Hamaika Telebista mugikorrean ikusteko aplikazioa martxan da

androidapli-01Martxoan hiru urte bete dira Hamaika Telebista piztu genuenetik. Urteurrenari loturik hainbat berrikuntza ditugu. Eta gaur, bigarrena aurkeztuko dugu: telebista beste euskarrietan ikusteko aplikazioa, mugikorrean nahiz tablet edo ipad euskarri berrienetan.

Pasa den astean, Hamaika.tv web atari berritua jarri genuen eskura, hobekuntza nabariekin. Denbora gutxian harrera ona izan du web orriaren eraberritzeak. Oraingoan, Hamaika Telebista euskarri berrietan ikusteko aplikazio berezitua sortu dugu. Hala, Android sistema duten mugikorretan, nola tablet edo ipad euskarrietan.

Aplikazioa sinplea da, eta horregatik da erabiltzeko erraza. Bost botoirekin Hamaika Telebistaren mamia deskubritu ahal duzu nahi duzunean, nahi duzun tokian.

Ezaugarrietan artean bada bat bereizgarria dena. Hamaika Telebistaren mugikorrerako aplikazioa aitzindaria da. Zuzeneko emisioa mugikorrean segitzeko aukera ematen duen lehendabiziko euskarazko telebista gara. Horrela, aplikazioa instalatu eta sare konexioa duen edozeinek telebista zuzenean ikus dezake bere mugikorrean.

Zuzeneko emisioarekin batera, beste lau aukera edo esteka eskaintzen ditu aplikazioak:

  • Hamaika.tv: Web orriaren bertsio egokitura zuzenean sartzeko esteka da.
  • Saioak: Saioak berriz ere ikusteko esteka da.
  • Twitter: Telebistaren twitter kontura sartzeko esteka da.
  • Facebook: Telebistaren Facebook kontura sartzeko esteka da.

INSTALATZEKO PAUSOAK:

Arestian aipatu bezala, aplikazioak soilik Android sistema duten mugikorrentzako balio du. Eskuratzeko modua nahiko erraza da. Ezer baino lehen, mugikor bakoitzak duen dendara sartu (Market, Play Store) eta bilatzailean “Hamaika Telebista” idatzi behar da. Gutxira azalduko da pantailan aplikazioa, eta instalatzeko aukera. Behin sakatuta, berehala instalatu eta erabiltzeko moduan egongo da. Esan bezala, nahiko erraza da.

Apple etxeko mugikor eta euskarrietan ere Hamaika Telebista ikusi ahal da, baina aplikaziorik gabe. Interneteko nabigatzailea erabiliz, “www.hamaika.tv” idatzi eta web atariaren bertsio egokitua kontsultatu ahal izango da euskarri bakoitzean.

Hemendik aurrera, nahi duenak eskura du Hamaika Telebista mugikorrean nahiz tablet edo ipad euskarrietan.