Lohitzune Txarola: “Amatasun eta aitatasun bajak berdinak izan behar dira”

2012-05-24 @ 09:02 Noemí Rivera

Lohitzune Txarola Batzar Nagusietako lehendakaria da eta ama izan zen 2011ko azaroan. Politikari eta ama aldi berean izatea nolakoa den kontatzen digu.

Politikan ama izatea zaila al da?

Bai, zaila da; nik esango nuke beste lanetan baino zailagoa, oztopo asko dituzulako. Hemen, Batzar Nagusietan, sei astez bakarrik delegatu dezakezu botoa, hortik aurrera zure botoak ez du balio. Horregatik ama eta politikari izatea aldi berean zaila da; baina saiakera egin behar da eta gu politikariak garen heinean, hori aldatzeko bidea egin behar dugu.

Nola da politikako goi kargu bat eta jaioberri bat izatea?

Erokeria da. Korrika ibili behar duzu batetik bestera egun osoan zehar: haurra ikustera, berriro lanera, ekidin ezin dezakezun arratsaldeko ekitaldi publiko batera joan baino lehen haurra ondo moldatu, berriro lanera itzuli…

Kontziliazioa falta da politikan?

Ez gara kontzientziatzen zeinetaraino den garrantzitsua familia-kontziliazioa. Egunero hamaika ekitalditarako gonbidapenak iristen zaizkigu, arratsaldeko zortzietan, adibidez, eta jendeak ez du beti ulertzen zergatik ez garen joan. Ni arratsaldean haurrarekin nago eta 8etan bainatu egiten dut.

Politikaria eta ama izateak badu alde onik?

Politikan ez dago ordutegirik, asteko zazpi egunetan egiten dugu lan eta edozein ordutan. Horrek alde ona eta txarra du. Gaueko 9etan lanean egon zaitezke, baina, arratsaldeko 14:00etan, adibidez, tartetxo libre bat izan dezakezu eta haurra ikustera joan zaitezke.

Ze kontziliazio politika falta dira lan munduan?

Lan mundua badago gutxi gorabehera moldatuta, baina aitari protagonismo gehiago ematea falta da; aitatasun baja gehiago ematea, alegia. Bi urte daramatzagu baja bi hilabetera igotzeko, eta ez da igotzen. Berdintasun batean hezteko beharrezkoa da aitatasun baja hori. Amak lau hilabeteko baja duela esaten badugu eta aitak bi aste, hor ez dago berdintasunik. Eta hori ez da horrela, lau hilabete  horietan aitak eta amak egon beharko lukete haurrarekin. Bien artean gauzak errazago direlako.

Herrialde batzuetan, Norvegian esaterako, urtebeterainoko bajak dituzte amek.

Nik uste dut sei hilabeterekin –baina sei hilabete horietan aita eta ama egonda– eta horren ostean nolabaiteko askatasunak izanda, lanaldi erdia edo nor bere beharretara eta haurraren beharretara moldatzeko modukoa, nahikoa izango litzatekeela, haurra autonomia eskuratzeko gai den arte.

Soraya Saenz de Santamaria asko kritikatu zuten haurra izan eta egun gutxitara lanera itzuli zenean. Zein da zure iritzia?

Lanean ez dago pertsona ordezkaezinik, ez Soraya Saenz de Santamaria eta ezta ni ere. Eta nik uste dut amatasunaren borrokan aritu diren emakume guzti horientzat errespetu falta izugarria izan dela. Emakume  horiek beren seme-alabekin ahalik eta denbora gehien egoteko borrokatu dute eta, azken batean, Sorayak eman duen eredua oso txarra da.

 

 

Lohitzune Txarola, ZZ, Creative Commons BY
RSS

Iruzkinak (9 iruzkin)

  1. Idurre

    Noiz ikusiko dugu politikari gizonezko bati huts-hutsean aita delako egindako elkarrizketa bat?

  2. Joseba L.

    Elkarrizketa osoarekin ados nago, azken erantzunarekin salbu. Amatasuna eta aitasuna lanarekin kontziliatzeko erraztazunak bermatu behar dira, baina aizu, hori egingo ez duena ere errespetatuz! Gauza bat da umearekin egon nahi duen aita edo amari hori egiteko aukera ematea, eta beste bat, hori egiten ez duena eredu txarra dela eta errespetua faltatzen ari dela esatea.

    • Umea

      Aizu Joseba, ume bat izatea ez da nolabaiteko txantxa, eta umeak beretzako denbora behar du, baita bikoteak ere, umearen etorrerari moldatzeko, bai eguneroko bizitzan eta baita maila psikologikoan ere.

      Umea erantzunkizun bat da, eta astebetera lanera bazoaz ez zara betebehar horiek betetzen ari. Izan ere, umearen heziketa lehen egunetik hasten da. Umeek dena xurgatzen dute; halare ezer gutxi eskainiko diozu, berriz diot, astebetera lanera bazoaz.

      Edo bestelako hipotesi bat: umeak edukitzea lan bat da? Betebehar bat? Umea eduki ta beste batek zaindu dezala? Emakumeak umeak edukitzeko makinak dira?

      Eta nere uste apalean, ba umearekiko erantzunkizuna betetzen ez duena eredu txarra ematen ari da -Lohitzune Txarolarekin ados-, ez baitu egin beharrekoa egiten.

      Ta Joseba, nik pertsona eta haien ekintzak, ideiak bereiztuko nituzke. Lohizunek pertsona denak errespetatzen dituelakoan nago, baina denok bezela, pertsona guztien ideiak edota jokaerak eztirela errespetagarriak pentsatuko duelakoan nago. Esaterako, nik Denis Itxaso errespetatzen det pertsona eran, baina bere ideiak (eta ideia aldaketak, auskalo zer arrazoiengatik -ikus Gipuzkoako erraustegia-) zenbait puntutan ez zaizkit errespetagarriak iruditzen, guztion onura beharrean interes pertsonalak babesten ari den susmoa dudalako.

  3. Karapeto

    Kontziliazioaren arazoa umearen lehen hilabeteetan zentratzea broma txar bat da.
    Esango nuke amatasaun/aitatasun bajak bukatzean hasten direla benetako kontziliazio arazoak.

    Bestalde, esango nuke literatura merke eta txorakeria asko dagoela umeen inguruan. Badirudi haur bat izatean konturatzen dela jendea erantzukizun handiko gauza dela, denbora eskatzen duena eta abar. Ba noski. A ze sorpresa.

  4. Uzturre

    Ni izenburuarekin nago harrituta: zuzena da “bajak berdinak izan behar dira”? Edo “bajek berdinak izan behar dute” izan beharko luke? Badago euskal filologorik nere erreskaterako?

    • Erreskatean

      Bi erabilerak dira zilegi, eta biak dira erabiliak, baina “izan behar dute” gisakoak hobesten dira euskara batuan.

      • Amonamantangorri

        Nik, behintzat, “joan behar dut” eta holakoak azken mohikano batzuei baizik ez dizkiet aditzen.

        • Erreskatean

          beno, badira gauza larriagoak: ts eta are tz desagertzea, “ahal naiz joan” modukoak, eta abar

  5. ama bat

    Ez dakit politikarien kasuan zailagoa edo errazagoa izango den, baina gauza bat argi utzi nahiko nioke; inorentzat ez da erraza ama (edo aita) izatea eta erokeria denentzat da.
    Autonomoa naiz eta 4 hilabeteko baja ere ez nuen nik hartu…

Idatzi hemen zure iruzkina

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude