“Espainiako Gobernuak akats larria egingo luke Eskoziako erreferendumaren eragina gutxietsiko balu”


Alex Salmond SNPko buruzagia 2007 urtean Eskoziako lehen ministro izendatu zutenetik, independentziaren bideari irmo heldu diote eskoziarrek. Berandu baino lehen, 2014 urteko udazkenean ziurrenik, independentziaren galdera luzatuko dio Eskoziako Gobernuak gizarteari. Eta, Euskal Herritik begiratuta deigarriena zera da: Erresuma Batuak erreferenduma ontzat hartu du eta erabakia onartuko duela adierazi. Europaren bihotzean, XXI. mendean, nazio batek estatu izateko erabaki demokratikoa har dezake eta orain bere jabe den estatuak hori baimendu.

Euskal Herrian interes biziz ikusten da Eskoziako egoera politikoaren bilakaera, esaterako, horren erakusgarri dotorea da Gazta Zati Bat dokumental bikaina. Euskaldunen itxaropena, ordea, espainiarren larritasuna bilakatu da. Gaur gaurkoz jada zabaldu da informazioa zentzu horretan, alegia, Espainiak ez lukeela onartuko Eskozia Europako Batasunean. Argi gorriak piztuta daude Moncloan. Olatu eskoziarrak zezen-larrua hondoratu ez dezan, Espainiak labean ditu estrategiak. Laster ikusiko dira martxan.

“Une historiko larria”

FAES Fundazio kontserbadoreak – Jose Maria Aznar da presidentea- 2012ko ekainean argitaratutako txostenean Eskozia du hizpide. “Independentziari buruzko erreferenduma Eskozian” izenburu lehorra buru duela, Alberto Dorrego de Carlos abokatu eta PPren gobernuko kide ohiak gaiari buruzko azterketa egin du. Ikuspuntu kontserbadore batetik, jakina, analisi zorrotza gauzatu du abokatuak. Euskal Herritik begira, interesgarria da 35 orrialdeko txostena irakurtzea. Jakingarria da ez bakarrik Eskoziako erreferendumaren gaiaren erradiografia egiten duelako, baizik eta Espainiak “une historiko larrian” hartu dezakeen jarrera erakutsi eta estatuaren ahultasunak agerian uzten dituelako.

“Eskoziako independentzia erreferenduma izugarrizko garrantzi politikoa duen gertakizuna da eta asmaezinak diren ondorioak izan ditzake Europako nazioengan“, dio egileak hirugarren parrafoan, “Eskozia ez da urrutiko herrialde bat edo iragan inperial loriatsu baten arrastoa den kolonia galdu bat”.

Eskoziako erreferendumaren eragina aintzat hartu aurretik garbi uzten du Erresuma Batuak galdeketaren aurrean statement ofizial baten bidez adierazitakoa: “Erresuma Batuaren barruan Eskoziak duen etorkizuna eskoziarrek bozkatu behar dute”. Espainiak zeharkako gai batez galdetzeari berari uko egin dionean -Eusko Legebiltzarrak eskatuta 2008ko urriaren 25ean egitekoa zena- Erresuma Batuaren jarrera “kontinentetik begiratuta harrigarria” dela dio txostenak. “Erresuma Batuak egindako adierazpena ez da eraiki oinarri historiko edo judizial zabalen gainean, edo aldarrikapen konstituzionaletan, baizik eta printzipio demokratikoaren onarpen erraz, zuzen eta berehalakoan”, dio agiriak.

Erresuma Batuaren jarreraz 

“Kontrakoa pentsatu badaiteke ere Erresuma Batuak bere batasuna mantentzea nahi du”, azaltzen du egileak Let them go? atalean (Alde egiten utzi?). Ingalaterrako hautesleriak Espainian “autodeterminazio eskubidea” deiturikoa berez onartu egin duela uste du Dorregok. Britainiarren jarrera hori “fenomeno politikoak tratatzeko duen modu bitxiaren” ondorio dela uste du egileak, alegia, “arazoei era pragmatikoan” egiten dietela aurre Erresuma Batuan, “irtenbide posibilistak” emanaz.

Dorregok “iritzi pertsonal” gisa dio Erresuma Batuaren batasunari eusteari ez dietela uko egin ingelesek, baina “uste dute estrategia onena ez dela erreferenduma debekatzea. Estrategia horrek eskoziar abertzaleen indarra handituko luke eta egoera atzeraezina bilakatu”. Alberto Dorrego abokatuak onartu du Erresuma Batuaren jarrera ez-oztopatzaileak (nahiz eta baldintzak jarri nahi) arrakasta izan dezakeela. Izan ere, eskuhartzea gutxitzeak ez lituzke independentistak hauspotuko, aukera horren garaipena eragotziz. Egungo egoeran, Eskozia estatu izatearen aldekoak, Dorregoren datuen arabera, %20-30 besterik ez dira. Printzipio demokratikoari hesiak jartzeak independentista gehiago izateko arriskua izango luke, egilearen arabera.

Dorregok, ordea, ez du ondorioztatu Espainiak Kataluniako Estatutua eta EAEko estatutu eta galdeketa proposamena atzera botatzeak jarrera independentista areagotu duenik. Ez da gainera inondik inora ageri Erresuma Batuaren eredua jarraitzea, alegia, “independentziak herritarren egunerokoan izango lituzkeen ondorio praktikoak” azaltzea; ondorio ezkorrak, jakina, modu horretan independentismoa ahultzeko asmoz. FAES Fundazioaren txostenak guztiz kontrakoa proposatzen du, arazoen irtenbide pragmatikoetatik urrun, eta Espainiaren jardun historiko hertsitzaileari eutsiz.

Europako Batasunean estrategia irmoa

Orain arte Eskoziako Gobernuak eta Erresuma Batuko alderdiek hartutako jarrera ikusirik, erreferenduma egin egingo dela emantzat jotzen du FAES Fundazioaren txosteneko idatziak; “ia atzeraezina da”. Gertaera politiko horren eraginak Espainian ere sumatzen ari direla onartzen du egileak: “etengabekoak dira Euskal Herrian eta Katalunian komunikabideek gaiari buruz idatzitakoak edo prozesu eskoziarraren aldeko adierazpenak”. Galdeketaren eguna ( the Day of Destiny) heldu ahala, 2014ko udazkenean nahi du Alex Salmond lehen ministroak, gaiaren inguruko “zalaparta politikoa” areagotu egingo dela iragartzen du Alberto Dorregok.

Behin egoearen oinarrizko analisia eginda, Espainiako Gobernuari oharra bidali dio Dorregok FAES Fundazioaren beraren aldizkaritik: “Espainiako Gobernuak eta indar politiko konstituzionalistek akats larria egingo lukete erreferendum eskoziarraren eraginari kasurik egin ez edo gutxietsiko balute“. Halere, Espainiako Gobernua “une historiko larriaz kontziente” dela uste du egileak. 

Behin onartuta Euskal Herrian eta Katalunian eragin nabarmena izango duela Eskoziako prozesuak, Espainiak hartu beharreko jarrera iradokitzen du txostenean: “Batez ere Europako Batasuneko instituzioetan eta Erresuma Batuarekin harremanetan estrategia irmoa hartu beharko da”. Gomendioak horrela segitzen du: “Nire ustez Espainiako Gobernuaren jarreraren ardatza kanpo harremanetan, alor bilateralean, baina batez ere, Europako Batasuneko instituzioetan oinarritu beharko da (…). Europako burokrazia ez da horrelako prozesuen aurka izaten eta ziurrenik ez du gehiegi lagunduko. Horregatik, erabakigarria izango da Europako Estatu handien irmotasun politikoa“.


Kazetaria. Ezagutu, ulertu, kontatu. @inakilarra