Gose betekada (Los juegos del hambre, The Hunger Games)

2012-04-23 @ 11:55 tapioka

Hunger Games

Espoilerrak daude, noski. Baina berdin dio, ez dago ezustekorik.

Etorkizun distopiko batean, badirudi 12. distrituan denboran atzera egin dutela. Filmak bertakoen bizitza miserablea erakusten digu (erruki gaitezen!) eta protagonista izango den neskaren (Katniss) ehizarako gaitasuna. Mutil bat ere aurkezten zaigu, protagonistaren laguna eta alpha itxurakoa. Basoko bakea izorratzeko, ordea, gaiztoak agertzen dira.

Uzta garaia da eta Capitol-ekoak distrituetan hazitako nerabeak jasotzera datoz. Neska eta mutil baten bila etorri dira, telebistako programa baterako. Programa hau Gran Hermano bezalakoa da baina pixka bat interesgarriagoa, bizirik geratzen den bakarrak irabazten baitu. Gogoratzen Battle Royale? Ba horixe, baina aurrekontu handiagoarekin. Zirku batetik atera dela dirudien andre bat agertzen zaigu aukeraketa egiteko. Ekitaldiak kutsu komunista bat du eta andrea lekuz kanpo dagoela dirudi (horren pozik, horren alai).

Hasieran iragarrita bezala, Katniss-en ahizpa da izendatua. Protagonistak, familia zaindu eta aurrera eramaten duen pertsona zoragarriak, bere lekua hartzen du. Mutila, berriz, memelo aurpegiko bat da. Arpegia filmean zehar ez zaio aldatzen. Familia-eta agurtu ondoren luxuzko AHT batean eramaten dituzte. Bertan beraien aholkularia izango den mozkorra ezagutuko dute. Dioenez jokoan hiltzea oso erraza da baina badakigu protagonistak irabaziko duela (bestela ez zen horren film luzea izango).

Capitolera iristen dira. Hiri modernoa, kosmopolita, mendi zoragarrien artean. Ematen duenez denak pozik bizi dira eta luxua soberan dute. Bertako moda ezarri zuenak ordea Loewe-rentzako lan egin beharko luke. Hala ere, onartu behar da Seneca-ren bizar artistikoak klase handia duela. Parte-hartzaileak garbitu eta txukun jantzi ondoren (klase baxuko jendilaje zikin hau…) desfile bat egiten da koliseo batean edo (auskalo, filma oso atenporala da). Berriro kutsu sobietiko pixka bateko plano batzuk, erromatarren gurdiak, telebista kate ultramodernoa eta snob asko (ze droga klase dute hauek?).

Antagonistarekin topatzen dira eta luxuzko hotel batean deskantsatzen dute. Jokoaren arauak ikasten eta entrenatzen pasatzen dute denbora. Antagonista agertzen da berriro, lehenago konturatu ez bagara antagonista dela, bere koadrilarekin (arraza goitiarra, elitea). Babesleak lortzeko ahaleginak ere egin behar dituzte. Dirudienez luxuzko egonaldia eta parafernalia guztia merkea da baina jokorako pomadatxoak eta lortzeko beste diru iturri batzuk behar dira (magikoak direlako?).

Bizarzurik eta bizar artistikoak lorategian elkarrizketa filosofiko bat edukitzen dute, nahiz eta 5 minutu baino lehen esaldi sakon horiek ahaztuko ditugun.

Telebistako agerpen gehiago eta love story baten pintzelada bat (audientzia igotzeko).

Programazioko ordu batzuk bete ondoren jokoa hasteko unea iristen da. Parte-hartzaileak ikusten ditugu, zelai batean. Urrutirago, armak eta poltsak. Battle Royaleren antzera baina kasu honetan denak batera abiatzen dira, programa grabatzeko denbora gutxi dutelako edo. Ordubete itxoin ondoren akzioa, azkenean. Zuzendaria gurekin jolastu nahi duenez, ordea, eszenari musika gehitzen dio eta gainontzeko soinua kendu. Gainera kamera hiperaktiboa alde batetik bestera dabil. Beraz, horrenbeste itxoin ostean lehen heriotzak ongi dastatu gabe geratzen gara. Hala ere, seguruenik Capitoleko telebistetan hobeto ikusiko zuten, morboak ematen duen audientzia alferrik galtzea onartezina baita.

Filma amaitzeko oraindik asko falta da baina siesta bat botatzeko aprobetxatu daiteke. Ez dago esan beharrik antagonista garaitu ondoren jokoa protagonistak irabazten duela. Gainera, Deus ex machina moduko amaiera batekin, Pita edo dana dalakoa ere libratzen da (tipo majoa zen azkenean, “hil nazazu mesedez, maite zaitut”).

Ondorioa: tituluan garbi azaltzen den bezala gosea ematen duen filma da, oso luzea baita.

Hunger Games, IMBD, Creative Commons BY
RSS

Iruzkinak (Iruzkin bat)

  1. Amonamantangorri

    Bidenabar, esan zenezake filmak oinarri duen nobela, Suzanne Collinsen “Gose Jokoak”, Koro Navarrok euskaratu duela

Idatzi hemen zure iruzkina

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude