Prentsa zaleentzako hiru ezinbesteko aplikazio

2012-11-05 @ 00:29 Iñaki Larrañaga

Egunkari irakurle asegaitza zara? Interneten han hemenka zabiltza zer interesgarri aurkitu? Hala bada, ez galdu Android eta iOS sistemetarako hiru aplikazio ezinbesteko hauek. 

Prentsa idatzia bai, baina egunkaritik haratago ere bai. Internet eta prentsa bikoteaz ari garenean, informazio eta iritzia eskaintzen duten eduki multimediez ari gara. Jatorria da gutxienekoa. Hiru aplikazio hauek tablet eta sakeleko azkarretarako diseinatuta daude. Hirurak dira doakoak, hirurak ezinbestekoak.

Oharra: Iragarki bideoak horixe dira, iragarkiak. Aplikazioak are hobeak dira

1. Pocket (Android eta iOS)

Twitterren artikulu eder bat aurkitu duzu, baina ez daukazu momentuan irakurtzeko denborarik, edo gogorik. Zer egin? Ahaztu nabigatzaileko barrako esteka hotzak. Pocket “beranduago irakurri” motako aplikazio bikaina da. Ordenagailuko nabigatzailetik, sakelekotik edo tabletetik gordetzen dituzu artikuluak eta nahi duzunean berreskuratzen dituzu. Pocketek gordetakoak itxura erakargarridun puzzlearekin erakutsiko dizkizu. Pocketek webguneetako parrafoak egokitzen ditu irakurtzeko erosoak izan daitezen. Azken finean, zuk bidaltzen dizkiozun albisteak xurgatzen ditu eta interesatzen zaizuna bakarrik uzten du: irudiak/audioa/bideoa eta testua. Horri esker, batetik nabigazioa azkartzen dizu, eta, bestetik, edukiak offline irakurtzea ahalbidetzen dizu. Must have!

2. Flipboard (Android sakelekoak eta iOS)

Dotorea. Ikusgarria. Bakarra. Paperezko egunkari baten esperientzia ukikorra eta informazio pertsonalizatua. Etorkizuneko aldizkaria askorentzat. Orriak pasatzea irudikatzen du Flipboard-ek efektu grafiko txundigarri baten bidez. Zuk nahi dituzun hedabideetako edo zure sare sozialetako edukiak jasotzen ditu eta modu bisual eta irakurterrazean erakusten dizkizu. Twitterrekin erabateko integrazioa du. Horrek esan nahi du, aplikaziotik atera gabe irakurri, iruzkindu, retuiteatu… denetik egin dezakezula. Denbora baduzu zer irakurri eta zer ez erabakitzeko, ireki Flipboard eta gozatu esperientziaz.

3. Extra! Portadas de Periódicos (Android)

Egunkarien azalei gainbegiratua ematea gustuko duzu? Titular nagusiak eta azaleko argazkiak ikustea? Ez duzu gunez-gune ibili nahi? La Razon-en portadak morboa ematen dizu?  Hau da zure aplikazioa. Espainiako estatuko egunkarien azalak, goizero freskatuta. Gogokoen zerrenda aukeratu dezakezu beti azal berberak ikusteko eta munduko mapan kokatuta ere ikus ditzakezu berri-paperak. Izan ere, nazioarteko egunkarien azalak ere badituzte, Le Monde, The Guardian edo Clarin, esaterako. Hutsunerik? Iparraldeko egunkaririk ez dago.

Hauek ezinbestekoak dira, ene ustez, baina akaso izango dira zuentzako prentsa, zentzu zabalean, irakurtzeko aplikazio are hobeak. Elkarbanatu onenak guztiokin!

 

RSS

Iruzkinak (Iruzkinik ez)

Idatzi hemen zure iruzkina

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude