Zugarramurdik 8. Euskal Titiriteroen Topaketa hartuko du asteburuan

zugarramurdiZugarramurdik 8. Euskal Titiriteroen Topaketa hartuko du asteburuan. Programa zabala prestatu dute larunbaterako zein iganderako. Euskal Herriko 15 talde eta bertze hainbat ikuskizun ikusi ahal izanen dira, bertzelako animazioekin batera, guztiak debalde, eta herriko gune ezberdinetan barratuak: sorginen museoan, Akelarre elkartean, karpan, plazan… Haurrentzako tailerrak eta asteburu guztian zabalik egonen den erakusketa bat ere ikusi ahal izanen dira.

Topaketan Euskal Herri osotik etorritako talde eta proposamen desberdinak ikusi ahal izanen dira. Bertan egonen dira, adibidez, Bergarako Taun-Taun taldekoak, 1999an estreinatu zuten Txio-txioka arrakastsuarekin, edo Bihar taldearen “Adarbakar urdina” mitikoa. Haurren ikuskizunetan hain ezagunak diren Behi Bis, Panta Rhei, Goloka… ere Zugarramurdin izanen dira, eta El Tenderetek “Titere Ska” antzezlana estreinatuko du Zugarramurdin.

Topaketa Mikel Diez eta Estefa Erroren oroimenez egiten hasi ziren, eta aurten zortzigarren urtea du. 1996an hil zen Mikel Diez titiritero ezaguna, Zugarramurdin bizi zena. Kukubiltxon eman zen ezagutzera, eta ondotik, Zugarramurdin txontxongiloen gune bat ireki zuten, Euskal Herrian egin zen lehena. Txokolatex ETBko txotxongilo ezagunak egin zituen. Urte baten buruan hil zen Estefa bere bikotekidea, eta bien omenez egiten da, geroztik, titiriteroen topaketa.

Ikusgarria da 250 biztanleko herri batek horrelako dinamika izatea eta auzolanaren kultura zeinen txertatua duten ikustea.

Bera, 1975. Kazetaritzan lizentziatua naiz eta kultur kudeaketan aditua. Elhuyar Aholkularitzan nabil partaidetza alorreko koordinatzaile.