Bizikletak Donostian

2012-05-21 @ 21:11 Marina Landa

Asko gara Donostiatik mugitzeko txirringaz, txirrindaz edo bizikletaz baliatzen garenok, berdin zait nola deitu, kontua berbera baita. Egia da geroz eta bidegorri gehiago eraikitzen ari direla hiritik eta egia da geroz eta gehiago garela garraio hau darabilgunok. Ez dugu ingurugiroa kutsatzen, autoz baino motelago goaz, bai, baina oinez baino azkarrago eta gainera, kirol pixka bat egiten dugu.

Baina, tamalez, ez da hori donostiar gehienek ikusten dutena: txirringak arriskua dira, euren osasuna mehatxatzen baitute; gogaikarriak egiten zaizkie, kaleetako zati handiegia baitute.

Nik zera esango diet: txirringak ez lirateke arriskua izango jendeak errespetatuko balitu (noski, bizikletan goazenok ere egin beharreko zerbait da) eta txirringan goazenok ez dugu kaleen nagusitasuna hartzen, agian bizi-maila burges horren ondoriozko ipurdi lodiek gehiegi okupatzen dutela da arazoa.[1]

Ikusi nuen Bildu-ren programazioan bidegorrien eta txirringa erabiltzen dutenen aldeko apustua,[2] eta errealitatean ikusten ari naizena zera da: espaloitik joateagatik 50€ ordaindu beharko ditudala, eta txirrina edota argia ez eramateagatik beste 50€.

Hiri osoa bidegorriz loturik balego ez nintzateke espaloitik joan beharko. Bestela, noski, errepidetik joan naiteke; kasu horretan ni harraparia izan beharrean, harrapakin bihurtuko nintzatekeen arren. Eta zer legoke hobeto, ni izatea arriskua edo ni arriskuan egotea? Suposatzen dut Bildu-koei bost axola zaiela dilema hau. Bestalde, autoz mugi ninteke, baina honek kutsadura gehiago ekarriko luke. Zer nahi du Udaletxeak, hortaz?

Ekologiaren aldeko jarrera adierazten badute, zergatik ez dituzte defendatzen ekologiaren funtsa betetzen duten horiek? Argi dago gu ez garela santuak, ez naiz hipokrita hutsa izango esanez nik beti betetzen ditudala arauak, baina ehunka pertsona gara ematen zaigun tratuaz nazkaturik gaudenok. Arrisku handiena ez dira txirringak, txirringan goazenon haserrea baizik: horrela jarraituz gero, edozein oinezkok 50€ ordaindu beharko ditu bidegorria zapaltzeagatik, eta ez badu egiten, nire arazoa ez denez, bere oina zapaltzea ez da nire errua izango, txirrina eduki beharko dudalako, baina nork ziurtatzen du txirrina polit hori erabiliko dudanik?

Eta edonola txirringan goazen gizajo horiek irainak aguantatu behar ditugu, gu gara alde batera edo bestera jo behar dugunok oinezko bat behar ez lukeen tokian dagoenean, gu gara espaloi eta errepidearen artean gaudenok, galdurik, askotan ez dakigularik zer egin eta erabakitzen duguna erabakitzen dugularik gaizki egiten dugunok. Dena da gure errua errurik ez dugunean ere.

Aski da Udaletxe “progresista” eta “ekologista” batek betiko eskubideak bermatu eta teorikoki defendatzen dutena errealitatean alde batera uzteaz. Badakit aspalditik debekaturik zegoela txirringaz ibiltzea espaloitik eta ez dakit Bildu izan den isun hauek jartzearen ideiaren sortzailea edo lehenagotik bazegoen, dakidana da haiek jarriko dutela martxan arau hori. Demagogia hutsean erori al gara berriro ere? Ez al gara demokrazia parte hartzaile baten bizi? Eskubideek ez lukete berberak izan beharko hiritar guztiontzat? Isun gutxiago eta txirringa gehiago!


[1] Lasai egon, donostiar guztiok ezin ederragoak garela!

[2] Esaterako, ikus Udal Programaren 41. Orrialdeko bosgarren marratxoa. http://bildu.info/donostia/programa/

Bizikletak Donostian, Orkatz Arbelaitz, Creative Commons BY-NC-SA
RSS

Iruzkinak (3 iruzkin)

  1. ttipi-ttapa

    Bizikleta ekologikoa da, baina are ekologikoagoa eta naturalagoa da oinez joatea. Nik ulertzen dut txirrindulariek zail dutela askotan hirian mugitzea, baina txirrindulariak argi izan behar lukete oinezkoak direla, batetik, indefensoenak, eta bestetik, mugikortasunaren oinarria. Haiek dira babestu eta sustatu beharrekoak.
    Bestalde, bizikletan ondo eta zentzuz ibiltzen direnen etsai nagusiak ez dira bizikletez kexatzen diren “ipurtandiak”, baizik eta bizikletan inolako errespetorik gabe ibiltzen diren txepelak.

  2. da2b

    Bidegorritik ere gero eta gatxagoa da txirrindulaz ibiltzea jendea korrika egitera sartzen delako inongo begirunik gabe. Errespetu falta izateaz gain oso egoera arriskutusak sortzen ditu, eta errazagoa bihurtzen ari dira errepidetik joatea.

    bidegorria bizikletentzat soilik denean zergatik ez da errespetatzen??

    bizkaian nik dakidala foru arudia dago eta isunak egon daitezke 1.500eurokoak adi2dez. Zergatik ez da inor arduratzen honetaz??

    bidegorria aldiz partekatua denean gutxitan ikusi izan dut nik istilurik oinezkoekin, elkarbizitza bada posible, bai bidegorritik eta baita espaloitik. Eta kontrakoa baderitzote, isunak norabide bietan, udaltzangoa bestela diskriminatzaile litzateke, edo bada.

    : )

  3. Erroma

    Oinezkoek ere beren errespetua merezi behar dute. Beraiek beren lekua dute kalean, eta bizikletek berea, beraz, oinezkoak bidegorrian sartzen direla jakinda eta isunak jartzea hainbeste gustatzen bazaie, zergatik oinezkoen inbasio hori ez zigortu?

Idatzi hemen zure iruzkina

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude