Gu, bost mende atzera

2012-06-04 @ 11:42 Gaztezulo aldizkaria

Bost mende joan dira Fernando Katolikoak aginduta eta Albako Dukearen gidaritzapean espainiar tropek Nafarroako Erresuma, euskal jendeen lurraldea, indarrez hartu zutenetik.

Badakigu, 1200eko konkista partzialaren ostean, 1512ko hartan Erreinuak egungo Nafarroa Garaia eta Baxe Nafarroa barnebiltzen zituela, eta gure hizkuntza mugetaraino heltzen zela. Badakigu, baita ere, Albreteko Juan III.a eta Foixeko Catalina zeudela agintean, baina beste herrialde batzuekin alderatuta, hemen hierarkiekiko kontrola egon bazegoela. Zer dakigu, ordea, orduko euskal jendeen bizitzez? Nolakoak ziren haien etxeak? Eta ospakizunak? Zer jaten zuten? Zer edan? Eta nolako itxura zuten? Has gaitezen, zergatik ez, gure ahaide zaharren estetika irudikatuz…

Moda, segregazioa
Moda, aniztasunaren zentzuan ulertuta, XV. mendean iritsi zen Euskal Herrira, hiriguneetan burgesia gizarte talde modura azaltzearekin batera. Janzkien kalitateak bereizten zituen maila sozialak, eta burgesak luxoari garrantzia ematen hasi ziren, bilera sozial nahiz elizkizunak luzimendurako baliatuta. Ehungintzaren garanpenarekin ere izan zuen honek zerikusia, ordura arteko uniformetasunarekin apurtuta, oihal mota berriak lantzen eta hedatzen hasi baitziren. Hala, hiribildu eta hirietan, bertako artisau txikiekin batera, oihal zakar (herriko jendea janzteko) eta finen (inportatutako materialekin goi mailakoentzat kalitatezko jantziak egiteko) industriak ezartzen joan ziren, Durangon eta Bergaran, kasu. Gehien erabiltzen ziren ehunak zeta, lihoa, kotoia eta, batez ere, artilea ziren.
Zeta, orokorrean, nobleek bakarrik ibiltzen zuten, edo liturgia hornidurarako baita ere, eta kolore erabilienak gorrixka, berdea, morea, zuria, urdina, arrea eta gorri bizia (nekez lortzen zuten halakorik) izaten ziren. Lihoa, aldiz, askoz hedatuagoa zegoen, eta barruko arropak, atorrak eta zorongak (emakumeen burukoak) egiteko erabiltzen zuten. Etxean landutako artilea zen herritar xehen artean zabalduena: bruneta (kolore ilunekoa) edo burela (oihal lodi eta zakarra; gordina, marroia edo grisa) janzten zituzten gehien; merkeena, aldiz, artzainen kapak egiteko baliatzen zutena zen.
Gizonek izugarri arropa pila eramaten zuten gainean. Atorra eta azpiko galtza estuak lehenik, gerrian zintaz lotutako jipoia eta bordaduz apaindutako galtzak gainetik, eta hirugarren soingaineko motz bat ere janzten zuten askotan, aldakatik zintzilik gonatxo baten modura, hankak agerian utziz.
Emakumeek elementu gutxiago zerabiltzaten: atorrek eta barruko janzkiek mahuka landuak izaten zituzten gerruntze azpitik ikusten zirelako. Galtzek gerriraino estaltzen zuten gorputza eta gainetik gonetak janzten zituzten. Hirugarren estalki modura, goiko arropa eta gona, eta mantu airosoak ere zenbaitetan.

Burutik oinetaraino
Krestarik eta txurrorik ez garai hartan. Gizonen orrazkerak ez zeukan beste tokietakoekin alde handirik, hemen ere melena motza zen nagusi. Gainean, ohiko lastozko edota artilezko kapela eta txanoak. Emakumeen itxurak, aldiz, atentzioa ematen zuen eta bidaiariak harrituta geratzen ziren euskal neska ezkongabeen estetikarekin. Hauek ilea larru-arras mozten omen zuten, motots bakarra utzita buruaren inguru osoan. Kasik gaurko skinheaden antzera! Ezkonduek, ordea, beste leku askotakoek bezalaxe, burukoak edo zorongak erabiltzen zituzten estaltzeko. Baina hemengoek sekulako mirespena eta sorpresa sorrarazten zuten guztiz originalak zirelako. Oinarrian, buruan enkajatzen zen kapete moduko bat zuten, eta handik gora hasten zen zumitzezko euskarri baten gainean oihal metroak eta metroak bilduz fantasia ukitua. Punta zorrozdunak izan zitezkeen, adar formakoak… hain ziren konplikatuak ezen Portugaleten, adibidez, zorongak lotzeaz arduratzen ziren ofizialak baitzeuden, eta Deban, esaterako, hiriko ordenantzek mugatu behar izan zuten tela kopurua.
Bestela, oinetakoen artean, hiru aldaera aipagarri: batetik, soilik oina estaltzen zuten larruzko zapatak eta abarkak; bestetik, oina ez ezik zangoaren zati bat ere estaltzen zuten larruzko botak; eta, hirugarrenik, zola altudunak, oso deigarriak eta apainduak. Azken hauen zolak egurrezkoak, hezurrezkoak edo kortxozkoak izan zitezkeen.

Ispilu aurrekoak
Higienea nahiko kontu arrotza zen XVI. mende hasiera hartan, baina emakume aberatsek askotariko ukenduak eta trikimailuak ezagutzen zituzten beren buruak edertzeko. Azala zuritzeko, adibidez, izainak jartzen zituzten; gorputzeko hainbat ataletan ilea kentzeko, karea erabiltzen zuten; ilea argitzeko henna, ote-oreak, azafrana eta txahalen giltzurrunak; ilea lurruntzeko arrosa lehorrak, espeziak eta ozpina; desodorante modura, erramu orriak, asentsio belarrak eta isipu belarrak; ezpainen bolumena handitzeko eztiarekin igurtzen zituzten; eta ahoa ardo epelarekin garbitu ohi zuten oiak osasuntsu mantentzeko. Argaltzeko dietak ere egiten omen zituzten, pentsa! Aspalditik dator, beraz, obsesioa… Odol zirkulazioa suspertzeko, gorputza eskuila batekin igurtzi eta bainu hotz bat hartzen zuten segidan.
Eliteko andre hauek, gainera, koloretearekin, ezpainetakoarekin eta berde, urdin nahiz marroi grisatu koloreko itzalekin margotzen zuten aurpegia.
Eskumuturrekoak, lepokoak, eraztunak eta bestelako bitxiak artisauek lantzen zituzten, eta urrea zen material guztietan preziatuena.
Apainketetan horrenbesteko lana hartuta, emaitza kontenplatzeko, gizon-emakumeek zilarrez edo kristalez eginiko ispiluak zintzilikatzen zituzten gerritik.

XVI. mende hasierako nafarren janzkeraz, eGehiago jakin nahi baduzu, erreportaje osoa gaztezulo.com-en duzu irakurgai

RSS

Iruzkinak (Iruzkinik ez)

Idatzi hemen zure iruzkina

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude