Zuk nahi duzu EAJren eta Amaiurren arteko akordioa?
Nerea Aliasek gidatutako Kontraprograma eztabaida saioak abertzaleen arteko hitzarmena izan du hizpide aste honetan. Mahainguruan izan dituzte ezker abertzaleko Karmelo Landa, EAJko Luke Uribe-Etxeberria, EAko Alberto Unamunzaga eta Iñaki Gonzalez kazetaria. Bi orduko solasaldi interesgarria. Izenburuak, ordea, errudunak atzemateko nahia transmititzen du: EAJ-Amaiur: nork ez du nahi akordiorik? Itaunak berak iradokitzen du akordioa komenigarria dela, eta hori ez duena nahi oker dabilela. Galdera horren bueltan, kalekoen iritziak entzunda eta kontraprograma.com orriko inkesta ikusita, badirudi EAJ dela balizko erruduna.
Baina, berriz galdera bota dezagun: EAJ-Amaiur: nork ez du nahi akordiorik? Egin gogoeta.
(Argazkia: Indalecio Ojanguren, CC-BY-SA)
Abertzaleen arteko akordioa nahi ez dutenak PP, PSE eta haien jarraitzaileak dira. Eta, alderantziz: Nork nahi du akordioa? EAJri eta Amaiurri bozka emango dietenen gehiengoak. Are gehiago, abertzaleek ez lukete inondik inora ulertuko hitzarmen sendorik ez izatea; gogoz kontra ametitu behar diren zentzugabekeria horietako bat litzateke. Alderdien barruan badaudela hitzarmen abertzalearen aurkakoak? Ziur asko hala da. Horregatik, bada ordua gizarteak behingoz ozen eta irmo abertzaleei eskatzeko bat egin dezatela Euskal Herria autodeterminaziora eramango duen bidea zirriborratzeko orduan.
Bistan da, ordea, Amaiur eta EAJren arteko harremana estutzeko garai txarra datorrela: aurrekanpaina. Bozkak erakarri nahian, bai bata eta bai bestea auskan hasiko dira, batak bestearen trapu zaharrak haizatzen. Alderdi politikoen berezko joera da hori, ikusi bestela egunotan Antonio Basagoiti eta Patxi Lopez bikotea eskaintzen ari diren ikuskizun negargarria eta nekagarria.
Batzuentzat hondamendirik eta besteentzat miraririk gertatu ezean, EAJk eta Amaiurrek aise gaindituko dituzte bai PSE baita PP ere. Ander Iturriotz soziologoak azken aldian aipatu duen bezala, baliteke hauteskundeetan irudikatzen dena ez izatea lau hankako banaketa politikoa, hirukoa baizik. Alegia, abertzaleak hurbilago egongo dira 75 eserlekuetatik 50 izatetik, konstituzionalistak erdiak eskuratzetik baino. Garak argitaratutako inkestak hipotesi hori jaso zuen eta Euskobarometroak ere egoera hori ez zuen urrun erakusten.
Ander Iturriotz: “Lau hankako mahaia beharrean, hirukoa litzateke” by Iñaki Larrañaga Aizpurua
Aspalditik ez dituzte abertzaleek hain karta onak izan hauteskundeen atarian. Edo, egiari zor, konstituzionalistak dira txikira jotzeko gai ere ez direnak. Patxi Lopezen Gobernuaren hilzoria, Jose Luis Rodriguez Zapateroren hondamendia, Mariano Rajoyren gezurrak, Antonio Basagoitiren bakardadea… eta, ezin baztertu botoen joera neurtzerako orduan, Espainiaren gainbehera orokorra. Eserlekuak gora, eserlekuak behera, abertzaleak nagusi izango dira. Hori elkarlanerako akuilua ala oztopoa izango da?
Elkarlanerako akuilua ala oztopoa?
Botere exekutiboan eskua sartzeko borroka hauteskundeen ostean etorriko da. Arrazoiak soberan daude zera pentsatzeko: tentsioa izan izango da abertzaleen artean, derrigor. Baina, akordio batek hortik haratago izan behar luke mira, hauteskundeen emaitzak eta horren osteko botere banaketak gorabehera. Hala nahi dute abertzaleek. Legebiltzarreko gehiengoak erraztu egingo du akordioak gauzatzea. Horrek ez du esan nahi neurri ekonomikoetan ere bat egin behar dutenik, inola ere ez, baina ikuspegi nazionalean behintzat egon behar dira adostasunak. EAJ eta Amaiur ezberdinak dira, onerako eta txarrerako, baina, Kontraprograma-n emakume batek dion bezala: “anai-arrebak gara eta distantzia hurbilean bikain ulertzen gara”.
Ulertezina izango da Espainiaren zama gainetik kentzeko bideorri komun bat ez hitzartzea. Bi indar politiko nagusiak abertzaleak izanda, ezin dira lau urte ezerezean igaro. Ez dago orain lurrikarak sortzen dituen ETArik. Konstituzionalistek argi utzi dute lau urtean oso gai izan direla “gizarte normala”, alegia, espainiarra, inposatzeko frontea osatzeko. Hori martxan jartzeko testu-liburuak aldatu egin dituzte, espainiar banderez josiarazi dituzte herriak, Euskal Herria desegin nahi izan dute… euskaldunon gehiengoa mintzeko hartutako erabakien zerrenda luzeegia da. Ez dira abertzaleak printzipio bateratu baten pean erabakiak hartzeko gai izango?
Zuk nahi duzu abertzaleen arteko hitzarmen nazionala jarrera bateratu bat izan dezaten, Euskal Herria independentziaren bidean jartzeko? Euskal Herri euskaldun bat erdiesteko akordio bat?
Ulertezina bakarrik ez, barkaezina izango da akordiorik eza abertzale askorentzat. Aurrez hori jakin dezatela. Ez dezatela hori inoiz ahantzi. Mahaian eseri eta hitz egin dezatela, behar beste. Ramon Zallo EHUko katedradunak ere ideia hori nabarmendu berri du Un nuevo parlamento vasco artikuluan:
“korronte abertzaleek ardura erraldoia dute lehenesteko eta ahalegin pentsaezinenak egiteko herri akordioa lortzeko eta legebiltzarretik ere norabide guztietara jauzi kualitatiboa emateko.”
Aipatu gabe ez dut utzi nahi: 2006ko urriaren 31an EAJk, Batasunak eta PSE-EEk akordio zirriborro bat hitzartu zuten Loiolako santutegian. Egin dira gauza zailagoak ere.




















Euskal Erkidego Autonomo baten “agintean” dagoena dagoela, Espainiak baimendutako delegazio bat besterik ez izanik, eta “aginte” hori jokoan dagoenean, 200.000 edo 300.000 boto “asmatzeko” gai badira – errolda beraiek erabakitzen dute -, zer ez lukete egingo batzuentzat independentziaren parekoa den “erabakitzeko eskubideari” buruz erreferendum bat antolatuko balute?
Hori da estrategia hori!!!
[...] sortu du Kontra saioko azken eztabaidak -EAJ-Amaiur: nork ez du akordiorik nahi?-, batez ere, Iñaki Larrañagak saioaren inguruko artikulua idatzi duenetik Zuzeu aldizkarian. Iruzkinak barra-barra, kritika [...]
Kaixo Iñaki!
Eskerrikasko Ojanguren bildumako argazki bat erabiltzeagatik, hala ere, zuzenketatxo bat.
Argazki hori, Ojanguren bilduma bezala, ez da CC-BY baimen batetara atxikitzen, CC-BY-SA baizik. Zuzenketa nimiño bat da, bainan jakinaren gainean egon zaitezen.
-
Iñaki Larrañaga
2012/05/29 01:25
« Aurrekoa 1 2Zuzendu dut, okertu egin nintzen. Mil esker zuei halako argazki ederrak eskura jartzearren. Ondo izan.