Munich-eko paktua euskal herritarrontzat

2012-06-04 @ 18:03 Ainhoaletamendia

500 urte betetzen dira aurten Albako dukearen tropek gure estatuko ekialdea okupatu eta menperatu zutenetik. Baina ez da urtemuga bakarra, 50 urte betetzen baitira “Munich-eko paktua“ edo espaniar frankistek Contubernio de Munich deituriko hartatik.


Bitxia da gero, contubernio bezala definitu zuten frankista haien ondorengoek urtemuga hori ospatzea erabakitzea Espainiako kongresuan. Transizioa deitzen duten prozesu horrek nondik nora eraman zituen galdetzera narama ezinbestean. Ezin ulergarria suertatzen zait izan ere, ustez etsaiak ziren haiek batera ospatzea alde baten gainbehera eta bestearen loraldiaren hasera suposatu omen zuen gertakari hura. Zer pentsatua ematen du inondik ere.

Baina utz ditzagun españolen kontuak españolentzat eta hel diezaiegun geureei. Berriki Iñigo Urkullu jeltzaleen liderrak, bere blogean, atsekabeturik zirudien ospakizun horietara ez gaituztelako gonbidatu. Beno, PP eta PSOE izan ezik gainontzeko alderdi politikoak ez dituztelako gonbidatu zehatzago izateko. Izan ere, argazkiko gonbidapena paktu hartan egondako euskal herritar bati igorritakoa baita. Egun ez da inongo alderdi politikoko kide eta esan didatenez, ez zuen gonbidapena onartu, oso bestelako iritzia baitu euskal herritarrontzat paktu hark suposatu zuenaren inguruan. Kepa Anabitarte han izandako beste euskal herritar bat da eta iritzi antzekoak omen dituzte biek. Oso ikuspegi kritikoa azaltzen du Kepa Anabitartek gertakari haien inguruan, sarean topatu dudan elkarrizketa batean eta datorren astean emango duen hitzaldiaren izenburuari erreparatuz, edo duela gutxi beste komunikabide batean egin zioten elkarrizketan esan zuenari, gaur egunean ematen ari diren zenbait urratsekin lotura zuzena duela uste du berak.

Gonbidapena, Letamendia, Creative Commons BY-NC
RSS

Iruzkinak (6 iruzkin)

  1. iñaki

    Kepa Anabitartek gureberriak.com-en esandakoak:

    “•Gaur egun, beraz, oraindik orduko ondorioak pairatzen dihardugu…

    Bai, eta hori da garrantzitsuena. Munichen gertatutakoa ez da interesgarria gure historiako anekdota bat delako, gaurkotasuna duelako baizik. Alde batetik, horrelako jarrerak hartzen ditugu behin eta berriro, eta horrek frogatzen du ez dugula ikasten. Gaur egun proposatzen ari diren Gernikako Akordioarekin lotura ikusten diot, Munichen gertatu zenaren errepikapena iruditzen zait… Orduan ere esaten zen espainiarrek (errepublikanoak eta bestelakoak) beren Batasuneko Gobernuaren bidez zer edo zer eskainiko zigutela, “demokratak” izango zirela… Bueno, ikusi dugu zein demokratak diren, ezta? Badirudi ez dugula ikusten. Gaur egungo planteamentuetan ere pentsatzen da lortuko dela nolabaiteko “marko demokratiko” bat eta hortik, guztion artean hitz eginaz, “demokratikoki” independentzia lortzeko aukera izango dela. Garbi jakin behar dugu Espainiak eta Frantziak ez digutela ezer emango. Haien orbitan jarraitzen dugu, 1962an Munichen bezala. Munichen gertatutakoak hori ulertzen lagundu dezake, berriro huts berak ez egiteko.”
    Hori duk hori garbi hitzegitea.

  2. Mikel

    Jakin dut ekainaren 12an Koldo Mitxelenan eta 14an Bilboko “La Bolsa” aretoan emango dituela “De Munich a Gernika” izeneko hitzaldiak. Ea gureberriak.com en azaldutako elkarrizketan zein ekainak 27an GARAk egindakoan esaten dituenak sakonago adierazten dituen.

  3. Mikel

    “Despiste” txiki bat izan dut. GARAko elkarrizketa maiatzaren 27an azaldu zen, noski, ez ekainean.

  4. Mirentzia

    Zekula ez nuen entzun Municheko asunto hau.
    Urkulluren bloga eta Anabitarteren elkarrizketa irakurrita, bietako bat gezurretan edo despistatuta dabilela ematen du ez?
    Ea Anabitarte jaunari, Ekainak 12ko hitzaldian galdera hau egiteko aukera daukadan.

  5. Alazne

    Gaur asteazkena Halabedi irratian arratsaldeko 7tan Municheko itunaren monografikoa eskainiko dute, Anabitarte eta beste batzuen eskutik. Entzutekoa!!

  6. Alazne

    Munich-eko itunaren inguruko elkarrizketa bikaina izan zen, hemen entzungai: http://halabedi.org/?cat=1387

Idatzi hemen zure iruzkina

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude