Jantzi berriarekin, XV. denboraldiari ekingo dio asteburuan Teknopolis saioak ETBn

Teknopolis saioaren aurkezpena ostegun honetan izan da, urriaren 4an, Mondragon Unibertsitateko Goi Eskola Politeknikoan. Han izan dira Vicente Atxa, Mondragon Unibertsitateko Goi Eskola Politeknikoko zuzendari nagusia; Pello Sarasola, ETBko Edukien zuzendaria; Maria Gil, Elhuyarreko Zientziaren Komunikazioa saileko arduraduna, eta Oihana Jauregi, programaren aurkezlea. Aurkezpen-ekitaldiaren amaieran, bisita gidatu bat egin da Goi Eskola Pliteknikoko DBZ (Diseinu Berrikuntza Zentroa) eraikinetik.

Teknopolis saioaren XV. ekitaldia abian jarriko da asteburu honetan Euskal Telebistan. Teknopolis jantzi berriarekin dator kurtso honetan eta gainera kalera aterako da, hau da, erreportajeen aurkezpen guztiak, Miramoneko platoen erosotasunetik kanpo egingo dira, freskura eta dinamismo bila. Zientzia eta teknologia gaiekin lotutako erreportajeak izango dira programaren oinarria. Monografikoak ere egingo dira urtean zehar, eta, monografiko izan barik, programa berean gai batekin erlazionatutako istorioak ere kontatuko dira. Irudi berriaz gain, bestelako berrikuntzak ere badira denboraldi honetako Teknopolisen. Horietako bat, argazki-lehiaketa da. Argazkizaleek zientziarekin eta teknologiaren zerikusia duten argazkiak bidali beharko dituzte Teknopolisen webgune berrira, http://teknopolis.elhuyar.org helbidera. Hilero tableta bat emango zaio epaimahaiak onenentzat jotzen duen argazkiaren egileari. On Zientzia bideo amateurren lehiaketa ere Teknopolisen bideratuko da. Programa berritzearekin batera, webgunea ere berritu da eta sare sozialetan eragiteko asmoa du lan-taldeak.

Lan-taldeari dagokionez, berriz, ez da aldaketarik: zuzendari Beñardo Kortabarria, aurkezle Oihana Jauregi, errealizazioa Pello Aranbururen esku, eta erredakzio-taldean Alaitz Ochoa de Eribe, Iñaki Leturia, Inma Alvarez, Bego Zubia eta Nagore Rementeria erredaktoreak.

Saioaren babesleak hauek izango dira edizio honetan: Mondragon Unibersitatea; Euskal Herriko Unibertsitatea; Nafarroako Unibertsitate Publikoa, CIC bioGUNE, CIC biomaGUNE, CIC nanoGUNE, CIC energiGUNE, CIC tourGUNE, CIC microGUNE, CIC marGUNE; EVE; Eusko Jaurlaritzako Hezkuntza, Unibertsitate eta Ikerketa saila, Ikerbasque eta Eusko Jaurlaritzako Industria, Berrikuntza, Merkataritza eta Turismo Saila.

Teknopolis ETBn emango da astero, larunbatean ETB-1en 15:00etan, eta errepikapena astelehenetan Goenkaleren ostean; eta ETB-2n asteazkenetan gaueko 12ak aldera, eta errepikapena, igandeetan goizeko 8:45ean. Sarean ere ikus daiteke, EITB nahieran gunean eta http://teknopolis.elhuyar.org helbidean.

Elhuyar 1972an jaio zen zientzia eta euskara uztartzeko asmoz. Elhuyarrek Kultur Elkarte bezala egin zituen lehen urratsak eta 2002an Fundazio bihurtu zen. Ordutik, Elhuyar Fundazioak etengabe dihardu lanean zientzia eta teknologia gizarteratzeko eta euskararen garapena bultzatzeko. Elhuyar Fundazioa irabazi asmorik gabeko erakundea da eta hainbat diru-iturriri esker dirau lanean: bazkideen ekarpenak, diru-laguntza publikoak eta Elhuyarrek ekoizten dituen produktuetatik lortutako mozkina. Elhuyarren xedea hauxe da: Euskara zientzian, teknologian eta gizartean sendotzen eta harentzako arlo berriak eraikitzen egiten dugu lan, euskal komunitate aktiboa eta kritikoa helburu.