Googleren Doodle guztiak

Doodle

Egunero, Google bilatzailearen hasierako orriak irudi –estatiko, mugikor edota interaktibo—desberdin bat eskaintzen digu bere logoa oinarri hartuta. “Doodleak” dira. Baina irudi eder horiek guztiak ez dira ausaz aukeratzen, guztiek ospatzen dute zer edo zer. Batzuk berehala identifikatzen ditugu, mundu mailako ospakizun bereziak direlako; baina beste asko, zeharo ezezagunak zaizkigu.

Doodle bilduma guzti-guztia sarean dago http://www.google.com/doodles/ helbidean, garai bateko kromo edo pegatina album baten gisara. 1000 baino gehiago daude! Argitaratze data, herria eta doodleak ospatzen duen irudiaren azalpenarekin batera ageri dira. Orduak eman ditzakezu bilduma ederra errepasatzen, edota doodle interaktibo entretenigarriekin behin eta berriz jolas egiten.

Lehen doodlea 1998koa da, Googleren sortzaileak logoaren itxurarekin jolas egiten hasi zirenean, jaialdi baterako konfirmazio gutunean. Gero, pixkanaka, ekitaldi berezietarako doodleak prestatzen hasi ziren, noizbehinka. Biana haien arrakasta ikusirik, maizago agertzen hasi ziren, mugarik gabeko sormen erakustaldi bikainean.

Doodleak Googleko taldeak osatzen eta aukeratzen ditu, baina erabiltzaileen proposamenak ere onartzen dituzte (proposals@google.com). 2010ean Donostiako danborrada protagonista bihurtu zen eta mundu osoko ordenagailuetan ikusi ahal izan zen irudia. Aurten Bilboko Udalak Marijaia proposatu du, baina azkenean, ez dute aintzat haratu eskaria.