Kontuz! Sare sozialetan umore apur bat ere ez!

twitterOso ohikoa da sare sozialetan brometan eta ironiaz aritzea. Estatu Batuetako poliziak, aldiz, ez dirudi umore-senik duenik eta bikote britainiar baten bidaia zapuztu zuen Twitterreko mezu “mehatxagarri” bat hitzez hitz hartzeagatik.

Leigh Van Bryanek Hollywoodera bidaiatzera zihoan eta, egun batzuk lehenago, “Amerika suntsituko” zuela eta “Marilyn Monroe hilobitik aterako zuela” adierazi zuen Twitterren. Mundu guztiak ulertuko lukeen bezala, gizona ez zen benetan ari, eta benetan ariko balitz, terrorista ergel samarra izango litzateke bere planak publikoki aditzera emateagatik. Broma puntuaz gain, argot britainiarrean “suntsitu” hitzak “parrandan joatea” esan nahi du; hau da, Van Bryanen asmoa festaz festa ibiltzea zen.

Baina Estatu Batuetako polizia broma gutxirako dagoela dirudi eta ez omen du argot britainiarrera gehiegi kontrolatzen. Hori dela eta, Van Bryanek eta bere lagun Emily Buntingek Los Angeleseko aireportuko aduanetako kontrola pastu bezain pronto, bi zaindari armatuk atxilotu egin zituzten.

Bikoteari ez zitzaion ezertarako balio izan poliziari emandako azalpenak eta delituak egiteko asmoak izateagatik susmagarritzat jo eta atxilotu zituzten. Bost orduz galdekatu zituzten; ondoren, bilurrak jarri eta hamabi orduz egon ziren preso bueltako hegazkina hartu arte.

Adierazpen askatasuna eta bromak broma bezala hartuak izateko askatasuna

Twitterrek nahi duguna esateko askatasuna ematen digu (momentuz behintzat) muga zabal baten barruan, noski (adibidez, pedofiliako webguneetara estekak dituzten twittak blokeatu egiten ditu).

Horrekin batera, jakin behar dugu gu geu garela sare sozialetan zabaltzen dugunaren erantzule. Baina egia da ere gure mezuak direna bezala hartuak izateko eskubidea dugula, bere testuinguruan: noiz ari garen bromatan eta noiz ez, noiz ari garen zerbait salatzen eta noiz ez, eta abar. Oro har, nahiko erraza da hau, nahiz eta batzuetan muga jartzea zailagoa den, ahozkoa ez den komunikazioaren edukia galtzen baita idatzizko mezuetan; eta egia da ere zenbait mezu oso anbiguoak direla.

Baina lagunarteko solasaldi hutsala alde batera utzita eta esparru serioagoetara salto eginez, gaiak pisua irabazten du. Zenbait herrik (AEBak, esate baterako) segurtasunarekin duten obsesioa jakinda, edozer gauza espero daiteke, aireportu batean goitik behera biluztu behar izatetik hasita.

Nire mezua terrorismoa borrokatzeko lanean ari diren pertsona guztiei: Twitt txotxolo batengatik armak kargatu aurretik, erabili ezazue sena, arakatu pertsona susmagarrien mezuetan eta osatu pertsona horren profila (edonork egin dezake hori), berehala ikusiko duzue nor den mehatxu larria zuen herriarentzat eta nor ez.

Nire mezua twitterlari guztiei: Kontuz sarean esaten duzuenarekin, zuek bakarrik ulertuko duzuen broma botatzera bazoazte, agian hobe da isilik gelditzea.