Labar-artea teknika berrien argitara, Elhuyar aldizkarian

Labar-artea Goi Paleolitoan garatu zen; zehazki, orain dela 10.000 eta 40.000 urte inguruan. Adibide aipagarrienen artean daude Altamira (Kantabria), Lascaux eta Chauvet (Frantzia) eta Ekain eta Santimamiñe (Euskal Herria). Leku batzuetan labar-artea aire zabalean aurkitu bada ere, aipatutako lekuetan haitzulo-barruetan dago.

Labar-artearen ikerketan eragin handia izaten ari dira aurrerapen tekniko eta metodologikoak. Haiei esker, arkeologoek gero eta hobeto ezagutzen dute adierazpen-mota hori, eta, horren ondorioz, orain arte nagusitu den ikuspegia aldatzen ari da. Dena den, oraindik badituzte erantzunik gabeko galderak; tartean, hau: zer funtzio zuten irudi haiek?

Elhuyar Zientzia eta Teknologia aldizkariaren uztail-abuztuko zenbakian gai nagusia eskaini diogu labar-arteari. Hori dela eta, labar-artearen ikerketan izan diren aurrerapen teknikoez eta haren interpretazioan izan den paradigma-aldaketaz hitz egin dugu Diego Garate eta Joseba Rios EHUko arkeologoekin.

Gai nagusia labar-artea izanagatik, erreportaje hauek ere aurkituko dituzu Elhuyar aldizkariaren uztail-abuztuko zenbakian: Londres 2012rako pasaportea biologikoa da. Dopinaren aurkako neurriak aldatzen ari dira. Kirol batzuetan ez dira bakarrik substantzia debekatuak bilatzen; horrez gain, kirolariaren parametro fisiologiko batzuei jarraipena egiten ere hasi zaie. Londresko joko olinpikoen atarian, pasaporte biologikoaz ari gara; Analisia: Dopinaren aurkako borroka eta joko olinpikoak, Iñaki Arratibel kirol-medikuaren eskutik; Webaren etorkizunerako joerak. Apirilean izan zen Lyonen WWW2012 kongresua. Elhuyar Fundazioko I+G+B saileko Igor Leturia bertan izan zen, eta han ikusi eta entzundakoak jaso ditu uztaileko “Mundu digitala” atalean: webaren gaur egungo nondik norakoak eta erronkak, eta etorkizuneko joerak; Atal bestigialak, eboluzioaren hondarrak. Hautespen naturalak pixkanaka ezabatu egiten ditu erabilgarriak edo baliagarriak ez diren ezaugarri batzuk. Desagertze-bide horretan, ordea, ez dira beti erabat deuseztatzen atalak eta funtzioak, eta bestigial deritzegun ezaugarri bihurtzen dira; Dortokak? Hemen? Gure ibai eta hezeguneetan apoarmatuak bizi dira. Zoritxarrez, gaur egun, kanpoko espezieetakoak dira ugarienak eta hedatuen daudenak, eta bertako espezieak, berriz, mehatxupean daude. Gai hau oinarri hartuta, Leire Paz eta Xabier Buenetxea biologoak aritu dira gai librean; azkenik, Herschel anai-arrebak, musikatik izarretara.

Elhuyar aldizkaria dagoeneko salgai dago liburu-denda nagusietan eta www.elhuyar.org webgunean.

Elhuyar 1972an jaio zen zientzia eta euskara uztartzeko asmoz. Elhuyarrek Kultur Elkarte bezala egin zituen lehen urratsak eta 2002an Fundazio bihurtu zen. Ordutik, Elhuyar Fundazioak etengabe dihardu lanean zientzia eta teknologia gizarteratzeko eta euskararen garapena bultzatzeko. Elhuyar Fundazioa irabazi asmorik gabeko erakundea da eta hainbat diru-iturriri esker dirau lanean: bazkideen ekarpenak, diru-laguntza publikoak eta Elhuyarrek ekoizten dituen produktuetatik lortutako mozkina. Elhuyarren xedea hauxe da: Euskara zientzian, teknologian eta gizartean sendotzen eta harentzako arlo berriak eraikitzen egiten dugu lan, euskal komunitate aktiboa eta kritikoa helburu.