Auñamendi Entziklopedia CC lizentziapean izango da

Auñamendi Entziklopedia CC lizentziapean izango daEusko Ikaskuntzak bere orrian eman du jakitera aurrerantzean Auñamendi Entziklopedia, Creative Commons lizentzietako baten menpe egongo dela. Zalantza batere gabe, albiste oso ona da hori internet zaleontzat eta bereziki ZUZEU egiten dugunontzat.

Honela dio Eusko Ikaskuntza berak, Urte Berri eguneko data daukan albistean: “2012ko urtarriletik aurrera Auñamendi Eusko Entziklopediako artikuluak Creative Commons lizentziapean argitaratuko dira (Aitortu – EzKomertziala – PartekatuBerdin ezaugarriekin). Lizentzia honek lana partekatu eta jendaurrean hedatzeko eskubidea ematen du, baita lan eratorriak sortzeko ere. Ezinbestekoa da ordea, lanaren egilea eta/edo iturria aipatzea. Horretaz gain, ezin da lan horren (ezta bere eratorrien) erabilpen komertzialik egin eta lana aldatu edo lan eratorri bat sortzen bada, sortutako eduki horren banaketa, ezaugarri berberarekin egin beharko da.”

Gainera oharrean gehitzen dutenez, 6.464 eduki berregituratu dira iaz, 583 argazki eta 151 bideo berri jarri  ikusgai… “entziklopedia teknologia berrien arora egokitzeko etengabe”.

Bejondeiela!

ZuZeuko erredakzioko kazetariak eta editoreak gara.

22 pentsamendu “Auñamendi Entziklopedia CC lizentziapean izango da”-ri buruz

  • Kontuz. Ez dakit zehazki “albiste oso ona da hori internet zaleontzat eta bereziki ZUZEU egiten dugunontzat” zatiak zer esan nahi duen, baina entziklopedia horretako edukiak ZuZeun erabiltzeaz ari bazarete, kontuan izan lizentzia hori “EzKomertziala” dela. http://creativecommons.org/licenses/by-nc-sa/3.0/deed.eu

    Beraz, Auñamendiko edukiak ezin dira ZuZeun erabili, ze adibidez oraintxe bertan BBKren banner bat daukazue goiburuan, eta hori dirua egiteko bide bat da (“komertziala”).

  • Ba orduan ederki gaude euskarazko hedabide digitalok: oso oker ez bagaude, denok saiatzen gara sekulako lanak hartu eta bizirik irauteko publizitate apur bat bilatzen, Sustatu, Argia, Topaguneakoak, Goiena… eta ematen du horregatik ezin erabili ditugula diru publikoz landu diren edukiak. Bada marka!
    Baina agian okerragoa da beste norabideko galdera: euskarazko hedabide digital mixerableok ezin baditugu erabili eta zabaldu Eusko Ikaskuntzak Auñamendi Entziklopediarentzat sortu dituen edukiak, zer demontretarako behar du inork eduki horiek egiten ibili?
    ZuZeuri dagokionean, ASSARek aipatu duen lege horretan bertan agertzen den salbuespenerako aukera eskatzen zaio hemendik Auñamendi Entziklopediari.
    Baten batek zerbait esan behar luke Eusko Ikaskuntzatik, ez?

  • Galder Gonzalez 2012-01-03 17:26

    Wikipedian ere ezingo dugu erabili eduki hori, nahi duenak Wikipedia inprima dezakeelako eta saldu, lizentzia EzKomertzialak hori ere ukatzen duelako.

  • Ni neu Eusko Ikaskuntzako bazkidea naizen aldetik, nahiz eta entziklopediarako zuzeneko artikulurik ez idatzi, ez zait bururatu ere egiten Zuzeu C.C. Lizentziarik urratzen ari denik, are, kontrakoa, esango nuke. Ez dut uste ZuZeu merkataritza trafiko pekuniariorik egiten ari denik Auñamendireko edukiekin. Eta banan-banan galdetuta bazkide guztiei erantzuna ez litzateke, oro har, desberdina izango, beraz Eusko Ikaskuntzako Zuzendaritzari galdetzea ere alfer lana iruditzen zait.
    Eusko Ikaskuntzako bazkide bat (Zuzenbide arlokoa)

    Iñaki V.

  • Berdin da Eusko Ikaskuntzako bazkideek zer pentsatzen duten ZuZeuren inguruan. Gakoa lizentzian datza. Eduki hori librea izateko NonComercial hori kendu beharko litzate.
    Bestela baimena eskatu beharko zaio, publikatu nahi duen orok, banan banan Eusko Ikaskuntzari…
    Eta hori eta copyright-a, finean berdin-berdin!

  • Galder Gonzalez 2012-01-03 18:03

    Iñaki: Nik ere uste dut Eusko Ikaskuntzak ez diola ZuZeu, Argia edo Berriari (hiru adibide geroz eta handiago jartzearren) bere edukiak publikatzeko aukera ukatu nahi, baina berez egiten ari da, eta legalki horrela da.

    Wikipedian aritzen naiz eta agian Eusko Ikaskuntzak ez du nahi eduki hori Wikipedian argitaratzea, artikuluak indartzeko erabiltzea… horrela bada ondo egiten du NC lizentzia jarrita, bere edukia babesten duelako norbaitek etorkizunean inprimatu eta saltzeko gogoa izatekotan.

    Ishikawak dioen bezala nc lizentzia eta copyrighta edukitzea oso antzekoak dira, proiektu bakoitzak demostratu behar duelako ez duela inongo dirurik egiten eduki horrekin.

  • Galder: Eusko Ikaskuntzak ez baditu bere artikuluak Wikipedian nahi ez ditu inorrek aurkituko…

  • Aipatua izan naizenez, bakarrik esango dut ez zaidala iruditzen C.C.ak aldez aurreko baimena eskaraztea dakarrenik, kredituetan aipatua izatera derrigortzen duela baizik eta debekatzen duela libreki erreproduzitzen duenaren diru-irabazpide asmoa. Are gehiago, oker ezbanago, edukia bera aldarazteko baimena ematen du. Auñamendiari buruzko azken iritzi hori ez zait jende askorekiko errespetuzkoa iruditu eta gainera hori ez da egia. Nik nire semeei bai batean, bai bestean (orain Wikipediaz ari naiz) bilaketak egiten irakatsi diet. Iritzi hau ez da jadanik Eusko Ikaskuntzako bazkide gisa, euskaltzale gisa baizik.

  • Galder Gonzalez 2012-01-03 21:56

    Iñaki, abokatua bazara, jakingo duzu kontratu batek derrigortzen duela. Eta kontratua kasu honetan NC da, hau da, ezin da erabili ZuZeun, orain goian Kutxaren banner bat duelako eta, beraz, dirua irabazteko asmoa duelako, nahiz eta diru hori gastuak nolabait kubritzeko izan.

    Lukuru asmorik gabeko ekimena izanda ere, kontuz ibili behar da. Wikipediak ez du irabazteko asmorik, eta ez du publizitaterik. Baina bere lizentziak argi esaten du nahi duenak inprimatu ahal duela eta, nahi badu, CD batean sartu eta 1€ baten truke saldu hirugarren mundu eskola batean. Eta hori, legalki, irabazteko asmoa baimentzea da. NC lizentzia egongo balitz hau debekatuta legoke, eta ez da kasua, askatasuna ematen delako nahi denerako.

    NC lizentziak, beraz, ematen du aukera nahi badut eduki hori erabiltzeko eskolako lan batean, noski. Eta hori ondo dago. Baina ezingo dut erabili ia beste inon.

  • Lagunok, puntu honetara iritsirik, alde praktikoak ere begiratu behar dira eta, nire ikuspegitik, errazena, azkarrena eta eraginkorrena, Eusko Ikaskuntzak Auñamendirentzat beste lizentzia bat hautatzea litzateke. Badirudi Creative Commons Aitortu-Partekatu-Berdin motakoa aski izango litzatekeela. Izan ere, hemen nor hasiko da Auñamendiren edukien lepotik dirurik egiten?
    Esango nuke Auñamendiko edukiak haizatzea dela hemen komeni dena, areago Eusko Ikaskuntzarena bezalako ibilbide bikaina duen erakundearentzat: erabiltzea, ezagutaraztea eta ikastea; eta horrelakorik ez da lortuko oraingo lizentziarekin.
    Ez dut uste digitaletan eta euskaraz gabiltzan inork ahalmena dugunik, eginahalak eginda ere, Auñamendiko edukiekin sos bakar bat egiteko. Irudimen handia erabiliz, pentsa dezaket editorialen batek agian, testu liburuak eginda edo, aurrez dezakeela sosen bat, baina horretaz ere ez naiz ziur…
    Gainera, hemen denok ezagutzen dugu elkar eta baten batek trastada eginda, erraza luke Eusko Ikaskuntzak harenganako salaketa agerikoa egin eta desohoretzea…
    Ez dakit, baina iruditzen zait, denok ere txorrotxegiak ez ote garen eskubideen gai honekin, presa ari garela egiten ura eduki aurretik, eta finean, logikaren zentzua baizik ez dela behar, gauza gehienetan bezala.
    Eusko Ikaskuntzak badaki lizetzia egokia ezartzen badu, bere edukietara joko dugula aukera dugun bakoitzean, orain Wikipedia eta abarretara egiten dugun moduan. Hori debekatzen digun lizentzia ezartzen badu, ostera, ezin izango dugu bertara jo eta gure lanerako gune erreferentziazko eta iturri jator moduan ahazten joango zaigu Auñamendi, ezin erabiliarekin.
    Berea da erabakia, diru publikoa tarteko izanagatik bereak baitira sortu dituen edukiak. Umetako partiduetan baloia beti baten batena izaten zen bezalaxe.

  • Nire ustez CC lizentzien ezagutza falta eta beldurra (edo ezagutza faltak eragiten duen beldurra) alde batetik, eta sare digitalek sortu duten egoera berrian zerbait-egin-beharra daude nahastuta honelako ekimenetan. Orduan, batzuetan erdibidea aukeratzen da. Horixe bera egin dute, adibidez, Kutxatekaren kasuan.

    http://blog.consultorartesano.com/2011/12/kutxateka-creative-commons.html

    Hala ere, ez da batere ulergarria ia osorik (ala guztiz?) diru publikoz finantzatutako erakunde batek, Eusko Ikaskuntzaz ari naiz, bere informazio guztia modu librean ez ematea.

    Benetako lizentzia libreekin informazioa eskaintzen duten erakunde batzuk:

    http://www.gipuzkoakultura.net/index.php/eu.html

    http://www.guregipuzkoa.net/index-int.php?lang=eu

    http://opendata.euskadi.net/w79-home/eu

  • Asuntuaren egoera CC-koentzat beraientzak, non, besteak beste, ikus daitezkeen haiek ere Non-commercial delakoaren kontua bera berdefinitzen dabiltzala, ikusi esteka: http://wiki.creativecommons.org/Defining_Noncommercial. 2009ko PDFan argi ikusten da (119 orri) nola MERKARITZARAKO ETA EZ-MERKATARITZAKO sailkapenarako lagapen-emaile eta onuradunaren arteko kontsiderazioak kontuan izaten diren (ez dago kontraturik inondik kontu hauetan). BANNERRA edukita komertzialtzat jotzea USAn da eta han ere ez dago argi, zeren eta ez dago, nik dakidala, sententziarik horren inguruan. Eta gurean KUTXABANK, EUSKALTEL ETA ABARREK kapital publikoa dute, beraz. Arazoa ez dago diruaren klausulan, baizik eta lizentzia mota batetik, ez-merkataritzakoa, nola igarotzen diren edukiak beste batera: merkataritzakoa dena, eta hori argitu behar dutenak USAko horiek dira. Baina jesus ta maria! Amerikanuak beraiek ez badira aklaratzen, nola nahi dugu guk hau guztia amen batean konpondu,paragrafo batean. Banner horiek ez dute Zuzeu-ren ekimena CCri dagokionean, juridikoki, automatikoki, merkataritzako irabazpide-asmokoa bihurtzen, inola ere. Bestela zer da Wikipedia 2010ko donazio-kanpainan 12 milio euro jaso zituena? (gehiena Estatu Batuetatik).

  • Galder Gonzalez 2012-01-04 12:21

    Iñaki, ez saiatu zuritzen erabakia. NCek argi eta garbi uzten du zer ezin daitekeen egin: dirurik egin horren kontura.

    Wikipediak jaso zituen dohaintzk ez ziren irabazteko asmokoak, baizik eta dituen gastuak ordaintzeko. Beraz Wikipediak ez du erabilpen komertzialik egiten. Baina bai baimentzen die hirugarrengoei egitea, eta horregatik ezin da material hori erabiltzea.

    Zer da erabilpen komertziala? Ba esandakoa, Wikipediako 20 artikulu hartu, CD batean sartu, 1000 kopia atera eta bakoitza €1en truke saltzea, gastuak ordaintzeko. Hori erabilpen komertzial bat da.

    Zer da erabilpen komertzial bat? Ba ZuZeuk edukia hartu, demagun bi argazki eta testu bat, hemen jartzea eta horregatik bisita gehiago eduki eta BBKren xentimo xixtrinak jasotzea. Hori erabilpen komertzial bat da.

    Zer da erabilpen komertzial bat? Lagun talde batek disko bat grabatu, cc-by-nc-sa lizetnzian jartzea eta tabernari lagunari ematea. Berak diskoa jartzen duen bakoitzean garagardok saltzeko aukera handitzen du, herriko taldea delako eta jendeak entzun nahi dituelako. Hori erabilpen komertzial bat da.

    Zer da erabilpen komertzial bat? Elkar argitaletxeak Auñamendi Entziklopedia osoa hartu, editatu, tapa gogorra jarri eta Durangon saltzea. Hori erabilpen komertzial bat da.

    Zer da erabilpen komertzial bat? Euskaltelek Auñamendiko argazki zahar bat hartu eta publizitate kanpaina bat egitea. Hori erabilpen komertzial bat da.

    Kasu guzti hauek debekatzeko, hasieratik bukaerara, NC lizentzia sortu zen. Ez baduzu nahi azken biak baina bai lehenengo 3ak, hori zure arazoa da, ez delako existitzen lizentzia bat esaten duena Buenrollismoaren arabera bakarrik utziko duzula erabiltzen.

    Beraz Auñamendik nahi badu edukia barreiatzea kultura librea indartzen duten beste leku batzuetan (ZuZeu, Sustatu, Wikipedia) NC lizentzia kendu beharko luke. Horrekin egon daitezkeen beste eratorpenak ekidin nahi baditu, orduan manten dezala NC lizentzia.

  • beno ba, nire arazoa da. Kuriosoa da, dena den, aipatu ikerketako (Defining “Noncommercial” a Study of How the Online Population Understands “Noncommercial Use”) taldeen banaketan, Galder eta Assar 12 orriko CCFFko taldekotzat hartuta, eta ni U.S Online populaziokotzat hartuta (dena gurera erakarriz, zilegi bekit bakoitza zein taldetakoa litzatekeen erabakitzea) emaitzak guztiz kontrakoak ateratzen dira Zuzeuko inkesta txiki honetan eta USAko ikerketan: USAn zenbat eta jantziagoa egon CCko kontuetan orduan eta prestutasun handiagoa erakusten dute indibiduoek banner estiloko iragarkiak eta “uses involving cost recovery” gutxiago merkataritzat jotzera, eta hemen kontrakoa dela dirudi. Beno nik gauza bat argi atera dut euskaldunak ez gara amerikanoak. Plazer bat izan da eztabaidan parte hartzea.

  • Iñakiren azken mezuaren harira,lege mundua ez dut batere ezagutzen baina enpresa munduan oso garbi bereizten da fakturatzea eta irabaztea. Irabazi asmorik gabeko munduko erakunde guztiek diru iturriak dituzte salbuespenik gabe. Hain zaila al da eztabaidan dagoen esparru horretan bi eremu horiek bereiztea? Agian hala izango da, ez dakit.

  • Galder Gonzalez 2012-01-05 15:49

    Aber, berriro errepikatuko dut. Arazoa ez da zein den ZuZeuk, Wikipediak edo ETB3k egiten duen erabilpena. Arazoa da eurek zein den hurrengoari ematen dioten aukera.

    Wikipediak ematen dizu aukera, baita ZuZeuk ere, bertakoa inprimitu eta saltzeko. Eta dirutza egiteko materiala ona bada. Beraz nik zerbait hartzen badut Auñamenditik eta Wikipediara eraman, ez dago helburu komertzialik. Baina wikipedia inprimatu daitekeenez, ez duelako NC klausularik, ba orduan ezin dut jada erabili Auñamendi Wikipedian, hirugarrengo bati azaldu beharko niokeelako testu zati hori, zehazki, ezin duela inprimatu.

  • Galder, nik Bestela-ri oso ondo ulertu diot. Beraz ez bazaizu dena ondo ulertu, iradokitzen duzunez zure mezuan, errepikatzea baino desberdin azaltzea hobe da. Espainiako epaitegi batek ez zuen SGAEren demanda bat tramitera onartu, tabernariak jarritako musika, CCrekin lizentziatua zegoelako, hori baitzen tabernariak argumentatzen zuena. Bestetik mundu mailan CC koak beraiek bakarrik bost demandaren notizia jaso ahal izan dute. Eta lizentziaren arrakasta aldeen erabilera inteligentean, ez abusiboan kokatzen dute, beraz, buenrollismoaren aita eta ama dira. Kakoa hau da, lagapen-emaileen interpretapen liberala eta lagapen-hartzaileen interpretapen hertsia, non-commercial gaiari dagokionez, beti ere beren hitzetan.

  • Galder Gonzalez 2012-01-06 05:54

    Inaki, ziur musika horrek ez zuela NC lizentzia. CCk ez du ezer esan nahi, lizentzia ugari daudelako. Ez bada ulertu nahi, ezin da gehiago egin.

    Wikipedian erabiltzen ditugun irudi guztiak Kalifornian dagoen zerbitzari batean alojatuta daude. Eta hori ezin dugu aldatu. Beraz guk cc-by-sa da onartzen dugun lizentziarik hertsiena eta oso talibanak gara gaiarekin. Edo hori da, edo irekiagoa.

    Auñamendik ezin badu NC zatia kendu, oso ondo. Ez dut erabiliko artikuluak hobetzeko, eta kitto. Ez da hain larria. Baina hortik aurrera ez gaitezen saiatu esaten edozein lizentzia, hasieran CC duelako, ona dela erabiltzailearentzat, edo bukatuko dugu defendatzen Kutxatekaren CC-BY-NC-ND+logoa eta argazki horien erabilpena ezertarako ez dela ohartu gabe. Librea dena librea da, eta beste mugapenak zerbitegatik jartzen dira, baita NC ere.

  • Denak ezagutzen gara?
    Denok ezagutzen dugu elkar, ezta?

  • Iñaki, aipatzen duzun kasua ez dakit zein den zehazki, baina Galderrek dione bezala litekeena da musika horrek CC lizentziak izan arren NC klausula ez izatea. Izan ere, NC klausula erabiltzen denean, lan horrekin dirua irabazteko aukera norberarentzat bakarrik gordetzen du egileak. Hori canon digitalarekin guztiz bateragarria da. Horren froga dugu “holandar SGAEk” NC klausula duten lanak kudeatzen dituela, copyright murriztaileena duten lanekin batera: http://derechoynormas.blogspot.com/2007/08/acuerdo-entre-entidad-de-gestin.html

  • Kaixo Txopi, Frantziako SACEMek ere egin berria du akordio berdin-berdina beren elkartuei bidea emanez hiru NC lizentzien erabilerarekin produktuak jartzeko, gainerako eskubideen kudeaketa gordez (hori elkarte horientzat botere maila bat galtzea dakar). elkarte horrek ere kaka pixka bat izan omen du buruan (ez, ordea, SGAEren mailan). Sententziari dagokionez NC lizentzia guztiak sartzen zituen epaileak zaku berean, sententzia emateko nahikoa zitzailako tabernariak SGAEk kudeatzen ez zuen zerbait jartzen zuela esatea (eta hori posible zela jueza konbentzitzea)probaren karga SGAEren gainean zamatzeko; eta CCko lizentziak argumentatu zituen tabernariak baina esan zezakeen berak egiten zituela tronpetako soloak asmatutako partiturekin 🙂 eta juezak nahi balu sententzia bera eman zezakeen. Juez batek hori egin dezake (eta gehiago). Hala ere, SGAEk demanda hori galdu zuen arren, beste bat irabazi zuen (cc lizentzien kontura). Asuntua ez denez iritsi gorenera, ez dago jurisprudentziarik. Lizentzien 4 bertsioa ari da orain eztabaidatzen eta batzuek NC ezabatu nahi dute, baina beste batzuek sinisten dute NCen efikazian (ni horien artean nengoke). Denborarekin sinpletuko dira, nire iritziz, arrakaska handiagoa izango badute. Baina, denbora luzez bizikidetzan jardun beharko dute eta bizikidetzak alde guztien onarpen komuna esan nahi du. Zuk zeuk esplikatu duzu bikain funtzionamendua semaforoarekin eta argi utzi duzu, lizentziak diren aldetik denek mugatzen dutela zerbait (bestela juridikoki ez lirateke lizentziak izango). Zure parte-hartzea estimatzen dut, semaforoa asmatu duenak erakutsi baitu honi buruz zerbait baino gehiago dakiela. Uzten badidazu iritzi bat ematen semaforoari buruz: niretzat ND NC baino murriztaileagoa da, baina hori da NCren gainean dudan ikuspegiagatik beraz guztiz errespetatzen dut autorearen sailkapena, NCren gaineko ikuspegia, ziur aski, ez dugulako partekatzen. Baina ez da egien kontu bat baizik eta jarreren kontu bat eta horretan uste dut ados egongo garela. Ondo izan