#U21 hauteskunde azterketarako tresnak (II): hauteskunde errolda

Bederatzi hauteskundeak aintzat hartuta (lehenengo grafikoa) abstentzioa %33,1ekoa da batez beste; abstentzio handiena 1994an eman zen %40,3 batekin eta txikiena 2001ean %21 batekin. Esparru abertzaleari begiratuz, hauteskunde guztietan batez beste botoen %38,7 jasotzen duela ikus daiteke. Portzentaje handiena 1986an eskuratu zuen botoen %46,7 jasota eta txikiena, aldiz, 1994an botoen %32,8 batekin. Esparru nazionalista espainolari begiratzen badiogu, bederatzi hauteskunde horietan batez beste botoen %23,2 eskuratu du. Emaitza onena 2001ean erdietsi zuen, orduan hautesleen %31,9ak egin zuen haren alde eta, emaitza eskasena berriz 1980an jaso zuen botoen %16,2 batekin. Azkenik, esparru federalista 1994an sartu zen Eusko Legebiltzarrean, batez beste %3,8k egin dute aukera horren alde azkeneko bost deialdietan; 1994an jaso zuen boto gehien (%5,3) eta gutxien 2009an (%2,0).

1. grafikoa: hauteskunde erroldako portzentajeak erabilita botoaren eta abstentzioaren garapen historikoa


Esparru abertzalea eta nazionalista espainolaren artean hauteskundeetan dagoen distantzia gero eta txikiagoa da (2. grafikoa). Bederatzi hauteskundeetan %15,5ekoa da batez beste dagoen distantzia, jasotako botoak (ehunekotan) aintzat hartuta. Lehenengo bi deialdietan distantzia antzekoa da, hain zuzen, %21-22 ingurukoa. Lehen deialdian, berritasunak eraginda, abstentzioa oso handia izan zela ikus daiteke. Bigarren hauteskundeetan, ordea, partaidetzak gora egin zuen. Baina 1986koa da datu adierazgarriena. Urte horretan, EAJ barneko hausturaren ostean, hauteskunde horietan lehian ziren alderdi abertzaleek beren tokiak eta jarrerak zehaztu zituzten (EAJ, HB, EA eta EE); hori dela eta, zerrenda abertzaleen arteko konpetentzia bultzatuta partaidetza handiko ziklo bat abiatu zen eta, espero zitekeen moduan, esparru horretan inoiz lortutako emaitza onena egon zen eta, era berean, ordukoa da lehian diren bi esparruen artean dagoen distantziarik handiena (%25,9). 1990. urtean estatuko alderdiek distantzia murrizten hasi ziren esparru nazionalistarekiko eta 2009ko hauteskundeetan ere joera hori nabaritu da.

2. grafikoa: Abertzale eta espainiar nazionalisten arteko distantzia hauteskunde erroldako ehunekotan

1990eko hauteskundeetan abstentzioa oso handia izan zen eta, horri esker, esparru abertzaleak ez zuen beherakada nabarmenik izan, gero, 1994ko hauteskunde autonomikoetan eta 1995eko foru-hauteskundeetan kolpe handia hartu zuen. Azken bi hauteskunde horiek inflexio puntutzat har daitezke, izan ere, dagoeneko esparru abertzaleak ez zituen esparru nazionalista espainolaren botoak bikoizten. Arrazoiak asko izan badaitezke ere, horietako bat Euskadiko Ezkerra alderdi nazionalista modura desagertu izana da.

1998ko hauteskundeetan EH (ezker abertzalea) eta PP izan ziren etekin handiena atera zuten indarrak. Orokorrean, espainiar nazionalisten igoera inoizko handiena izan zen. Dena den, orduko horretan euskal nazionalismoak ere gora egin zuen, partaidetza igo den aldiro gertatu den moduan; hori dela eta, bere atzeratze erlatiboaren erritmoa moteldu egin zen nabarmen. Mantsotze hori are handiagoa izan zen 2001ean. Deialdi hartan arerioen politikak goia jo zuen boterea lortzeko borrokan, horregatik Eusko Legebiltzarrerako hauteskundeetan izandako partaidetza handiena egon zen. 2005an partaidetza baretu eta esparru abertzalearen eta nazionalista espainolaren artean gero eta distantzia txikiagoa zegoela berretsi zen. Azkenik, 2009an boto abertzalearen eta nazionalista espainolaren arteko distantzia murriztu egin zen berriz ere (%6,2 nazionalisten alde).

Laburbilduz, deialdi bakoitzaren arabera, pentsa daiteke abstenitutakoen artean gehiago edo gutxiago izan daitezkeela abertzaleak edo nazionalista espainolak, portaerak nabarmen aldatzen direlako momentuaren arabera. 80. Hamarkadan abstentzioa espainiar nazionalisten artean zegoen zabalduagoa eta 90. Hamarkadan abertzaleen artean barreiatzen hasi zen ere bai. Horregatik, 2001eko hauteskundeek erakutsi ziguten parte hartze oso altuko une batetan bi sektoreek izango dutela hazkunde handia bototan, kontu da tamaina horietara iritsi ezean (%79), bi sektoreetako batek joera abstentzionistagoa izan dezakeela beste baino. Azkeneko urteetan, espainiar nazionalismoak pizgarri asko izan ditu bere hautesleria mobilizatzeko, batez ere abertzaletasunari garaitzeko ametsa salduz, baina oraingo honetan, kontrakoa gertatu daiteke: Espainia marka eta bere alderdi-sistema krisi larri batean dago; espainiar ekonomia EHkoaren alboan askoz okerrago dago; eta garaipen abertzalea argi dago. Egoera honen aurren, alderdi nazionalista espainolek Kataluniako aldarrikapen independentista atera dute paseatzera beraien hautesleria mobilizatu asmoz, lortuko ote dute?