NaBai-k eta Geroa Baik ordea 7 urte daramazkite, eremu abertzale-euskaltzalea “zabaltzen” 😉

  • NOSK, guztiz ados nago zuk eginiko irakurketarekin. Geroa Bai = PNV dela dioten diskurtsoek errealitateari bizkar ematen diote. Irakurketa okerrak dira.

  • Nik uste dut identitate ezberdinak egoteak sortzen duela halako indar banaketa Nafarroan, besteak beste. Hartu euskararen ezagutza neurtzen duen Nafarroako edozein mapa eta hartu, adibidez, Berriak eta Gaindegiak hauteskundeei buruz egin berri dutena. Euskararen ezagutza nahiko handia den Nafarroako ia herri guztietan Amaiurrek irabazi du. Iruñerrian eta Pirinioetan herri gehienak UPN eta Amaiurren artean banatzen dira, baina Geroa Baik herri askotan Sabinok ordezkatzen zuen koalizioari aurrea hartzen dio. Nafarroako erdialdean eta Erriberan antzekoa gertatzen da, baina UPNk are leku gehiagotan irabazten du (PSNk ere bai zenbait lekutan). Oinarri oinarrian, nafarrok nafar sentitzeaz gain zein herrirekin identifikatzen garen galdera dago, eta Geroa Baik nafar euskaltzale edo abertzale epelagoak gerturatu ditu.

  • Ez “epelak” soilik. Baita Ezker Abertzalearen erasoekin nazka-kazka eginda dauden abertzale eta euskaltzale ezkerrekoak ere. Hori dela eta, Amaiurren integratzeko apustua eginda, Aralarrek ia bere buruaz beste egin duela dirudi. Bere militante eta bozka emale askok ez du Ezker Abertzalearekin ezer jakin nahi, ez urruntasun ideologikoagatik, urtetan jasandako tratuarengatik baizik.

  • Hori ere egia da. Eta “epel” deitzea ere, agian, ez da egokia. Baina Geroa Baik beste abertzaletasun mota bat ordezkatu nahi izan du, lehenxeago azaldu dudan ideiaren haritik, euskal komunitatearekiko urruntasun gehixeago duena. Ezker abertzalearekin nazkatuta dauden sektore horietako gehienek Nafarroako iparralde eta ipar-mendebaldean (non, bestalde, talka zuzenak eta gogorrak izan diren “bi abertzaletasunen” artean) lehen Bildura eta orain Amaiurrera jo dute (duela lau urtetako emaitzekin alderatzea baino ez dago). Zauriak sendatuz gero zonalde horietan abertzaletasun ezkertiarrak are emaitza hobeak lor ditzake.

  • Liluragarria da batzuen ustezko sentsibilitatea. Ezker Abertzaleak NaBairi egin dizkion kritikak “eraso” jasanezinak dira haientzat, baina EAJ-PNVk (NaBai eta Geroa Bai-ren kidea dena) urteotan ertzaintzaren bidez Ezker Abertzaleari eman dizkion ostia fisikoak “errealismo politikoa” omen da.

    EAJ-PNVk (NaBai eta Geroa Bai-ren kidea dena) abertzaleen aurkako bortizkeria hori gauzatzeak ez omen zuen banaketarik sortzen, baina jazarpen hori salatzea “erasoa” zen-da gure anitz-zalentzat.

    Eta orain barregarriena da ikustea nola saiatzen ari diren azaltzen Nafarroan GeroaBai ez dela EAJren frankizia bat. Kar, kar, kar, badirudi Urkullu ez dela enteratu, lehengo egunean Geroa Bairen emaitzak batu zizkion EAJren emaitzei adierazteko Hego Euskal Herri mailan Amaiurrek baino boto gehiago lortu zutela.

    Animo, baina inauteriak ez dira oraindik heldu.

  • Aupa Xabi,
    Hain juxtu zurearen moduko diskurtsoak dira nafarroako abertzalegoaren gehiengoa jasateko prest ez dagoena.
    Baina, en fin. Ulertzeko gogorik ez baldin badaukazu, zer egingo diogu.

  • Berriro diot: Oraintxe ikusiko da benetan ea GEROA Bai benetako autonomia eta edukin pilitiko sakoneko egitasmoa den ala “ALLI 2” bat. Izan ere ETAren mamurik gabe eta Espainiako hedabideen laguntzarik gabe gauzak ez dira berdinak.
    Bestetik, ikuspegi zabalago batetik ikusi ezkero eta espainiako Estatuko beste “erregiotan” (Balentzian, Asturias,…) gertatzen ari den bigarren belaunaldiko “abertzale”-en fenomenoaren aurrean epe luzerako jokaldia izan daiteke Nafarroakoa. alegia, 1.Zabaletak Aralarrekin Amaiur osatu/ 2. Abertzaleen beldur UPN eta PP bat egin. / 3. “abertzaletasun erregionalistaren” espazioa UXUEren esku-eskura.

  • Xabirentzat: Geroa bai PNVren frankizia soila dela esatea itsukeria iruditzen zait, baina kontsolagarri baldin bazaizu…..gauza bat da PNVk “marka politikoari” dagokionez Geroa bai bere esparruan kokatzea. Besterik da, oso besterik, Nafarroan ordezkatzen duena. Kuantitatiboki alde batetik, baina batez ere kualitatikoki. Eta azken ehun urteetan Euskal herri izateko sentimenduak hartu duen formaz ari natzaizu.
    Nolanahi ere, eta honek guztiak indarrak akitu eta askatasunerako bidea nekezago egiten duelakoan, betiko ariketa proposatzen dut. Osa dezagun zerrenda:

    Elkarlanerako esparru posibleak: (nik bat idatzi, eta zuk beste bat, nekatu arte):

    1-. Euskara sustatzeko ekimenak.
    2-. (zure txanda).
    3-. ……..
    4-……….

  • Nafar soberanista-abertzaleek, hauteskunde hauetan erabaki dutena da Amaiur eta GeroaBai, biak, nahi dituztela. Uste dut frogatuta geratu dela, Senaturako emaitzak ikusita, “botu erabilgarri” bat izan dela Amaiurzaleen sektore baten aldetik GeroaBai-ra. (Zalantzan jarri du hori norbaitek komentario batean: Maite Iturre da Senaturako emaitza hain ona lortu duen “espainiar” hautagai bakarra. Esanguratsua. Eta Esanguratsua GeroaBai-k Senatutik Kongresura izan duen aldea beste partidoekin konparatuta. Amaiurrek Senaturako + eta GeroaBaik -. Irakurketa garbia da) Botu Erabilgarri bat izan zen bezalaxe Bilduzaleen sektore batetik Nabai2011ra maiatzean (Bilduk, 10.000 biztanletik gorako herrietan -Iruñea salbu, hori konplexuagoa izan baitzen- Udal Hauteskundeetako urnatik Foru hauteskundeetako urnara %16ko beherakada izan zuen).

    Horren irakurketa zein da? batetik, badela sektore zabal xamar bat nafar-soberanista dena eta botu erabilgarria erabiltzen duena BI sentsibilitate soberanisten alde egiteko. Eta irakurketa politikoa da Nafar soberanistek bi espazioak ikusten dituztela beharrezko. Eta, gainera, bien arteko elkarlana saritu eta eskertuko luketela.

    Analisian hanka sartu genuen Amaiurrek (Amaiurrek bakarrik) hori guztia ordezkatzen zuela uste genuenok. Ez, bada, soberanista izateko beste eredu bat, GeroaBai izena duena eta espazio politiko bat baduena. Hortik aurrera, Amaiurrek lan egin beharko du latz indar-metaketaren bidean pausuak emateko.