Euskal Herrian bada zer entzun

Euskal Herrian bada zer entzun

Euskal Herrian bada zer entzun

Arrosa Irrati Sareak Datorren otsailaren 25erako jardunaldi batzuk antolatu ditu Bergarako Gaztetxean. Bertan Sareak dituen hamar urteetan pilatutako esperientziak eta jakintzak elkartrukatuko ditugu.

Arrosa Sarea duela ia hamar urte sortu zen. Euskal Herriko hainbat irrati txikiren arteko elkarlana, edo gaur egun hainbeste entzuten dugun auzolana, oinarri hartuta, sarea eraiki zen, eta 2002ko maiatzetik gaur artekoak lanean eman ditugu. Sarearen funtzio nagusia euskarazko irratsaioak elkartrukatzea izan da, orain artean. Hori dela medio, Donibane Garazin ekoitzitako musika irratsaio batek entzuleak ditu Iruñeko kaleetan, edo hasi berritan dabilen irrati batek programazio duin askoa egin dezake Gasteizen edo Urretxun egindako saioak erabilita.

Bada zerbait. Hala ere, sareko kideok beroni etekin handiagoa atera ahal geniola pentsatu izan dugu beti. Elkarlanean beste hainbat gauza ere egin ahal genituelakoan geunden. Irrati txikiok, gehienok ez-profesionalak gainera, eguneroko lanean agertu zaizkigun beharrei erantzuteko tresna propioak sortu behar izan ditugu. Horretara datoz jardunaldi hauek, hain zuzen ere: tresna hauek elkartrukatzera, bakoitzaren ezagutza besteekin konpartitzera. Hamar tailerretan hamar gairen inguruan lanean arituko gara. Oinarrizkoenetik, teknikoenera. Beti ere, kontu praktikoak. Honekin, hasi berri diren, edo hastear dauden, herri- edo auzo-irratiei dei berezia egin nahi diegu jardunaldiotara etortzeko. Ateak zabalik daude interesa daukan edonorentzat.

Lanotan goiz partea emango dugu, bazkaldu eta arratsaldeko saioari ekiteko. Arratsaldean pare bat gairen inguruan solasean arituko gara nagusiki, berauek landu dituztenen esperientzietan oinarrituta. Batetik generoa eta komunikabideak gaia hartuko dugu hizpide, eta bestetik irratiak eta teknologia berriak. Eguna gerturatu ahala esango dizuegu zein esperientziaren inguruan ariko garen, eta nortzuk izango ditugun gonbidatu.

Jardunaldiei amaiera emateko, denon arteko eztabaida saiotxo bat egingo dugu, Word Cafe moduan, eta nola ez, Euskal Herrian ezin da bestela eta, Gauerako kontzertu pare bat ere antolatu dugu.

Hau guztia Bergarako Gaztetxean izango da otsailaren 25ean, larunbata, goizeko 10:00etan hasita.

Euskal Herrian bada zer entzun

Zer duzu buruan “Euskal Herrian bada zer entzun”-ri buruz