«nire izebak plastikozko poltsa beltzetan sartzen ikusi ditut» Palestinako poesia 4/4 [Darwix+Xalax]

Burkide!

Hauxe duzu Palestinako Poesia Garaikidearen laugarren eta azken alea. Aurrekoak hemen:

1) Khaled Abdallah(1970 Gaza, Palestina), Zuheir Abu Xaieb(1958 Deir Al-Ghssun, Palestina) eta Mahmud Abu Haxax (Fuwwar eremua, Galileatik gertu, Palestina)

2) Abu Hawwax eta Abu Loz

3) Xeikh, Ghabarijeh eta Mohammed

Gaurko poemak pedeefe orlegian jaso:

32 palestina 4

Izan funtsa eta aurki arte!

>derSchmähschriftFürDenKulturwiderstand<
[web::zuzeu.com [blog::andreasetagudrun.wordpress.com [twitter::@andreas_gudrun [e-posta::andreasetagudrun@gmail.com [zureAuzokoHarategian [samizdatElebiduna [2012ko ekaina, Gaza (Walhalla- Boliwarianska Republika Walhalli)

Darwix2000 + Xalax2008 + Gudrun Ensslin &Andreas Baader

Baxir Xalax (1978 Galilea, Palestina)

Zatoz itzalera konta diezazudan gurutziltzatuaren eskuko hiltzearen istorioa, hiltzaileen begiak oroitarazten dituen koholezko espatula. Zatoz erakuts diezazudan nola bihurtzen zaren zure zeure etxea eta bere presozaina, eta nola egunkariek eta emakume ederrek ematen dizuten eternitatearen ilusioa. Zatoz izan zaitezen eternitatearen siestaren lekuko digitalaren xarmaren peko hondakinen pitzaduretan. Ikusteko telebistako albistegietako profetak

beren dorre eraikietan.

Zatoz hautsa nola metatzen den ikustera

jainkoaren zolen gainean.

 

Nahwan Darwix (1978 Jerusalem, Palestina)

Azken atean ari zen deika, 2000.

AMESGAIZTOEN AUTOBUSA

 

Nire izebak plastikozko poltsa beltzetan sartzen ikusi ditut

poltsen izkinetan odol beroa biltzen zen

(baina ez dauka izebarik)

banekien Nataxa hila zutela, nire hiru urteko alaba

(baina ez daukat alabarik)

esan didate nire andrea bortxatu zutela bere gorputza

[eskaileretatik behera bota eta karrikan utzi aurretik

(baina ez nago ezkonduta)

ziur naiz nireak direla haien boten pean hautsi dituztenak

(baina ez daramat betaurrekorik)

………………………………………….

………………………………………….

Nire gurasoen etxean lo egiten nuen eta maitearen etxearekin

egiten nuen amets. Jaikitzean

nire nebak ikusi ditut

urkatuta

Berpizkundearen elizako teilatutik.

Gupidagatik, Jainkoak esaten zuen: nire neure mina da.

Argitzailearen harrokeria jasotzen nuen eta nioen: geurea da bereziki!

………………………………………….

………………………………………….

Minak argia ematen du eta nire amesgaiztoak baino gertukoagoa egiten zait.

………………………………………….

………………………………………….

Ez dut iparraldera alde egingo

o Jainko

ez nazazu konta babesleku bila dabiltzanak zenbatzean.

 

–beranduago jarraituko dugu kontaketa horiekin–

 

Orain lotara joan behar naiz:

ez dut berandu heldu nahi Sabra eta Xatilara doan amesgaiztoen autobusera…

MARIA

Azken garaiotan, nire ama Jesusen irakurketengatik pasioz betea dago. Bere ohearen aldamenean pilatu ditu liburuak (nire liburutegitik hartzen ditu sarri): eleberriak, eskuliburuak, aitortza liburuak eta elkarri kalapita egiten dioten autoreenak. Batzuetan bere gela ondotik igarotzen naiz, orduan haien ondoan eser nadin diost.

(Duela gutxi Kamal Salibi1 historiagilea lagundu nuen harri katoliko batek bere kopeta joa zuelako!).

Jesusen bilaketan serioa denez, beti huts egin izan diot andre horri: ez nintzen martiri izan lehenengo intifadan, ezta bigarrenean, ezta hirugarrenean

gure artean, ez naiz behin ere izango etorkizuneko intifada bateko

martiri

eta ez naiz hilko zikoina-bonba baten leherketan!

………………………………………….

………………………………………….

Andreak irakurtzen du eta bere irudimen ortodoxoan orrialdero gurutziltzatzen nau

eta nik ez dut ezer ere egiten liburuak eta iltzeak eramateaz gain!

EKIN

 

«Ekin» – hala hasten da nire eguna

edonon kokatutako kamerek molestatzen naute

kameralaria segika dut komunean ere

eta beti entzuten dut: «ekin».

 

Jainkoa zinema zuzendari handia da

–errealitatea sortu du–

beraren ostean, ez dago eleberri moldeko film luzeak

egin nahi dituzten zinema zuzendari txikien inolako beharrik.

 

GIZA LUMAK

 

Ez du inork ulertzen nola bihurtu diren oilo kaiolak hotel

ezta nola hasi naizen kaiolen aurka borrokatzen eta

[aireportuak bere aho handian sartu eta irentsi dituenen bila

agian nik irentsi ditut teilatu, ohe eta gela itxurako

[oilo kaiolen aurka borrokatzeko.

Kaiola desertuak non giza lumak eta jantzien arrastoak topa ditzakegun

inork ez du ulertzen oilo kaiolak nola bihurtu ote diren lan eremu

[eta inoiz ere gelditzen ez diren trenak… nola bihurtu dira kolonia.

………………………………………….

………………………………………….

Ez duzu oilo bakar baten traza topatu oilo kaioletan,

gure lumak topatu dituzu.

1(F.i.o.)Konfesio ortodoxoa duen historiagile libanoarra.

Andreas Bernd Baader (1943ko maiatzaren 6a) Alemaniako ezker muturreko Armada Gorriaren Fakzioaren (R.A.F.) sortzaileetakoa da, astia duenean margotzen du. UMPS Angiolillo PamphletistInen zelulako kide da. ||| Gudrun Ensslin (1940ko abuztuaren 15a) Alemaniako ezker muturreko Armada Gorriaren Fakzioaren (R.A.F.) sortzaileetakoa da. Hegelen ondorengoa da, biolina jotzen du idazteaz gainera. UMPS Angiolillo PamphletistInen zelulako kide da. ||| [zuzeu.com [g.ensslin&a.baader-blog [@andreas_gudrun-twitter [andreasetagudrun@gmail.com [zureAuzokoHorman [samizdatElebiduna