Sarkozyren amaiera?

2012-04-25 @ 10:45 Lukas Mateo

jpg

Liberation egunkariak Sarkozy presidente hautagaiari eskainitako azala duzu argazkikoa. Edonor etzanda botatzeko modukoa, pentsa ezinezkoa baita halako gauza bat orain arte Frantzian: ultra eskuina Errepublikarekin bateragarria izan daiteke. Baina horixe esan du Sarkozyk, kontrakoa ere adieraztearekin batera. Alegia, ez duela inolako akordiorik eginen Marine Le Penen Front Nationalarekin. Zertan dabil egiazki?

Ikusgarria izan zen bi hautagai nagusien agerraldia igande arratsean behin datuak ezagutu eta gero. Hollande betiko diskurtsoarekin agertu zen, baina aski epel eta ahul, bera baino askoz oldartsuagoa zen jendetzaren aitzinean. Ezpainetara ekarri zuen irriak behartua zirudien, eta Melanchon indartsua ikusi eta gero, gatzik gabeko salda zirudien.

Aitzitik, Sarkozyk sua eman zion aurrean zeukan entzulego aurrez piztuari. Oldarrez eginiko hitzaldi batean, hiru aurrez-aurreko eskatu zizkion Hollande aurkariari, bigarren itzuliaren aurretik egiteko. Hura izan zen indar erakustaldia hura! Ez dago Napoleon berritu honen indarra erakusten duen beste politikaririk inguruan.

Eta ez bera bakarrik, jendetzaren artetik, harro ageri zen burges itxurako dama heldu bezain bizi bat: “Jakina Sarkozy izango dugula hurrengo Presidentea! Bestenaz, estrainekoz, eskuinekook aterako gara kaleko manifestaziotara. Ez dago konparazionerik Hollande eta Sarkozyren artean! Imajinatzen duzu Hollande Barack Obama, Merkel eta halakoen ondoan eserita? Mesedez, trufa handia litzateke hori Frantziarentzat. Bai horixe, kalera irtengo gara: neu lehenengo lerroan! Sarkozy Presidente!”

Hori guztia Frantziako banderak ehunka airean eta La Marseilleseren doinuen artean. Itzela UMPzale guztien artean pantailatik etxeko salara pasarazten zuten indarra.

Baina gauzak dauden daudenean baino ez dira geratu Maiatzaren seiko bigarren itzulirako, eta presidente nahi duenak, bozken erdia gehi bat beharko du, nahi eta nahi ez. Horixe koska.

Emaitzak

Parte hartzea : 79.47%

Hollande 28.63%
Sarkozy 27.18%
Le Pen 17.90%
Mélenchon 11.10%
Bayrou 9.13%
Joly 2.31%
Dupont-Aignan 1.79%
Poutou 1.15%

 

Orain arte dakigunarekin, eta joan zen igandean botua eman zuen jende bera joango balitz bozkatzera hamabost egun barru, ezkerra eta ekologisten bozka jasoko luke Hollande sozialistak, beste apur batzuekin batera, %45era iritsiz. Sei puntu falta, hala ere.

Sarkozyk zailagoa dauka, inork ez baitio agindu bozkarik berari bigarren itzulian. Eta Hegoaldean ulertzeko zaila dirudien arren, Fron National populistaren bozka guztiak ez dira automatikoki Sarkozyren aldera eroriko. Ehuneko handi bat langile eta nekazari jendea da Le Penen alde, Sarkozyren antzeko burges jendea gorroto duena…

Bayrouren bozkak ere, ez dira automatikoki Sarkozyrengana joango, jakinekoa baita ilaran jarraian doazenen artean egoten direla gorrotorik handienak…

Hala, bada, zer egingo du Sarkozyk hemendik aitzinera?

Hollandek esan dio hiru eztabaida horiek bakarrean geratuko direla, Errepublikak beti egin duen bezala. Ez dadila orain etorri Giscard d’Estaingek Mitterrandi egin nahi izan zion gauza bera errepikatzera (bi aurrez-aurreko eskatu zizkion, eta bakarra egin zuten orduan ere). Badirudi, beraz, ohiko bakar horixe baizik ez dutela izango parez-pare. Eta, gainera, zenbat aldatzen dute honelako eztabaidek jendearen asmoa?

Soziologoen arabera, ez da sekula erabakiorra izaten. Batek ztabaidan irabazi arren, ez du esan nahi berehalakoan joango zaizkionik bozka gehiago. Esaten da, joera %1’5 alda dezaketela honelako kontuek, baina 24 orduren buruan, ia lehengora itzultzen direla asmoak, norberak aurrez zuen hautagaiaren aldera, alegia. Holako gauzetatik sekula ez dela etortzen %1 baino aldaketa handiagorik. Frantzian, bederen.

Hala bada, esaten da Sarkozyk bi ardatz nagusiren gainean dantzatuko duela bere txankarreko partikularra. Alde batetik, saiatuko da Hollanderen bigunkeria lotsatzeraino bortizki jipoitzen eta, bestetik, Le Pen eta Bayrouren bozkak eskuratzen.

Hasita dago horretan, bai baitaki bestela ezinezkoa dela.

Bayrouk ez du oraino deus esan -Cohn Bendit bezalako politikariek Hollanderen alde jartzeko eskatu dioten arren-, baina Marine Le Penek aske utzi ditu bere jarraitzaileak, nahi dutenaren alde egiteko, nahiz eta badirudien berak zuri emango duela bozka.

Ultra eskuinaren erreka horretan nahiko luke egin arrantza Sarkozyk eta hasia da beita eta amuak erabiltzen: ezin du akordiorik egin FNkoekin, ezin du ministro ultra eskuindarrik jarri, baina hala ere  “ezin ditut diabolizatu FNko hautesleak, entzun egin behar diet eta kontutan hartu, sudurra ixten ibili beharrik gabe”. Nouvel Observateurretik hartu dugu aipamena.

Eta Liberationek ehizatu egin du gaurko edizioan, eta zuri beltz handian argitaratu azal ikusgarrian. Atzo bertan esan zuen esaldi bat kakotx artean jarriz: “Le Pen bateragarria da Errepublikarekin”.

Arraioa, Mitterrandek burua altzatuko balu, pozik legoke gertatutakoarekin! Ez ahantzi zer esaten den: Mitterrandek asmatu edo lagundu zuela Front Nationalen jaiotza, hain juxtu –Espainian ez bezala–, eskuineko aukera beti zatitua ager zedin…

Ikusteko dago, ba, itxurak itxura, gauzak nondik eta nola irtengo diren, bai bailiteke, Sarkozy arrantzara irten den honetan, bera gertatzea arrantzatua, ultra eskuina Errepublikaren minbizia dela sinetsita dagoen eskuin zibilizatuaren aldeko abandonuarekin.

Horregatik izango da, Sarkozyren ingurukoak, sutan jarri direla Liberationekin, eta fede txarrez jokatu izana leporatu diote egunkari ezkerzaleari (malhonnête). Ukatu egin dute Sarkozyk halakorik esan duenik. Presidentegaiak ere ukatu egin du gaur goizean halakorik aitortu izana France Info katean, baina esan, esan egin du, France2ko pantailetan, horixe da egia.


Liberationen bertan ere jarrai dezakezu saltsa

jpg, Pantailakada/Liberation, Creative Commons BY
RSS

Iruzkinak (Iruzkinik ez)

Idatzi hemen zure iruzkina

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude