¡Ben fet, Pep!

2012-06-02 @ 15:38 Rober Gutiérrez

Pep Guardiola ez da Barçaren entrenatzailea izango datorren denboraldian. Honezkero izango zenuten horren berri. Bere erabakia azaltzeko prentsaurrekoa eskaini zuen, katalanez, eta mundu osoko kazetariak eta zaleak berari adi egon ziren. Mundu osokoak! Neuk ere ikusi nuen, nahiz eta futbolzalea ez izan.

Une hartan, hemengo kirolariak imajinatu nituen egoera berean… eta hemengo ordezkari politikoak eta sindikalak, enpresa munduko buruzagiak… eta neure burua ere imajinatu nuen egoera horretan, oso ohikoa izaten baita gure artean hizkuntza mendekotasuna praktikatzea, alegia, erdarara aldatzea solaskidea euskal hiztuna ez denean, edo euskal hiztuna ez dela suposatzen dugunean, gatazkatsuak izan litezkeen egoerak saihestu nahian. Baina Pep Guardiolak katalanez egin zituen bere adierazpenak eta, esan zituenak ulertzeko interesa zutenek, ulertzeko modua egin zuten…

Espazioak irabazten ari gara eta horretarako gure portaerak, hizkuntzarekin leialak izateak, eragin nabarmena du. Euskaraz aritzen diren pertsona eleanitzen eredua beharrezkoa da; hauekin batera, hizkuntzaren ezagutza txikiagoa dutenek lagungarriak diren urratsak eman behar dituzte, hala jarrerari nola erabilerari dagozkionak.

Jauzi kualitatiboa lortu nahi izatera, aurrerapausoak eman behar ditugu, jarrera baikorra eta konfiantzazkoa adieraziz. Pep bezalako pertsona eraldatzaileak behar ditugu, norberak egiten duena baino gehiago egitera motibatuko duten pertsonak behar ditugu gure artean, maila guztietan erreferenteak behar ditugu, norberetik hasita.

ben_fet_pep_bai_euskarari, , Creative Commons BY-SA
RSS

Iruzkinak (Iruzkin bat)

  1. Ibon

    Beste dimentsio batean, baina Mikel Aranburuk antzera egin zuen bere agurreko hitzetan.
    Euskara hutsez agurtu zaio zaletuari…

Idatzi hemen zure iruzkina

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude