Amaia Etxezarreta: “Kazetariok kontuz aritu behar dugu; hobe epai bat berandu baina zuzen ematea”

2012-05-08 @ 11:08 Iñaki Larrañaga

Amaia Etxezarreta izaten dugu sarritan Madrileko kontuez berri ematen digun kazetaria. Auzitegi eta Kongresuko lehoien atarian ikusi ohi dugu txoriaren mikrofonoa eskuan eguneko kronika eginez. Galdera batzuk egin dizkiogu, Madrilen bizi den giroaz itaunduz, eta, baita hedabideetan hainbeste sona izaten duten “filtrazioez”; azkenak dio Bateragune Auzian zigorrak izango direla.

Epaien filtrazioak gauza ohikoa dira Espainiako auzitegietan. Zergatik gertatzen dira?

Nik neuk eta kazetari askok ere egunkarietan edo sarean irakurri ohi ditugu filtrazio gehienak. Non barrena ihes egiten duen epaiak Auzitegi batetik kanpora? Hori ez dut ikusten. Onartu behar da badirela kazetari batzuk lan oso zorrotza egiten dutenak, espezializatuak, egunero ari direnak gai batzuen jiran, eta harreman sare bat dutenak epaitegietan, abokatuen artean eta abar. Dena den, epaiak batzuetan ofizialak izan baino minutu batzuk lehenago bakarrik filtratzen dira. Adibidez egunkari batek eman zuen Bilduren legalizazioa, interneten, minutu batzuk lehenago. Zergatik aurreratzen diren batzuk? Komunikabideen arteko lehia da hori edo kazetarien artekoa. Digitalak daudenetik gero eta gehiago gertatzen da, ordea, batek ateratzen duela esklusiban eta beste guztiek errebotean ematen duela, baina konfirmaziorik gabe. Bestetik, batez ere politikan, kanpainak eta giro jakinak sortzeko filtratzen dira. Esan nahi ez dutena eta publikatzen dena ia inoiz ez da filtrazio bat izango. Filtrazioak beti dira interesatuak.

Bateragune Auzian zigorrak egongo direla filtratu dute. Zure iturriek ere orain arte hori baieztatzen dute?

Neuk twitterren irakurri nuen lehen aldiz zigorrak izango direla, eta gero egunkari batean. Defentsako abokatu bati galdegin nion, eta zigorrak izango direla esan dio berriemaleren batek. Zurrumurruak bihurtzen dira batzuetan ustezko filtrazio, baina abokatuari ere esan badio norbaitek… Dena den, uste  dut kazetariok kontuz aritu behar dugula, eta hobe dela berandu baina zuzen eman epai bat. Izan ere, albiste horiek jendearen bizitzan eragina dute eta profeziak edo filtrazioak ez dira beti betetzen. Beraz, eta hau hainbat kazetarik egiten dugu, egunero deitzen dugu Auzitegi Goreneko prentsa bulegora epaia egun horretan emango duten jakiteko. Filtraziorik ez dugu gehienok. Saiatzen gara epaia ateratzen denean ahalik eta azkarren ematen albistea.

Esan digutenez Kongresuko kazetariak harritu egin dira Amaiurren jarrerarekin. Pribatuan ere PP-PSOEko ordezkariek Iñaki Antiguedad zoriondu zuten inbestidura saioan. Zein da kazetarien irudipena?

Lehen egunean kazetari gehienek espektazio handiz hartu zuten Amaiur taldea. Kazetari batzuk zioten haize berria zekartela kongresura, desanimo garai baten erdian. Hilabeteak pasa ahala normalizatutako talde bat da prentsaren aldetik ikusita. Iruditzen zait harremana erreza izan dela eta behar bada interesgarria ere bai.

Euskal Herriko gertakizunak, behin ETAren erabakia emanda, modu argiagoan ikusten dituzte Madrilen?

“Madrilen zer diote?” galdetzen dit jendeak etxera joaten naizenean. Madrilen daude zuria, beltza eta grisa, eta iritzi ezberdineko jendea. Dena den, oraintxe ETA orobat ahaztu antzean dela esango nuke, arrazoi gogor batengatik: langabezia eta krisia drama izugarria dira. Desesperazio giroa dabil. Lanik eza bistan da, kalean, jende asko gorriak ikusten eta zerbitzu publikoak gero eta motzago. Horrek estali ditu gainerako gaiak. Gainerakoan, iruditzen zait Euskal Herria ez dutela  ezagutzen, orobat.

Barne Ministroak jakinarazi zuen “birgizarteratze planak” bazterrak nahastu ditu. Ustekabean egin zuen publiko, atzerrian gainera. Zergatik uste duzu egin zela albistea publiko modu horretan?

Azken aldian Barne eta Justizia ministroen agerraldiak entzutea egokitu izan zaigu parlamentuan: mezu nahasiak, biek ezberdinak eta bapateko plan iragarpenak egin dituzte. Esan liteke biktima talde jakin bat baretu nahi izan dutela, eurek indar handia eman ziotelako eta orain erabaki politikoak baldintzatzea eskatzen dutelako. Barne Ministroak berak esan zuen erabaki politikoak ez dituztela biktimek baldintzatuko. Albistea emateko moduari dagokionez, oso modu arraroan ari dira albisteak ematen, Estrasburgen edo jai egunetan. Eta arreta jarriz gero, Justizia eta Barne saila bakoitza bere aldetik bezala doazela sumatzen da.

Nola ari da PP maneiatzen krisiaren egoera arlo komunikatiboan? Zein da mezua?

Gobernuak komunikazio gutxi eta agindu asko ematen ditu, esango nuke. Herritarrei bezala, Estatuko beste gobernuei eta parlamentuko alderdi politikoei. Hau herritar bezala eta kazetari bezala berdin diot: dena ezkutuan doala dirudi.

Mariano Raxoik hauteskunde programan eta kanpainan esandakoaren aurkakoa egiten ari da. Sorpresa?

Niretzat ez da sorpresa izan. Ostiralero bada sustoren bat. Baina berez, hauteskunde kanpainan esaten genuen bere asmoak ezkutuan gordetzen ari zela Rajoy.  Iñigo Urkulluri entzun diot Espainia “de facto” interbenitua dagoela. Eta seguru horrela dela. Sorpresa baino, ikara eragin dit ikusteak neurriak oso urrun joan direla, adibidez, Osasun edo Hezkuntza Publikoan, finean, Estatu Soziala txikitzen ari dira. Alde nabarmena ikusten dut hor Euskal Autonomia Erkidegoaren eta Espainiaren artean. Urteetan egindako apustuagatik eta orain ere mantentzen delako, uste dut pozik egoteko moduko oinarriak ditugula. Hori batez ere baloratzen da, bereziki eta gehiago, kanpoan zaudenean.

 

 


RSS

Iruzkinak (Iruzkinik ez)

Idatzi hemen zure iruzkina

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude