Bill Gates: Filantropo handi hori

Bill GatesBill Gates, Microsoft enpresaren aita eta burua, munduko 2. pertsona aberatsena da Forbes aldizkariaren arabera: 59.000 milioi dolar pilatzen ditu. Zergatik erori da lehen postutik? Bere dirutzaren zati handi bat kausa filantropikoetara zuzentzen duelako. 2007tik, bere fundazioak sei milioi pertsonaren biziak salbatu ditu bere dirutzaren %48 emanda; hau da, 28.000 milioi dolar emanda; hau da; Estatu Batuek kanpo-laguntzara zuzentzen dutena baino 2.000 milioi dolar gehiago.

B hepatitisa, elgorria, HIB bakteria, sukar horia, kukutxeztula,  polioa eta pneumoniaren aurkako txertoak jarriz eta osasun-laguntzak hobetuz, 5.812.000 pertsonaren bizitza salbatu du.

Gates fundazioak malaria kasuak gutxitzeko lanean dihardu; gaixotasunaren aurkako txerto baten bila eta intsektizida berrien bila ari da. Gainera, 2.000 milioi dolar gastatzen ari da hiesaren kontra. Txertoetarako dirua jartzen ari da, agerraldi berriak ekiditen ari da eta tratamenduaren kostuak gutxitzeko lanean ari da.

Munduko emakumeen eta haurren osasun eskubideen alde ere 1.500 milioi gastatzen ari da eta manioka eta platanoa bezalako jakiak “hobetzeko” esperimentuak egiten ari da munduko zenbait guneetako pertsonen elikadura pobrea indartzeko.

Baina bere dirutza emateaz gain, gainontzeko aberatsek gauza bera egin dezaten ahalegintzen ari da. Bere emazte Melindarekin eta Warrren Buffet enpresari aberatsarekin batera, Estatu Batuetako beste hainbat dirudun beren dirua kausa filantropikoetara ematera bultzatu ditu The Giving Pledge erakundearen bidez. Besteak beste: Mark Zuckerberg (17.500 milioi dolar), George Lucas (3.250 milioi dolar), David Rockefeller (2.200 milioi dolar), Ted Turner (1.800 milioi dolar), Paul Allen (13.200), Warren Buffet (50.000 milioi dolar) eta Barron Hilton (2.500 milioi dolar). Guztira, fundazioak  178.500 milioi dolar pilatzen ditu kausa filantropikoetara zuzentzeko.

Microsoft enpresa eta bere produktuak gehiago ala gutxiago gusta dakizkiguke; baina, zer arraio, Bill Gatesen lan humanitarioa –dirudiena bezain distiratsua bada– benetan txalogarria da.