Estrategia politikoa… ala komunikatiboa da behar duguna?

Barkatuko didazu probokatu egin bazaitut baina hori izan da nire helburua irakurle. Azken hilabeteetan buruan bueltaka dabilkidan galdera da tituluan planteatu dudana. Eztabaida sutsuen metxa ere izan da.

cc: Gotzon Elizburu

Hain justu, duela zenbait hilabete komunikazioan aditua den eta herrigintzaren bueltan dabilen pertsona batekin luze eta zabal jardun genuen gai hau oinarri hartuta, huntaz eta hartaz. Eta bai, daitort, hiru ordu pasako irakaspen harek gertakariak analizatzeko beste ikuspuntu bat eman dit. Beste era batean ikusten ditut gauzak ordutik. Ziurtasun osoz esan diezazuket, blog hau egun hartan sortutako egonezinengatik sortu dudala besteak beste.

Izan ere, ez da tontakeria planteatu dudan gaia eta nahiz eta txoko honen helburua gai hau pixkanaka prisma ezberdinetatik lantzea den, eztabaidarako oinarri bat jarri nahi nuke. Harira beraz.

  1. Komunikazioa informatzea baino askoz gehiago da. Pertsonak pertsuaditzeko tresna da komunikazioa. Sentimenduetan eraginez eragiteko tresna. Komunikazioa jendartearen azterketarako teknologia da eta teknologia hori marketing izeneko diziplinak eskaintzen digu. Marketingak soziologiaren eta psikologiaren irakaspenak bereganatzen ditu eragin nahi duen subjektua nolakoa den, zer nahi duen, ze interes dituen aztertzeko eta hauetan  modu eraginkorrean nola eragin diseinatzeko gakoak eskaintzen ditu.
  2. Komunikazioa irabazteko tresna da: edozein subjektuk estrategia insurrekzionala baztertzen duen unetik modu bakarra dauka bere proiektua gauzatzeko: herritarren kofidantza irabazi eta konbentzitzea. Horretarako dugun tresna da komunikazioa. Eta herritarren posizioak aldatu eta gureganatzeko estrategia komunikatiboa behar da. Hare gehiago, komunikazio estrategia egokia izatea borrokak hasi aurretik irabazteko modua da.
  3. Komunikazioa beraz, zuzendaritza (erabaki gune nagusia eremuz eremu: taldea, mahaia…)kontua da. Estrategiak nola planteatzen ditugu normalean? Helburu politikoak lortzeko estrategia politiko bat finkatzen dugu eta ondoren pentsatzen dugu nola “salduko” dugun hori. Baina baldin eta komunikazioa bada irabazteko dugun tresna, estrategia komunikatiboa da diseinatu behar duguna gure helburu politikoak lortzeko. Komunikazioa ez da soilik azala, estrategiaren zurtoina da. Estrategia diseinatzea zuzendaritzaren zeregina da esan bezala eta ez arduradun soil baten marroia. (Zentzu horretan ezinbestekoa deritzot militante edo kide bakoitza komunikazio subjektuak garela ohartzea, baina gai hau sakonago jorratuko dut hurrengoan.
  4. Estrategia diseinatu ostean (eta ez lehenago) pentsatuko dugu estrategia garatzeko tresnarik eraginkorrenak zein diren (borroka moldeak barne).

 

Badakit hemen planteatu dudan dikotomia hau behardaba errealitatean lausoagoa dela. Gakoa zera dela uste dut: gure praktika politikoak mezua bere baitan daramala jabetzea eta beraz hori estrategikoki planteatzea, honela kontrolatuko baitugu herritarrei guk nahi dugun mezua eraginkortasunez iristen zaiela, zarata ebitatuz.

Bide batez, hemen uzten dizut ideia hauek eta beste mordo bat garatzen dituen hitzaldi biziki interesgarri bat. Euskalgintzaz ari da Joseba Kamio, baina gazte mugimenduarentzako berdin berdin balio lezake. Gozatu.

Jatorrizko artikulua Topatu.info webgunean.

ZuZeuko erredakzioko kazetariak eta editoreak gara.

3 pentsamendu “Estrategia politikoa… ala komunikatiboa da behar duguna?”-ri buruz

  • Laura Mintegik esana : “vivimos en democracia”.
    Batzuk azkenean sinistu dute.

    • Ño!, Iñaki, Lebowski Handiak lagunari esan zion bezala, honek ez dauka zerikusirik Vietmanekin!

  • Aupa!
    Polita deritzot aditz trinko berriak erabiltzeko saioari, baina behar bezala erabili beharko ditugu, ezta? Hor goian “badaitort” bat hobeto doake.

    Ondo izan.