
Eztabaida politikoaren erdigunean dago bizi garen gatazka politikoaren ondorioz sortutako biktimen gaia. Duela aste gutxi Ezker Abertzaleak “Konponbide haizea dabil” adierazpena jendaurrean aurkeztu zuen.
Aipatu agirian honela esaten zuen: “Beraz, ezker abertzaleak bere atsekabe zintzoa adierazi nahi du ETAren jarduera armatuaren ondorio mingarrien eta izan dugun jarrera politikoaren aurrean, gure asmoa hori ez bazen ere, jarrera horrek mina areagotzea suposatu badu edo norbait irainduta sentitu bada.” ……. eta baita ere: “Zentzu honetan, Ezker Abertzaleak gatazka luze hau pairatu duten pertsona guztienganako erabateko errespetua azaldu nahi du, zintzotasun osoz, minaren eta sufrimenduaren sailkapenik egin gabe, eta biktimen arteko alderatzerik egin gabe.”
Aurreko artikulu batean esan nuen bezala ez zitzaidan gustatu aldebakarreko ekimen hori, baina beste batzuk begi onez ikusi zuten “etsaiak biktimekiko duen diskurtso hipokrita bezain faltsua hankaz gora botatzen” omen zuelako.
Gipuzkoan zaborren kudeaketari buruz sortu den eztabaidaren barruan hango PSOEk logo bat argitaratu du “Gipuzkoako zaborrak Euskal Herrira” leloarekin, sakabanaketa, presoak eta zaborra nahasten; gatazketan umorea ze garrantzitsua den erakutsiz.
Gure zapalketa nazionalaren bultzatzaileak, GALeko arduradunak, tortura sistematikoaren zuzendariak, kartzelatze masiboen egileak, jipoi polizialen zuzendariak, ilegalizaioen eta sakabanaketaren diseinatzaileak, ……. eta baita bere ondorioz, bilatutako ondorioz, hainbat preso eta senide hil eta zauritu izanaren errudunak ez daude oso hunkituta ezker abertzalearen aldebakarreko ekimenarekin. Eta ez dirudi ere haien diskurtso hipokrita bezain faltsua hankaz gora dagoenik. Kontrakoa, sortzen jarraitzen duten sufrimenduarekin barre egiten dute; ideologikoki eta politikoki ez dute presiorik sentitzen eta eroso sentitzen dira beraiek sortu eta mantentzen duten sakabanaketarekin txantxak egin ahal izateko.
Egia esan, eta amaitzeko, aitortu behar dut inbidia apur bat ematen didatela PSOEkoek; niri ere gustatuko litzaidake jendaurrean kontatzea ETAren ekintza batzuei buruz ezagutzen ditudan txisteak. Baina PSOEk berak onartutako legeak debekatzen du publikoki kontatzea; “biktimentzako” iraina izango omen zelako. Ze grazia egiten didan espainiarrek eta euskal espainolistek darabilten inbutuaren legeak ! (hau ere aldebakarrekoa); bakarrik haiek egin ditzakete halako txantxak. Me partooooooo !!!!



















Nahi dutenean Euskal Herria zerbait da, zazpi probintziez osaturiko zerbait. Baino nahi dutenean, noski.
Ba…hain zuzen Larrea, ez al zaizu iruditzen euren burua ederki asko erretratatzen dutela horrelako graziekin?
Ezker Abertzaleak (ez lehen aldiz, inondik ere, baina tira) adierazpen bat egiten du, herri honetan bizirik dagoen sufrimenduaren aurrean bere burua kokatuz; gainera gonbidapen bat eginaz: Hitz egin dezagun tabu baten inguruan eta has gaitezen norbere erantzukizunen ondorio humanoak onartzen, adibidez.
Hain juxtu honen inguruko interpelazioak joker moduko bat zirelako, edozertarako balio izan baitute hamarkadetan zehar, ez?
Eta sufrimendua eragin eta eragiten duten gainerako eragile politikoen aldetik zein izan da erantzuna?
Bada guztiok ikusi eta entzun ahal izan duguna, ezta? Txokolatero-molinero, ez naiz ni!
Klaro, jakina, hemen teoria oso ondo ezagutzen genuen betidanik: Edo 1, guk ez dugu inoiz batere sufritu ezta sufritzen ere, edo 2, gure sufrimendua ez da beste sufrimendu batzuen kategoriara heltzen (giza-kategoriara, hain zuzen) gu geu ere kategoria horretara heltzen ez baikara (terroristak, demokrata koro aingerutarrak dixit; piztiak, Ibarretxek dixit; zernahi salbu pertsonak, ZEN planak dixit) edo 3, gure egoera naturala sufrimenduarena da, sufritzera heldu baikara pelikula honetara, zer kexa eta zer kexa-ondo zuri dagokizuna sufritzea denean.
Errespetuari buruz, sentsibilitateari buruz, minari buruz zintzotasunez mintzo nahi garenean (ez orain, beti), –minez denarekin enpatizatzeko sobera ariketa mental egin behar ez dugunok–, orduan halako graziekin datozkigu publikoki Ez baitira berriak gure sufrimenduari buruzko trufak eta isekak, ezta? Eta edozein polizia-kontrolean geratua izan denak badaki; edozein espetxera bisitan joan denak badaki; edozein lagun edo senide galdu eta hilerrira lagundu nahi izan dionak badaki; ia edozein egunkari zabaldu duenak badaki; ia edozein albistegi jasateko gauza izan denak badaki.
Baina eskaintza eta gonbita zehatz baten testuinguruan, eztabaida politikora euren karga morala arerioaren kontrako ximaur jaurtigai moduan ekartzera hain-hain ohituta daudenentzat badu birtualtasun hori: Euren moral ospetsua non geratzen den benetan erakustearena,
Kaixo Paki.
GAL, presoen sakabanaketa, torturen eta abarren arduradunen jitea nolakoa den aspaldidanik dakigu. Horretarako beharrezkoa da etengabe gure iragan hurbila errefusatzea gu jipoitzen jarraitzen duten bitartean? Ez dirudi, eta gainera harrotuago daude gero eta gehiago eta gehiago eta gehiago…… eskatuz.
.
Irakur dezagun haietako txakal batek esaten duena:
.
“Ezker abertzaleak prentsa oharra kaleratu aurretik, Rodolfo Ares Eusko Jaurlaritzako Herrizaingo sailburuak ekintza salatzeko (Aguraingo Lanbide-koa) eskatu zion hari. Erasoa «argi eta irmo» gaitzesteko galdegin zion ezker abertzaleari, eta bereziki, «Batasuneko buruzagi izandakoei».”
.
http://paperekoa.berria.info/harian/2012-03-20/009/001/ezker_abertzaleak_esan_du_lekuz_kanpo_dagoela_agurainen_izandako_erasoa.htm
.
.
Eta hori esaten du Batasunaren ilegalizazioa eta bere buruzagien kartzelatzearen arduradun batek (eta ziur harro dagoela)
Larrea estimatua:
Erantzuten jardun natzaizu baina guztia ezabatu dut. Iruditzen zait eztabaida politikoa sentimenduen planoarekin nahasten dugula eta zer esango dizut…bat egingo genukeela pentsatzen dut.
Niri nagia ematen dit Larrea, Ezker Abertzaleak azken sasoi hauetan egin dituen hautu guztiak bere testuinguruan etengabe kokatzen ibiltzeak, azken batean arrazoia, sakoneko arrazoia, beti berbera delako; logika berdinaren baitan daude, aldioro karranpa berri bat eragin arren.
Masaila behin eta berriro jarri, eta milaka bider zaplatekoa jaso eta oraindik barkamena eskatu beharko diegu, erasotzaileari ahal izan dugunean zapla eman izanagatik…! Oraindik ere ostiaka ditugunean alde guztietatik…!
Ba, Larrea: Ez zait iruditzen sobera on egiten digunik ideian tematzeak (ultzerengatik-eta diot). Benetan: Gure osasunari ez zaio komeni. Zer dio garunak? Modu bat aurkitu behar da, behin betirako gatazka malparatu honekin bukatzeko. Gure ametsak gauza ditzakegula xinixtu eta ekiteko. Zer dio garunak? Estrategia zehatz bat hobetsi dugu, bere ondorio guztiekin.
Eta ondorioetako bat dira horrelako amorrualdiak. Nire anaiaren argazkia eramaten uzten ez didan indar armatu autonomikoaren buruak indarkeriari buruzko lezioak ematen ari zaizkit, hara! Bere sakabanaketaren erantzule politiko bat, to.
Nik badakit Larrea, nork duen hemen indarkeriaren monopolioa eta nork darabilen egun argiz, zein estolderietako kiratsaz, noiztik eta zergatik eta zertarako eta nola, badakit. Eta badakit zein den beraien antzerkia; ez dugu besterik ezagutu.
Baina garunak diost batasuna gakoa dela. Guztion indarren batasuna, zurea eta nirea hangoarekin eta bestearekin, zuk eta nik hainbat momentutan sentitu dezakegun higuinaren oso gainetik. Eurak behin eta berriro erretratatzen diren bitartean guk aurrera egiteko dugun modu bakarra elkarrekin egitea dela, hori diost. Eta horregatik egiten diet PASO olinpikoki eta harira. Lanera. Geurera, halako txotxongilo siniestroekin denbora alferrik galdu gabe. Aurrera.
Eta diotsudana zera da: Goazen. Ez egin jaramonik txo, darraigun geurera. Lan mordo ikaragarria daukagu egiteko, egizu zuk ere PASO, ekarri zure indarra, zure sormena, zure grina, zure baitako gauza on guzti horiek, ekarri alde honetara eta ez xahutu indar gramo bat gehiago ere inoren probokazioetan.
Eta mila iruzkinek baina askoz problema gehiago emango zenizkie!;)
Paki estimatua,
Azken aldian argi eta garbi esan nion Larreari: “zertarako arrazoitzen saiatu zurekin? Nahikoa denbora galdu dut jada alfer-alferrik, eta ez dut batere asmorik gehiago galtzeko. Agur”. Bere erantzuna: “Ongi, nahi duzun moduan”. http://zuzeu.com/2012/03/01/mea-kulparik-ez/#comments
Hara non datorren, ordea, berriro nik esandakoa desitxuratzen. Zera baitio: “Aurreko artikulu batean esan nuen bezala ez zitzaidan gustatu aldebakarreko ekimen hori, baina beste batzuk begi onez ikusi zuten “etsaiak biktimekiko duen diskurtso hipokrita bezain faltsua hankaz gora botatzen” omen zuelako”. Ni nauzu “beste batzuk” hori eta nik esandakoa hau izan zen: “Gauza da, ene ustez, hobe dugula gatazkaren biktimen kontzeptua zabalago egitea eta ez murritzagoa. Eta ondo dago esatea Euskal Herria guztia izan dela, eta dela, biktima, baina norbanakoak ere biktimak izan gara. Milaka eta milaka. Eta biktimak garela aldarrikatu behar dugu, ez soilik Herri gisa, norbanako gisa ere bai. Zoritxarrez, azken hamabost urtetan terreno handiegia irabazi digu etsaiak arlo horretan, ez genuelako jakin aurreikusten zetorrena, eta badugu garaia ofentsibara pasatzeko. Horretarako beharrezkoa zen base on bat jartzea, eta “Konponbide haizea dabil” hori base egoki askoa delakoan nago etsaiak biktimekiko duen diskurtso hipokrita bezain faltsua hankaz gora botatzeko”.
Beraz, nik benetan esandakoa izan zen ofentsibara pasatzeko base egokia iruditzen zitzaidala “Konponbide haizea dabil”. “Etsaiak biktimekiko duen diskurtso hipokrita bezain faltsua hankaz gora botatzeko” beharrezkoa ikusten nuela. Adierazpen horrek besterik gabe ez du inolaz ere hori lortu, jakina, baina base egokia deritzot ofentsibara pasatzeko eta hori lortzeko. Eta nola laburbiltzen du hori Larreak? Ba, beti bezala, nahi eta komeni zaion moduan. Behin baino gehiagotan egin zidan gauza berbera eta, gainera, ene e-maila eman nion eta ez dit inoiz idatzi nik hala eskatu arren; azken aldian eskaini nion azalpenak ematea eta azalpen horiek ez zitzaizkion nonbait batere interesatzen…
Datu horiekin guztiekin ondorio nabarmena atera nuen, denbora alferrik galtzea zela berarekin eztabaidatzea. Besteok esaten duguna ez zaiolako interesatzen ez bada desitxuratzeko.
Aupa Paki.
.
-Paso egiteko aholkatzen didazu. Zaila samar gure zapaltzaileek gutaz paso ez egiteaz gain gure eskubide demokratikoak ukatzeko bitarteko guztiak erabili, erabiltzen eta erabiliko dituztela asmo sendoa agertzen dutenean. Eta gure aldean dagoen sufrimenduarekin erabiltzen duten ankerkeria horren adierazle bat baino ez da.
.
Gonbidatzen nauzu nire indarra, sormena eta grina “ekartzeko”. Eskerrik asko, baina aspaldidanik “ekarria” naiz eta teoria eta praktika uztartzen saiatzen. Garuna eta bihotza.
.
Gero arte.
.
Abagune:
.
Artikulu honetan saiatu naiz mezu bat adierazten: “Konponbide haizea dabil”. “Etsaiak biktimekiko duen diskurtso hipokrita bezain faltsua hankaz gora botatzeko” ez dela egokia eta ez dela “base egokia ofentsibara pasatzeko eta hori lortzeko”, kontrakoa baizik. Bestetik gure borreroen ekimenak agertu ditut nire iritzi hori oinarritzeko.
.
Lehenengo atalari dagokionez, erabili dut zuk egindako esaldi bat (zure iritzi berbera daukan beste edonorena erabili nezake) ongi islatzen duelako “Konponbidea haizea dabil” adierazpenaren aldeko jarrera. Aldeko jarrera hori berresten duzu puntuz puntu oraingo honetan, beraz, zuk salatzen duzun manipulazioa eta desitxuratzea non dauden misterio bat da.
.
-Kexu zara zure e-mail batera idatzi ez dizudalako. Aurrekoan honela azaldu nizun: “Beste aldetik, eskertzen dizut ematen didazun konfiantza zure e-mailen bidez eztabaidatzen jarraitzeko. Ez dizut erantzun iruditzen zaidalako ez diogula elkarri ezer berririk esango, uste dut sakoneko eztabaida hau nahikotxo ongi ezagutzen dugula biok eta argudioak behin eta berriro errepikatzea denbora galera dela biontzat.”. Ados zeundela esan zenuen eta orain kexu zara berriro gai berberarekin. Gero eta bitxiago iruditzeaz gain zure iruzkinen maila ikusita eman nituen arrazoiak egokiak zirela argi daukat.
.
Nirekin denbora alferrik galduko ez zenuela esan zenidan baina badirudi soberan daukazula berriro. Zorionak.
.
Zaindu.
Kaixo guztioi,nere ustez bIldu oso ondo egiten du.Benetan arazoen aurrean irtenbideak jarri eta ekintzetara egokitzen den bakarra.Beste alderdi guztiek zirika eta zirika baina bitartean lurra pikutara dihoa sistema super-kontsumista honekin.Froga dezagun ondo dihoan ala ez,eta ala bada ongi-etorria atez atekoa.
Paki estimatua,
Beste astotxo kartoladun horri ez diot erantzungo, ez baitu batere merezi, baina zuri bai beste lerrotxo batzuk bidaliko dizkizut, izugarri estimatzen baititut zure iruzkinak.
Gure artean oraindik ere astotxo karteladun mordoxka ditugu eta saiatzen naiz gehiegi ez haserretzen beraiekin, barrikadaren alde berean baikaude guztiok, baina batzuetan beldurra ematen dit haien itsukeriak. Une latzetan, kartolak lagungarri izan daitezke, bai, eta egia esan gerra luze honetan behin baino gehiagotan faltan bota izan ditut, etsaiari kartola eta guzti aurre egiten nion gazte garaiak gogoan. Izan ere, kartolarik gabe zailago baita etsaiari tinko aurre egitea, bai, baina aldi berean gero eta seguruago nago hori dela era bakarra benetan aurrera egiteko. Eta Larreak sinetsi ez arren, aurrera goaz. Bai horixe!
Abagune, Abagune……
.
Bakarrizketan aritzea ez da sintoma ona, are gutxiago besteak iraintzeko nahian barregarria geratzen dena zu badin bazara.
.
Zaindu
Uf.
Larrea, Abagune, kide maiteok:
Aitorpen txiki bat: Internet niretzat asmakizun berri xamarra da. Ezezagun askotxorekin trukatu ditut gutunak paperean baina errespetua izan da legea. Sentikorregia izango naiz, edo berriegia, berdin dit; baina tonu batzuen helburua bestea mintzea badira, nirekin funtzionatzen dute, jo-puntuan ez egonda ere.
Aitorpen hau eginda: Eztabaida-plaza honetara baldin banator da badudalako halako irudipena nire mundua dena, alegia Ezker Abertzalea, azken aldi honetan barne lurrikara politiko eta biszeral batean aurkitzen dela. Tartean, bakoitzak dituenez bere obsesioak, hona nireak: Errepresaliatuen buelta, eta berari estu-estuki lotua: Geure arteko batasuna.
Eta egon gaitezke plano politikoan ados edo ez; ados gaur eta bihar kontrara; ados honetan eta bestean ez. Iruditzen zait horrela egiten dutela aurrera ere giza kolektiboek, hitz eginda, eztabaidatuta, iritziak kontrajarrita, zer dakit, kontrastatuta, trukatuta.
Insistentzia nire neurosiari lotua joan dakion prest nagoenez, hor doa:
-Zer onura eta zer kalte, ezker abertzalearen balizko kontraesanak etengabe azpimarratzearekin bat, kontraesanok guztiok nozitu edo nozitzen ditugun minen gomutak ekartzen egoteak? Alegia: Zer egin norbere karranpa horiekin? Batasunarekiko obsesioak erantzun bakarrera narama: Zer egin? Aurrera egin. (Paso egiteaz ari nintzenean, etsaiaren probokazioetaz ari bainintzen, ez etsaiaz, ez minaz, ez ezintasunaz. Ez dakit beharrezkoa ote den, –benetan ez dakidala– hemen kontatzen hastea norberak zergatik ezin duen paso egin errepresioaz, nik behintzat esana dut nola egin behar dudan maleta nire anaia besarkatu ahal izateko, paso zeri bai eta zeri ez egin ahal diodanaren lagin txiki bezala.)
Aurrera egin diodanean diot: Aurrera begiratu, aurrera pentsatu, aurrera egitean pentsatuz ekin, aurrean ditugun erronka deskomunalei begiratu eta jakina, aurrera elkarrekin; neuronak lauskituko baditugu, izan dadila (norbere min intimoak min, bakoitzak bereak), ekarpen positiboetan gauza ahal ditzagun ideietan, ekimenetan, ekintzetan, iniziatibetan, pertsonalak eta ezin garrantzi gabeagoak izan arren (adibidez ordenagailu parean eseri eta hurkoari bere ele-melea bota, ea elkarrekin zeozer politta egin dezakegun -vide eraikitzailea, vide emankorra, vide onuragarria, vide sinpatikoa, vide nahi dena, zernahi, min antzua izan ezik–.
Besarkada handi banarekin!
Kaixo Paki.
.
Eskertzekoa da zure ahalegina eztabaida begirunezko terminoetan kokatzeko.
.
Bai, egoera korapilatsua da, baina zuk emozioetan arreta jartzen baduzu nik, berriz, kontzienteki egiten diren mugimendu politikoetan jartzen dut. Eta horietan bilatu behar da zuk aipatzen duzun “lurrikara politiko eta biszeral “ horren jatorria. Azken bi-hiru urtetan gertatutako “aldebakarreko” joko eta trikimailu zikin guztiek bere hondarra utzi dute. Horri lotzen badizkiogu hobetsitako ildo politikoaren interpretazio praktiko gatazkatsuak …. egoera oso ulergarria da.
.
Zuk aipatzen duzu gai garrantzitsu bat; ezagutzen ditudan lagun guztien artean batasuna sortzen duena: iheslari eta preso guztien etxeratzea. Eta bat egiten dut horrekin.
.
Bai, nik ere nahiago nuke denbora eta indarra erabili behar ez izatea halako artikuluak idazten, eta neurri batean arrazoia ematen dizut, hau ez da lekurik egokiena, baina egia esanda nire arduragabekeria ume jokoa da gure bozeramaile batzuk behin eta berriro, eta foro askoz zabalagoetan, egiten dutenarekin alderatuta. Adibide baten kronikatxoa (irakurtzeko denbora baldin badaukazu, laburra da eta):
.
HASI DA BARNE EZTABAIDAREN KONTAKETA
Xabier Letona – Argia- 2.284 zk. – 2011-07-10.
http://www.argia.com/argia-astekaria/2284/hasi-da-barne-eztabaidaren-kontaketa
.
Zin iezadazu; guzti hau penaz esaten dizut.
.
Amaitzeko; azken berri bat artikulu honen mezuarekin zerikusirik daukana, hau da, Ezker Abertzaleak biktimiei buruzko jarrerak (“Konponbidea haizea dabil”)egoera politikoan eduki dezakeen eraginari buruz: “PPk eta PSEk Guardia Zibila goratu dute, hura joateko proposamena atzera botata” http://paperekoa.berria.info/harian/2012-03-23/002/001/PPk_eta_PSEk_Guardia_Zibila_goratu_dute_hura_joateko_proposamena_atzera_botata.htm
.
Besarkada bat eta ondo segi.
Aupa Paki!
Barkatu Larrea eta bion arteko ika-mikak mindu bazaitu. Egia esan, hanka sartu dut berriro ere ika-mika horri bide emanez. Azken aldiko nire hitzak desitxuraturik erabiltzen zituela ikusiaz sartu nintzen, ondorioez batere pentsatu gabe sartu ere, eta gero nire onetik atera naiz. Jakina nuen, ordea, nire onetik ateratzen nauela eta horrexegatik ez nuen inolaz ere sartu behar. Sentitzen dut. Hori bai, azkeneko aldia da Larreak idazten duen edozertan sartzen naizena. Ziur!
Sekulako besarkada zuretzat eta zure anaiarentzat, Paki.
Abagune eta Larrea estimatuak:
Milesker!
Airean geratuko zaizkigu mila kontu eztabaidarako eta berrartuko ditugu, horrelakoa baita errealitatea, eroa, aldakorra, zaila eta aldapatsua, kabroia; eta horrelakoak gara gu, egoskorrak;) Aldez aurretik jakinda lanean topatuko dugula elkar, helburu berdinaren bila grinatsu eskuz esku; eta konbentzituta, idatzizko komunikaziook zeresan handia dutela ezulertuetan, alegia: Harrapatzen bazaituztet aterako dizuedala kaña bana eta seguru berehala topatuko ditugula gustura egoteko zientoka motibo eta gehiago.
Muxu handi bana!
(Kortaturen kanta):”… hay algo aquí que va malllll….!!!!”
.
Uztailak 27, larunbata, prentsa espainolistan agertutakoa:
.
“Tolosa, con gobierno de Bildu, sufragará la reparación del monolito de Jáuregui”
http://www.elmundo.es/elmundo/2011/07/27/paisvasco/1311787339.html
.
“Amorebieta debe quitar la calle a Txiki y Otaegi”
http://www.elcorreo.com/vizcaya/v/20120728/politica/amorebieta-debe-quitar-calle-20120728.html